7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Stuart Hall etxean da


Oraindik ez dakizu, baina jakin gabe ere, ezagutzen duzu Stuart Hall. Ezagutzen dituzu, noski, Angela Davis eta Judith Butler eta Nancy Fraser eta McKenzie Wark. Euskarara ekarri dira den-denak azken urteetan. Bada, guzti-guztiek elkarrizketatzen dira Hallekin eta guztien pentsamenduaren oinarrizko akuiluetako bat izan da Hallen lana. Ez hori bakarrik. Badira urteak eztabaidatzen ari garela materialismoaz, eta klase zapalkuntzaz, eta zapalkuntza arrazialaz, eta dekolonialitateaz, eta feminismoaz, eta inperialismoaz, eta kulturak eduki behar duen eta daukan lekuaz. Bada, Stuart Hallek liburu honetan zehar erakusten digu zer den Karl Marx eta Antonio Gramsciren irakurketa benetan arretatsuak egitea. Gure pentsamendua eraikitzeko darabilgun nazioarteko ezker pentsamendu erradikalaren azpiko korrontearen katebegi garrantzitsua da Hallen lana. Oraindik ez dakizu, baina jakin gabe ere, ezagutu nahi duzu Stuart Hall». Beharra sortu digu hitzaurretik bertatik Ibai Atutxa Ordeñanak (Galdakao, 1984) “Kultura, aurkakotasuna eta boterea” (Katakrak, 2025) irakurtzeko. Eta ez da gutiagorako. Hark hautatutako eta euskaratutako Hallen sei testu politikok osatzen dute artikulu bilduma hau. Thatcherismoaren goraldian idatzi zituen pentsalari jamaikarrak. Ezberdintasunak ezberdintasun, ez da zaila lotzen orduko egoera politikoa eta egungoa, eta hortik datorkio, hain zuzen, ezinbertzeko tresna teoriko militante honi bere pertinentzia guzia. Ez da antologia neutroa, borrokarako tresna bat nahi du izan.

Ideologia kapitalista eta neoliberalaren zabalkundea, kontrol soziala eta egiturazko zapalkuntzak, arrazismoa eta bere erreprodukzioa, diskurtso eta komunikazio politikoaren funtsa eta erabilera… Hallek jomugan ditu gaur egun kezkatzen gaituzten ardatz berdinak, zehaztasun akademikoz baina unibertsitatearen autoerreprodukzio joeratik erabat kanpo aztertzen dituenak. Izan ere, bertze batzuekin batera sortu zuen Hallek cultural studies, “kultur ikasketak”, deritzen diziplinarteko ikerketak, eta gure ingurua aztertu eta azaltzeko metodo honen nondik norakoak ematen dizkigu polito. Ez dugu aurkituko, ordea, azalpen absoluturik, gizartea errotik aldatuko duen edabe magikorik. Bai, aldiz, klase arazoetara gerturatzeko modu bat, aire bat, joera bat. Eta hori da, ezbairik gabe, Hallengandik jaso dezakegun irakasgai nagusia. McKenzie Warkek hitzostean adierazi bezala, «metodoak, izan ere, probatu, berrikusi eta, are, alboratu egin behar dira. Teoriak izan ere, tresnak dira, besterik ez. Ez dira magia. Gure garaian, non hainbat filosofia ex-marxistarekiko fede mistikoa goratzen ari den, Hallen pragmatismoa onuragarria zaigu oraindik».