30 NOV. 2025 Izaskun Ellakuriaga, Azoka hauspotu zuen emakume ekintzailea Izaskun Ellakuriagak utzitako arrastoa sakona da. Durangoko Azokari eta Bizkaia Irratiari bere indar guztiak eskaini zizkien. Langile amorratu gisa gogoratzen dute gertutik ezagutu zutenek. Ekintzailea, eskuzabala eta alaia. Landako gunean aurtengo inaugurazio ekitaldian gogoan izango dute iurretar kazetaria Gerediaga Elkarteko kideek. (Aritz Loiola | FOKU) Xole Aramendi Izaskun Ellakuriaga Bustintza (1972-2025) izango du gogoan Gerediaga Elkarteak Azokaren inaugurazio ekitaldian. Hainbeste urtean Gerediaga Elkartearen eta Durangoko Azokaren komunikazio arduraduna izan denaren heriotza kolpe latza izan da. Handia, haren galera. Iazko uztailaren 16an hil zen. Minbizi bortitz batek eraman zuen, berak gaixotasunaren berria jaso eta pare bat astera. Azokako eta Gerediagako ardurak Bizkaia Irratiko esatari lanarekin uztartu zituen urteetan Ellakuriagak. “Anboto” aldizkarian, berriz, erredaktore eta zuzendari lanak bete zituen 1994 eta 2003 urteen artean. “Euskaldunon Egunkarian” hasi zuen kazetari ibilbidea. Bertsolaritza maite zuen. Bertsozale Elkartean aritu zen eta 2009. urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren antolakuntzan parte hartu zuen komunikazio arduradun lanean. “Bertsolari” aldizkarian ere idatzi zuen. Euskararen eta ikastolen mugimenduan ere murgildu zen; 2005ean Ibilaldiaren antolakuntzan, esaterako. 1998 eta 2001. urteen artean Mikel Laboarekin agertokietara igo zen “Kiromantzidxa” (Lekeitio 10) errezitatzera. 1998an Donostiako belodromoan egin zen GARA egunkariaren aurkezpenean parte hartu zuen Ellakuriagak. Izaskun Ellakuriaga Durangoko Azokaren aurkezpen batean. (Durangoko Azoka) EZIN SINETSI Oraindik ia sinetsi ezinda aurkitu ditugu Beñat Gaztelurrutia, Alfre Elgezabal eta Marijo Deogracias. Gerediaga Elkartearen kudeatzailea eta Azokaren zuzendaria da lehena; kazetaria eta Bizkaia Irratiko “Goizeko izarretan” saioan lankide izana, bigarrena; eta, Ellakuriagarekin batera, Lekukom komunikazio agentziaren sortzailea, hirugarrena. Hirurek azpimarratu dute Ellakuriagaren lanerako gaitasuna. «Uste dut bere bokazioari emanda bizi zela. Lan bolumen handia hartzen zuen bere gain», esan du Gaztelurrutiak. «Konbentzimenduz eta pasioz lan egin duen kazetaria izan da Izaskun. Eta hori kazetaritzan ez da beti gertatzen. Proiektu batean aldamenean horrelako pertsona bat edukitzea luxua da eta ez dut uste berriz gertatuko zaidanik», azpimarratu du Elgezabalek. Eta bere eskuzabaltasuna. «Norberak hartzen du lan handiagoa beste bati arintzeko. Hori ere bada lankideak zaintzeko modua», esan du Gaztelurrutiak. «Emakume inplikatua zen, balioak zeuzkana. Lagunen oso laguna eta beti laguntzeko prest lanean zein lanetik kanpo», kontatu du Elgezabalek. «Ez zuen pentsatzen proiektu batek eskatuko zion esfortzuan, denboran edo etekinik aterako zion. Sartu egiten zen», kontatu du Deograciasek. Emakume ekintzailea zen iurretarra. Honetan ere bat datoz hirurak. «Etorkizuneko lan ildoak erakundeak erabakitzen ditu, baina gero gauzatzen ez bada, ez du balio, ezta? Izaskunek horixe egiten zuen. Ni Gerediagara etorri nintzenean eta lan