7K - zazpika astekaria
estanpak

«Melancholia»


Jesus Maria Corman Zarauzko Photomuseumen da, “Melancholia” erakusketarekin. Viktoriar eta Eduardotar garaiko goi-klaseko ingelesen erretratuek sortzen zioten liluratik sortu zen proiektuaren muina. «Ezaugarri jakin batzuk zituen irudi-bilduma bat besterik ez zen izan, baina berehala sentitu nuen pinturaren bidez imajinetan eskua sartzeko tentazioa. Helburua bildumazale hutsarena baino ez zen, baina, era berean, obsesiboa ere bazen: duela mende bateko begirada aztoragarria duen erretratu batetik abiatuta, beste erretratu bat sortzea zen xedea», dio sortzaileak. «Viktoriar argazki hauek gordetzen zituzten istorioetako batzuk ezagutzeak iraganaren eta orainaren artean ezarri nahi nituen zubiak eraikitzen lagundu zidan, eta obra txiki hauen izaera hondagarria bikoiztu zuen». Erakusketa, hori da funtsean, iraganaren eta orainaren arteko begiraden gurutzaketa.