16 OCT. 2016 IRITZIA Harategia, amildegia GALDER PEREZ Bilboko sarrera nagusietako batean gazte beltz batek dirua eskatzen die hirira sartzen diren gidariei. Athleticen kamiseta eta txapela jantzita daramanez, auto dotore handi berrien jabe diren gizonezko bilbaino harro askok, «qué salao el negrito» pentsatuta, txanponen bat emango diote. Lehoi arrek irabazi badute, zalantza barik, badoaz leihotik kanpora irribarrea eta txanpona. Bai, oraindik ere bilbotarrok bilbaino askok egindakoekin harritu egiten gara. Ez, baina, halako eguneroko sinpletasunaren gertaera xelebreekin, epopeia izugarria diren politika eta tendentziekin baizik. Bilbaok bazter guztietako txokorik ederrena beharrean, salgarriena izan nahi du aspalditik. Dena salgai. Badakigu artea ere antzina bihurtu zuela negozio. Duela gutxi, ortozik dabiltzan margolarien koadroak erakusten ez dituen titaniozko museoak Francis Baconen eta berarengan eragina izan zuten beste artisten erakusketa ireki du. Irlandar margolariak esaten zuen bere lanetan ez dagoela lore ederrik, ezta eszena bukolikorik ere. Horren ordez, ikaratzeko moduko haragi zatikatu odoleztatua agertzea nahiago zuela. Hara, bada, Bilbok kontrakoa egiten du: lorategia erakutsi, okela kiratsa ezkutatzeko. Bankari, negoziante eta turista artalde masiboei irekitzen zaizkie hiri ospetsuaren ateak. Harresiaren beste aldean geratzen dira hiritartasuna eta bizikidetza, herritarrentzat berdintasunezko modernitate bat eta beharra duten etorkinei duintasunez eta eskuzabaltasunez hiribilduaren atea zabaltzeko giltza. Haragi ustel artean lurperatuta dagoen giltza inoren eskutan balego, beste korrokoi batek egingo luke errekan igeri. Marroi eta beltz tonalitate guztiak ezkutatzen dituen alegiazko Ibaizabal korrokoien erreboltaren zain bizi da oraindik. Aurreskuen eta ama birjinaren adoratzaileen Bilbo izaten jarraitzen duelako honek. Gure umetako abenturen lekuko ziren Zazpikaleak ergelkeriak saltzen dituzten multinazionalek konkistatu dituztelako. Eta guk, gizajook, titanio eta portzelanazko loreontziak erraz hausten zirela uste genuen. Oinez ibiltzen ez dakien hiria da Bilbo, lasterka baitoa etengabe, abiadura handiko trenak bezala. Bizikletaz ere nekez, argazki preziatuetan agertzeko ez bada, prefosta! Halakoetan, hiritarrok Muskildiko behiak rally kotxeak pasatzean bezala begira geratzen gara. Kaleko txirulariak, manifestariek lez, baimena eskatu behar du Bilboko karriketan musika jotzeko. Iruriko ardia sinetsi ezinik dago. Urdeari kontatu dio. Etengabe loditzen goxo bizi den Uhalteko txerria eta Bilboko inguruotan are gizenago diren bi hankatako gorbatadunak bateraezinak dira. Azken horiek jaten gaituzte gu, etenik gabe. Marroi eta beltz tonalitate guztiak ezkutatzen dituen alegiazko Ibaizabal korrokoien erreboltaren zain bizi da oraindik. Aurreskuen eta ama birjinaren adoratzaileen Bilbo izaten jarraitzen baitu honek. Gure umetako abenturen lekuko ziren Zazpikaleak ergelkeriak saltzen dituzten multinazionalek konkistatu dituztelako.