elkarrizketa egin zidatenean esan nien: ‘Hemen ja badaukazue zuzendari bat’. Beragatik esan nuen, bileran ere bertan zen. ‘Ni ekintza pertsona naiz, nik proiektua aurrera aterako dut’, erantzun zuen Izaskunek», gogoratu du Gaztelurrutiak. Beti bigarren planoan. «Fokua ez zitzaion gustatzen eta fokuzaleak ere ez. Oso zaila da bera agertzen den argazkirik topatzea. Askotan ezkutatu egiten zen», adierazi du Gaztelurrutiak. «Berak esaten zuen proiektuen parte sentitzen zela eta nik esango nuke Izaskun ezinbestekoa izan dela Durangoko Azoka eta Bizkaia Irratia bezalako bi proiektu estrategiko aurrera eramateko orduan. Itzelezko lana egin du. Langile porrokatua eta fina, beti bere lan eskumenetatik harago gehiago emateko prest eta besteei laguntzeko prest zegoen. Lankideen artean hau nabarmendu izan dugu beti. Baina sekula ez zaio gustatu lehen lerroan egotea. Isileko lana egin izan du, beti albo batean jarrita», adierazi du Elgezabalek. Azokari makina bat ordu eskaini zizkion iurretar kazetariak, Euskal Herri osoko hedabideoi eta bisitariei harrera eginez. (Aritz Loiola | FOKU) «Arima librea»; hala definitu du Gaztelurrutiak. «Oso bidaiazalea zen. Eszedentzia pare bat hartuak zituen bidaiatzeko. Ingelesa ikastera joan zen Zeelanda Berrira eta gero Australiara. Bertan lan egin eta dirua gastatutakoan etorri; horixe zen bere plana. Bakarrik ibiltzeko inolako erreparorik ez zuen. Aucklanden eta gero Zeelanda Berrian zehar baserri batzuetan lanean, ostatuaren truke. Borondatezko lanak ere egin zituen bertako proiektuak ezagutzeko. Benetan murgiltzen zen bidaietan eta nazioarteko lagunak egin zituen. Hona itzuli zenean inguruko mendietan egindako irteeren berri ematen zien sare sozialen bidez, Euskal Herria ezagut zezaten», kontatu dute Ellakuriaga gertutik ezagutu zuten hiru kideek. «EUSKALTZALE SUTSUA ETA ABERTZALE HANDIA» Durangon, Gerediaga Elkartearen egoitzan hartu gaitu Beñat Gaztelurrutiak (Abadiño, 1976). «Izaskun euskaltzale sutsua zen eta abertzale handia zen», nabarmendu du. Galtzak bete lan dute abenduaren 5etik 8ra egingo den Azoka antolatzen. Ez da erraza Ellakuriagak utzitako hutsunea betetzea. «Oso azkar joan zen dena eta guri nahastu egiten zaizkigu alor profesionala eta alor emozionala. Paradoxikoa da, alderdi emozionalean nahi duzu hutsune hori egon dadin ahalik eta denbora gehienean, joandako pertsonak bete duenaren araberakoa, baina, ostera, alderdi profesionalean hutsunea bete egin behar duzu lana aurrera ateratzeko. Tokatu den sasoiagatik nik uste dut ez dugula astirik izan egoeraz maila emozionalean jabetzeko. Aurrera egiten ari gara Azoka eder bat prestatu nahian, Izaskunek erdi antolatuta utzi zuena. Eta gero, Azokaren ostean, etorriko da etorri behar duena», aitortu du. Ume zirela ezagutu zuten elkar Ellakuriagak eta Gaztelurrutiak, bertsolaritzaren sokak lotuta. «Jon Lopategiren eskolakoak ginen eta Durangaldeko Bertsolari Eskolakoak ere bai, Santi Belar ‘Begi’ irakasle genuela. Lopategik antolatzen zuen Bizkaiko bertsolari gazteen Kanpantxukada udaleku famatua, guretzat hala zen, eta bertan ezagutu nuen Izaskun. Harrezkero estimu handia nion», kontatu du. «‘Eraz’ aldizkarian -ondoren ‘Anboto’-k hartu