19 OCT. 2025 IRITZIA Zaindu edo zaindu Amagoia Mujika Goizeko laurak eta laurdenean sukaldeko mahaian imajinatzen zaitut, pijametan. Goiko aldea eta behekoa ez dira pijama berarenak. Ezin duzu lorik egin, eta katilukada bat esne bero hartzen ari zara. Madalenatxo bat jan edo ez zalantzan zaude, bezperan beratzen jarri dituzun babarrun zuriei begira. Mugikorraren pantailan salto egin dizu albisteak: «Oprahri eskainitako elkarrizketa batean Michelle Obamak azaldu du egunero 4.30ean jaikitzen dela entrenatzeko. ‘Nire alabek beren burua zaintzen duen ama bat ikustea nahi dut, nahiz eta horrek gimnasioan goiz ibiltzea esan nahi duen’, aitortu du. Bere errutinak korrika egiteko zinta saioak barne hartzen ditu, pisuekin egindako indar lanarekin konbinatuta. ‘Korrika egiteko zinta egin eta pisuak egiten ditut’, esan du. Azkenean, agenda estua izan arren, aktibo egon zaitezkeela ziurtatzeko modu bat da». 61 urteko emakumearen argazkiari begira geratu zara, madalena eskuan -bai, azkenean madalena esnearekin-. ‘Ze ondo dagoen tipa hau’, pentsatu duzu ahots gora. Zuk ere tarteka kirol pixka bat egiten duzu. Baina ez daukazu Michelle Obamaren antzik. Zu eta zure inguruko emakumeak izerditu eta gorritu egiten zarete kirola egitean, sabelean bizitza pilatu zaizue eta madalenak besoen azpialdean. Alabak erakutsi dizu argazkitan nola ezkutatu kokotsaren azpiko zera hori. Nahiko ondo asmatzen duzu, baina Michellen distira horretatik oso urruti. ‘Esnatu berritan hauek ere gu bezalakoak izango dira, edo zatarragoak’, pentsatu duzu berriz altuan. Dagoeneko amore eman duzu. Gaur ere ez duzu lo ordu gehiago biltzea lortuko. Onena babarrunak martxan jartzea izango da. Azkenaldian kezkatuta nago, handik eta hemendik datozen mezuek ikaratu egiten naute. «Zu ez bazaude Michelle Obama bezain lirain eta ez bazara bera bezain arrakastatsua, zerbait gaizki egin duzulako da. Errua zurea da». Osasuntsua omen da goizeko 4.30ean kirola egitea; izugarri onuragarria omen da egunero kolagenoa hartzea; proteinadun jogurtak ere apartak. Zaindu, zaindu, zaindu... Zaintza erdigunean, zaintzak zeharkatzen gaitu. Bai, noski, baina beldur naiz batzuek gaizki ulertu ote duten. Helmuga ez da norbere burua obsesiboki zaindu eta munduari harro hori kontatzea. Denok ondo zainduak izango garen sistema bat jostea da erronka. Oraingoz, nire burua zaintzea da astegun buruzuri batean lagun batekin bi trago hartzea; mendi bueltaxka bat egitea eta txorizo egosi bat jatea noizean behin. Eta gauetan ahalik lasaien lo egiten saiatzea. Azkenaldian kezkatuta nago, handik eta hemendik datozen mezuek ikaratu egiten naute. «Zu ez bazaude Michelle Obama bezain lirain eta ez bazara bera bezain arrakastatsua, zerbait gaizki egin duzulako da. Errua zurea da»