05 JAN. 2025 ARKITEKTURA Paisaiaren arkitektura Bordeleko egoitza multzo batean egindako EKKO proiektuak egungo etxebizitza beharrei erantzun nahi die, klima eta larrialdi ekologikoak kontuan hartuta. Duncan Lewis-ek sortua, lorategia hobetzen du, eta ez bakarrik zementua, argi naturala, airea..., prezioak orekatzen ditu. Garai batean industria pabiloiez eta kuartel militarrez beteta zegoen Bordeleko toki hau berritzen ari da oraindik, hiri eredu atseginago baten bila. (Proiektua: Scape ArchitectureIrudiak: Duncan Lewis) Garazi Aranguren Itsusiak eta amaitu gabeko gauzak», horrela definitzen du Duncan Lewisek, umore eskoziarrez, bere arkitektura. Arkitekto zirikatzaile eta ezohiko honek natura eredu gisa erabiltzen zuen bere hastapenetatik. Gizakiaren eta inguratzen gaituen naturaren arteko harremanaren onurez aspalditik ohartuta, bere proiektuetan bi kontzeptu hauek elkar toparazten ditu, eta interbentzio txikietatik hasi eta promozio handietaraino aplikatzea bilatu. Natura eredu eta mentore gisa hartuta eta William McDonoughen hitzetan inspiratuta, «oxigenoa sortu, nitrogenoa finkatu, karbonoa isolatu, ura destilatu, lurra indartu, eguzki energia erabili, janaria ekoitzi eta mikroklimak sortzen dituen zuhaitz baten antzera funtzionatzen duen arkitektura» da proiektu honen ortzimuga. Gaurkoan dakarkidan EKKO proiektuaren oinarriak ulertzeko, arkitekto honen iraganeko lanetara bidaiatu behar dugu lehenik. “Cité Manifest” etxebizitza sozialen proiektu promozionatu bat izan zen, 2005ean Mulhouse hirian gauzatu zena. Hauen helburua, eraikuntza kostuak igo gabe, azalera eta kalitate espazial hobea eskaintzen zuten 61 etxebizitza unitate esperimental sortzea zen. Duncanen bulegoa (Scape Architecture), BLOCK eta Hervé Potin-ekin taldekatuta, hauetako 12 bizitegi diseinatzeko deitua izan zen, eta beraien proposamenerako auzune bereko XX. mende hasierako bizilagunen etxeak aztertu zituzten. Guztietan lorategiak etxean barneratu eta nork bere erara jartzeko joera ikusi zuten, eta, honi helduta, proposamena kaiola batean txertatutako bete eta hutsen konbinazio bat izan zen. Kaiola honetako zati beteak etxebizitza izateko itxiak zeudenak lirateke, eta hutsak, aldiz, etorkizunean erabiliak eta inbadituak izateko, lorategi eta terraza izateko egitura soil moduan uzten ziren. Hogei urte ondoren “huts” hauek lorategi hostotsuak bihurtu dira, hurrengo galderara garamatzatenak: gaurko testuinguruan, ingurumenaz gero eta kontzienteago garen honetan, posible al da esperimentazio hau sustatzaileek bultzatutako sektore pribatura eramatea? Lewisek hau posible dela frogatu du, betiere tokiko autoritateak zure alde badaude. Horrela, Bordelera bidaiatu dugu, ibaiaz bestalde aurkitzen den Bastide-Niel auzunera. Iraganean pabiloi industrialez eta kuartel militarrez beteta egon den espazio hau 2010etik eraberritzeko prozesuan hasita dago, intentsitatea igoko zaion baina intimitatea mantenduko duen hiri eredu bat bilatzen duena. Eraberritzearen plangintza orokorrean, MVRDV bulegoak diseinatua, besteak beste partzela bakoitzaren nahitaezko bolumena arautzen zen, baita erabili beharreko kanpo materialak ere. Auzo berrian egin beharreko arkitekturaren adibide moduan erabil zedin, MVRDV bulegoak berak altxatu zuen lehenengo eraikuntza, hirigintza departamenduko goi karguen egonezina ekarri zuena. Auzoak har zezakeen itxura berriaz kezkatuta, beren esku zegoen estrategia bat ibili zuten: arkitektura lehiaketa baten deialdia sortu zuten, parte hartzera bi bulego bakarrik gonbidatuz: MVRDV eta SCAPE. Lewisek, bere lehiakideen lagun mina zenak, baina honek hirigintza planean zehaztutako arau zurrunegiekin ados ez zegoenak, partidako legeak ulertu, beste modu batera interpretatu eta proposamen berezi hau aurkeztu zuen. Eraikinaren luzera eta altuera guztia hartzen dituen hiru dimentsiotako lorategi partekatu bat sortzen du, Lisboako “Estufa Fria”-n inspiratutako itxitura batez inguratua. Modu honetan derrigorrezko bolumena betetzen da, baina aldi berean etxe guztiei lorategira ematen duen fatxada eta terrazak izatea eskaintzen zaie. Korridore natural honen bidez aire garbia, argi naturala, denboraren igarotzea eta plazerez betetako sentsazio ezberdinak bizitzeko espazio bat sortzen du, barne eta kanpoaren arteko muga ezabatzea bilatzen duena eta eguneko espazioen luzapen bihurtzen dena. EKKO proiektuak egungo larrialdi klimatiko eta ekologikoari erantzutea bilatzen du, baita bizitegi behar sozialei ere, bide horretan trebezia handiz premien, legeen eta kostuen arteko oreka bat topatuz. Bordelera bidaiatu dugu, ibaiaz bestalde aurkitzen den Bastide-Niel auzora. Iraganean pabiloi industrialez eta kuartel militarrez beteta egon den espazio hau 2010etik eraberritzeko prozesuan hasita dago, intentsitatea igoko zaion baina intimitatea mantenduko duen hiri eredu bat bilatzen duena.