7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Epaileak


Erruduna edo errugabea, dena delakoari kaltea eragiteko dira kartzelak. Ez zait iruditzen espetxeak gizarteari mesede egiten dionik edo jendetza birgizarteratzen duenik. Batzuk konbentzituko dira, espetxea ezagutu eta bertan bizitzera behartuta denboraldia pasa ahala, ez dutela berriro horretara jaustera arriskatu nahi, ez dutela berriz errepikatuko lehengoa, ez dutelako espetxearen mehatxua –are gutxiago espetxea bera– berriz jasan nahi. Badira kasuak kartzelako egonaldian benetan eraldatu direnak, kartzelara garraiatu zituen abelera zinez okerra zela sinistera iritsi eta, beraz, lehenaz beste egin dutenak. Badira beste batzuk, kartzelan jasan dutena gogorra izan arren, hurrengoan argiago ibiliko direla eta ez dituztela atzemango pentsatuz jarraitu dutenak lehenean. Badira kartzelaren itzalaren gainetik euren konbentzimendua dutenak. Eta badira ezeren hobenik gabe egon direnak espetxean, labur edo luze. Atxilotu eta hilabeteetara edo urteetara epaituta libre geratu diren hainbat esate baterako.

Badira bertan egundo egon ez arren espetxearekin lotura estua dutenak ere, epaileak alegia, eta ez du ematen hurkoa ezeren errurik gabe atxilo edukitzeren damurik dutenik, edo egiten duten kaltea axola zaienik. «Libre utzi zaitugu eta pozik egon zaitezke» esaten diote, nolabait adieraztearren, espetxean egon ondoren absolbituta kaleratu denari. Epaile kargua duenak ez du erantzukizunik, errugabea denboraldirako espetxera bidalita ere. Behin eta berriz egin dezake kaltea. Epaileak ez daki, seguru asko, zer lekutan eta zelako baldintzetan bizi behar duen espetxeratuak, eta axola ere ez zaio batere axola beharbada. Ez du ematen behintzat.

Irailaren hamabian zen ateratzekoa Xabier Aranburu Xomorro, baina paperen bat falta ei zen, edo sinadura, epailearena edo fiskalarena. Hogeita bost urte zeramatzan preso, eta pentsatuko zuten egun bat gehiago egotea ez zitzaiola hain latza izango.

Horrelako erabakiak hartzen dituztenek dute gizarteratze premia beste inoren aurretik; kargu horietara iristeko behar diren ikasketak hasi eta bukatu arte espetxean edukitzea ondo letorkie beharbada, jendea zein lekutara bidaliko duten jakin dezaten gutxienez.

Bere hutsunea sumatuko zenuten hor, ezta, Joanes? Guk hemen genuena betetzera etorri da, eta besoak zabalik hartu dugu.