31 JUIL. 2016 IRITZIA Nork nori JOKIN URAIN Batzuetan jarduten gara esanez politikariek, gureek eta besteenek, hizlari gisa maila handirik ez dutela: gauza bat esan beharrean bestea esan, aditzak ere katrapilatu… Ez dutela, alegia, gehiegi xaramelatzen berriketa. Baina esango nuke guk uste baino gutxiago okertzen direla euren intentzioetatik; are gehiago, mezuen eta aditzaren erabileran maisuak direla iruditzen zait. Azkenaldian egunik huts egin gabe ari dira euskal agintari gorenak ezker abertzaleari, presoei eta ingurukoei eskatu eta eskatu egindako minaren errekonozimendua, barkamena eta gisakoak. Errepikaren errepikaz, otoitzaren antza ere hartu du diskurtso horrek; beharbada horrexegatik errepikatzen dute beti berdin, fededunaren aitagurea balitz bezala, zuzen, konfunditu gabe. Eta leziagarria da ikustea besteei ardurak eta erantzukizunak eskatzen ari diren ordezkari politiko eta instituzionalek zein ezaxola, zelako dotorezia zinikoarekin ostentzen dituzten eurenak. Zer komeni zaigun, ederki asmatzen baititugu aditz formak ere, eta dotore sartzen dugu geure burua euretan, edo saihestu egiten ditugu, zirkin egin. Deserosoa izaten baita batzuetan geure burua segun zeren egileen edo eragileen artean kateatzea aditz ziztrin batekin. Badira hilabete batzuk, joan den otsailean Donostiako Kursaaleko ekitaldi batean izan zen, oker ez banabil. Polizien gehiegikeriak jasan dituztenei errekonozimendu ekitaldia. Euskal instituzioetako ordezkariak bertan, politikoak, justiziakoak… eta Iñigo Urkullu hizlari: «Etorkizunera begiratzen dugu, biktimei begiratzen diegu: errekonozitu nahi dizuegu, ahalik argien, eragin dizueten minaren injustizia. Zuekin gaude». Haiek zuei egin dizueten minaren injustizia alegia. Lehen pertsona, nola singularra hala plurala, ezagutzen du Urkullu jaunak, eta badaki ugari erabiltzen, azpimarratuz bezala ere erabili ohi du, baina kasu honetan ez zuen erabili. Agian esan nahi du berak ordezkatzen duen instituzio horren esku dagoen poliziak egindako mina justua izan dela, justiziazkoa. Edo polizia horrek ez duela minik eragin, eta kito. Edo polizia horrek egin edo eragin duenagatik inork ez lukeela minduta sentitu behar. Edo polizia horrek eragindakoagatik minduta sentitzen dena ez dela inor. Eta Lakuako Bake eta Elkarbizitzarako idazkari orokor Jonan Fernandezek oraintsu adierazi du Iñigo Cabacasen kasua ere Udal Erretratuetan sartzea erabaki dutela, familia eta gertukoek behargabeko irain sentimendurik izan ez dezaten. Ikasle bizkorra atera da morroia. Nik baino begi zorrotzagoa du Jonek gramatika kontuetan ere; zer irizten ote dio oroimen gozo eta mikatzen leku hartatik? Zer komeni zaigun, ederki asmatzen baititugu aditz formak ere, eta dotore sartzen dugu geure burua euretan, edo saihestu egiten ditugu, zirkin egin