7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Abestiez


S. apurgarria,

Urria da, kolore mudantzan dabiltza plazako zuhaixkak, gabonetarako zenbat falta den galdetu dizu seme gazteenak, Teslarik sutan ikusi gabe jarraitzen duzu, uda aurretik baino jende gehiago biltzen zarete Palestinaren aldeko kontzentrazioan, bakarrik sentitzen zara batzuetan, pudorea gailentzen zaizu galtzaileekin lerratzeagatik garaile sentitzean, urte amaierara bitarteko asteburu guztiak okupatuta dauzkala aipatu dizu I.k, beldur zara, zure aroa amaitu dela aurpegiratzen dizu zintzur hondoko ahots batek, ez dakizu non ezkutatuko zaren argiak itzaltzen direnean baina, ezinbestean, Candela Sierraren “Lo sabes aunque no te lo he dicho” komikia topatu nahi zenuke bertan.

Oraingoan ere ez zara esaldi bakarreko zutaberik idaztera ausartu, ez duzu etxeko obrak emandako epea baino beranduago amaituko direla asumitu nahi, hitzezko leiho eta berogailuak saltzen dituzu zuk ere, poz eramaile izan nahi zenuke bozeramaile baino gehiago. Irati Majueloren “Hiria gure oinetan” saiakera apuntatu duzu irakurri beharrekoen zerrendan, amore ez emateko modu bat iruditu zaizu neguko berokia janzteari uko egitea, zure gihar bakoitzaren jabe sentitzeko asmoz irten zara lasterka, hauteskunde giroa sumatu duzu sorterrian eta, ezinbestean, udako azken jaiak ez direla udakoak konturatu zara bat-batean.

Garai konplexuei soluzio sinplistak egozteko faxismoaren trebeziaz mintzo dira irrati tertulian eta, aldi berean, oso oinarrizko auziak sumatzen dituzu albistegietan: gosea, lurra, hizkuntza, hezkuntza, memoria, osasuna... Askatuko al zenituzke korapilo horiek zure baitako politika orokorreko eztabaidan? Zenbateko autogobernua daukazu? Zer dio zure oposizioak? Nola desglosatuko zenuke zure barne produktu gordina? Norenganakoa da zure poliziaren indarkeria? Itxiko al zenuke itunik zurekin?

Ez daukazu erantzun beharrik. Ez da gutxi itaunekin bizitzea onartzea bera. Galdera bakarra erantzuteko sortzen garela entzun zenion behiala lagun-min bati. Arrapostuekin tematzeko ordez, zure galdera aurkitzen ahalegindu zaitezke, agian. Zure aroa amaitu dela aurpegiratzen dizun zintzur hondoko ahotsari erantzuteko modua litzateke, argiak itzaltzen direnean non ezkutatuko zaren erabakitzeko manera. Plazako zuhaixkak nola, kolorez mudatuko bazina? Inor ez da beti abesti berean bizi.