7K - zazpika astekaria
KIROLA

Lan metabolikoa vs jarduera ziklikoak

(Getty)

Orokorrean lan metabolikoaren inguruan hitz egiten dugunean gehienetan “kardio” hitza erabiltzen dugun arren, bizikleta, korrika, gimnasioetako eliptika edota igeriketa eta antzeko jarduerak etortzen zaizkigu burura. Jarduera horiek guztiak jarduera ziklikoak dira; horien dinamikari esker denbora luzez mantentzeko gaitasuna eskaintzen dute, eta, hori dela eta, “kardio” egiten ari garela esaten dugu. Hori ez dago ukatzerik, baina uka dezakeguna da hori dela “kardio” egiteko era bakarra.

Beste entrenamendu sistema batzuei esker, badugu aukera gaitasun kardiobaskularra hobetzeko hauei bakarrik erreparatu gabe, hala nola EMOM, AMRAP, HIIT, Tabata, For Time… Entrenamendu metodologia hauek intentsitate altuan lan egitea dute oinarri, eta bereziki lan metaboliko intentsoak exijitzen dituzten kirol edota jarduerak entrenatzeko oso baliagarriak dira (ez hainbeste intentsitate baxuko iraupen luzeko esfortzuak eskatzen dituztenak).

EMOM metodologia, (Every Minute On a Minute) minutu bakoitzean helburu bat jartzean datza, helburu hori betetzeko minutu osoa izanik. Behin helburua beteta, minutura arte sobran dagoen denbora atsedena izango da eta, helburua betetzen ez bada, zuzenean ondorengo minutuko helburuarekin jarraitzen da, atsedenik gabe.

AMRAP metodologian (As Many Round/Reps As Possible) helburua da aurretik definitutako denbora tarte batean ariketa bateko edota ariketa ezberdinen ahalik eta errepikapen edo serie gehienak egitea. For Time metodologia helburu jakin bat ahalik eta denbora laburrenean burutzean datza.

HIIT metodologia, (High Intensity Interval Training) intentsitate altuko serie oso motzak egitean datza, lan denbora eta atseden denbora konbinazio guztiak sartzen direlarik. Ezagunena Tabata dela esango genuke; 20 segundoz jarduera ahalik eta intentsitate altuenean egiten da eta 10 segundoko atsedena egiten da, era jarraian 4 minutuko seriea burutu arte.

Laburbilduz, edozein jarduera zikliko kirola bera lantzeko eta iraupen luzeko saioak egiteko aukera ezin hobea da, baina aurretik azaldutako beste metodologia hauek, indar ariketekin egiten baditugu, intentsitate altuko esfortzuak entrenatzeko irtenbide egokiak dira.