7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Etxeaz


S. apurgarria,

Azaroa da, ordua aldatu dute eta atzo ere ez zinen hilerrian izan. Azaroa da, ordua aldatu dute eta gaur ere zurekin daramatzazu zure hildakoak. Gaututako arratsaldetan gaztainak erosten hasiko zara laster, sorbaldak uzkurtuko dizkizu hotzak, behe lainotan entzungo dituzu zure mamuen hotsak eta, ezinbestean, Halloween eta Gau Beltzaren arteko hibridoa ispilatuko dizu mirailak. Txerriei ez zaizkie sanmartinak gustatzen. Eskerrak gabonetako argiak berehala piztuko dituzten. Zer da aurrerapena, eguberriak azaroan ospatzea ez bada? Ez dakit minak eramaten zaituen ironiara ala ez zauritzeko babesten zaren bertan.

Bihar beteko dituzu hamar urte oraingo etxean bizitzen. Ez dakit minak eramaten zaituen etxera ala ez zauritzeko babesten zaren bertan. Amorruz negar egin duzu, sena arindu dizu plazerak, itzuli zara ohera, gauak igaro dituzu lanparak itzaltzen ez zituzten bizilagunen zelatan, jaio zaizkizu umeak, zuzenean kontatu dizkizute gerrak, balkoirik ez zeneukala jabetu zinen pandemian, badakizu aitona-amonak ez zaizkizula jada bisitan etorriko, ez dakizu besaulkian irakurtzen duzun zenbatgarren liburua den Eider Rodriguezen “Dena zulo bera zen”, eta baliteke dena zulo bera zelako hondoratzea zu ere.

Bihar hamar urte beteko dituzu oraingo etxean bizitzen. Ikusi dituzu hutsik zeuden inguruko orubeak eraikitzen, bebarruak apartamentu turistiko bihurtzen, alde zaharrak espulsatutakoak arnasa hartzen, alokairuek itotakoak exiliatzen, fruta dendak itxi eta labanderia automatikoak zabaltzen, funtsak etxejabetu eta funtsa etxegabetzen... Inozoa zinateke, etxez aldatu ez arren, ez zarela mudatu sinetsiko bazenu.

Bihar hamar urte beteko dituzu oraingo etxean bizitzen. Ikasi duzu, kalean ez, etxean gertatzen direla eraso matxista gehienak, karrikara ateratzeko indarrik ezin bilduta esnatzen dela jendea, batzuentzat lubakia ziega dela besteentzat, mudantzen araberako memoria garatzen duela behin-behinekotasunak, amaitu direla etxe izenak nortasunaren koordenatuak ziren sasoiak, ez dela besteen etxeetan sartu behar, kamerak jartzen dituenari askatasuna ostu diotela.

Azaroa da, ordua aldatu dute eta bihar hamar urte beteko dituzu oraingo etxean bizitzen. Danele Sarriugarteren “Beste zerbait” leitu behar zenuke, zer habitatzen eta zerekin espekulatzen duzun hausnartu. Zuk ere utzi dituzu hilotzak bidean.