zion lekukoa- aritu zen Izaskun kazetari lanetan eta Euskara Elkartearen inguruan ibili ginen biok. Ondo ezagutu genuen elkar. Beranduago bat egin genuen Gerediaga Elkartean; bera bazebilen ni heldu aurretik. Eta zelan diren kontuak, ni kudeatzaile gisa lanean hasteko deia berak egin zidan. Uste dut Durangoko Azokako prentsa ardura hartzeko misioarekin heldu zela Gerediagara. Elkarteko prentsa arduraduna ere bazen. Bere familiako aurrekoak ere Gerediagako kideak ziren eta oso gertukoa zuen. Bertan topatu zuen bere interes batzuk asetzeko edo garatzeko tokia; eroso sentitzen zen», azaldu du. Komunikazio arloko lankideekin, Prentsa Bulegoan. Eskuinean, Beñat Gaztelurrutia. (Durangoko Azoka) BI PROIEKTU Lanaldi erdia egiten zuen Bizkaia Irratian eta beste erdia Gerediaga Elkartean. «Guk askotan esan genion horrela ezin zuela jarraitu. Izan ere, ez ziren lanaldi erdi bi, ia lanaldi oso bi ziren. Horrek erakusten du erroak zituela eta konbikzioak, eta argi zeukala zertan lan egiten ari zen. Eskaini genion lanaldi osoa, hemen zentratzeko, baina ez zuen nahi. Bera kazetaria zen. Beti berriaren atzetik ibiltzen zen eta, gainera, uste dut oreka ematen ziotela bi lanek eta batarekin bestea aberastea lortu zuela», adierazi du. Iurreta ez zeukan saltzeko. «Iurretan badago herri bizitza oso indartsu bat, badago herri gogo kementsu bat, eta bera horren parte zen. Baina aldirietan ibiltzekoa gehiago zen. Gauza askorekin kritikoa ere bazen eta horrek ere ekarri zizkion bere atsekabeak. Baina bai, iurretarra zen gauza guztien gainetik; hori horrela da», esan du Azokako zuzendariak. Alaia zen Ellakuriaga. «Atetik sartzen zenean beti zekarren istorioren bat. Itzelezko barreak egiten genituen hemen. Bizipoza ekartzen zuen bulegora». Ausarta. «Esan behar zirenak esan egiten zituen, ausarta zen. Ezezkoak ematen ere bazekien. Azoka euskal kulturgintzaren lur hartze bortitza da eta denak ez datoz hegazkin berean. Batzuk hegazkin handietan datoz, besteak txikietan... Askotan harremanak ez kaltetzeko baietz esateko joera dugu denok, ezta? Eta horretan irmo mantentzen zen tokatzen zen egoeretan», gogoratu du. «HASIERAN HARRESIA, BARRUAN ALTXORRA» Urte luzeetako harremana izan zuen Alfre Elgezabalak Izaskun Ellakuriagarekin. «15 urtetik gora izango dira. 2001ean hasi nintzen Bizkaia Irratian lanean eta bera ere buelta horretan hasiko zen. 2019tik 2025era arte elkarrekin egin izan dugu ‘Goizeko izarretan’ irratsaioa goizeko zazpietatik bederatzietara». Tokian tokiko komunikazioa ezinbestekoa dela sinetsita zegoen. «Sekulako garrantzia ematen zion auzoetan, herrietan eta eskualdean sortzen zen informazioari. Bizkaiko albisteen ondotik Bizkaiko kronika egiten genuen. Gero, zortzietako albisteen ondoren, entzuleekin lehiaketa egiten zuen. Oso parte hartzailea izaten zen. Berarentzat erronka zen eta saiatzen zen galderak, asmakizunak edo probak ahalik eta zailen ipintzen. Zorrotzarriaren fama zeukan. Tarteka erredakziora jaisten zen ‘gaur inork ez du asmatu!’ esanez. Bera oporretan zegoen bitartean guk gauzak erraz ipintzeagatik errieta egiten zigun». «Bere kazetaritza senak eta entzulearekin zuzeneko hartu-emana edukitzeko aukerak» lotzen zuen irratigintzara, Elgezabalen esanetan. «Eta ondareak, kulturak, euskarak eta memoria historikoak lotzen zuen Gerediagara. Elkartearen ardatzak dira eta oso inportanteak denak Izaskunen bizitzan». “Goizeko izarretan” irratsaioari buelta ematen ahalegindu ziren. «Bilboko estudiotik kanpora atera genuen. Karrantzatik, Bizkaia Esnea-k daukan kooperatibaren egoitzatik, Loiuko aireportutik, Algortako gasolindegi batetik, Basauriko espetxetik... egin genituen saioak», gogoratu du irribarrea ahoan. «Kazetari oso zehatza zen. Asko gustatzen zitzaion elkarrizketak ondo prestatzea; elkarrizketa oso onak egin izan ditu, eta egin beharreko galderak eginda», jarraitu du. Izaskun Ellakuriaga eta Alfre Elgezabal, Bizkaia Irratiko «Goizeko izarretan» saioan lanean. (Alfre Elgezabal) Azken unera arte lan egin zuen. «Ekainaren azkenengo egunera arte lan egin zuen eta astebeterako joan zen oporretan Kanaria irletako Fuerteventurara. Itzuleran ondoezik sentitu zen. Eta dena oso azkar joan zen. Kolpe gogorra, kristorena, izan zen bere heriotza», esan du Elgezabalek. Ellakuriagak kuttuna zuen txokoa aukeratu zuten lagun eta senitartekoek azken agurra egiteko. «Abadiñoko auzoa da Gerediaga; zabalgune bat dago eta Urkiolako mendi tontor guztiak ikusten dira. Bizkaiko Batzar Nagusiek herrialdean duten egoitzetako bat dago bertan. Asko maite zuen lekua eta irratsaio modukoa egin genuen; ekitaldi polita izan zen». Lankidea baino gehiago izan da Elgezabalentzat. «Laguna; bizipen asko partekatu ditugu. Hasierako bistadizoan harresi baten itxura ematen zuen. Eta apur bat barrutik ezagututa altxor bat topatzen zenuen». Aisialdian mendira jotzen zuen -«ez Pirinioetara, Urkiola edo Gipuzkoako mendi inguruetara baizik»- eta ahal zuen denetan, zinemara. «Izugarri gustatzen zitzaion pelikulak ikustea», gogoratu du. LEKUKOM KOMUNIKAZIO AGENTZIA Lekukom komunikazio agentzia sortu zuten elkarrekin Izaskun Ellakuriagak eta Marijo Deograciasek. «Komunikazio enpresa bat sortzea pentsatu genuen, ikusita agentzia baten beharra zegoela udalek tokiko informazioa eduki zezaten. Erakunde publikoek, kasu honetan udaletxeek, herritarrekin komunikazio zuzena izan behar zutela sinesten zuen Izaskunek, gertuko informazioa herritarrei eskura jarri behar zaiela». Bizkaia Irratian zebiltzan biak eta lanorduz kanpo lantzen zuten hango eta hemengo bezeroentzako informazioa. «Berrizko Udalarentzat buletina sortu genuen, Durangoko Ibilaldiaren aldizkaria...», gogoratu du. Azokarentzat ere hasi ziren lanean. «Jon Irazabal zen orduan zuzendaria. Izaskunek garbi zeukan komunikazio arloa antolatu eta profesionalizatu egin behar zela Azokan; ezin zela boluntarismotik eta militantismotik bakarrik egin, ordura arte bezala. Horretan tematu zen eta asko borrokatu zen horren alde», kontatu du. Euskal Herri osotik iritsitako kazetari eta gonbidatuen anfitrioi lanak bete zituen urtero Landako gunean eta gauzak txukun egin nahiak bultzatu zuen formazioan sakontzera. «Antolakuntza arloa pila bat gustatzen zitzaion eta protokolo ikasketak egin zituen, dena ondo egon zedin», azaldu du. «2006an aldatu nintzen lanez eta ordudanik beti eduki genuen elkarren berri. Oso diferenteak ginen zaletasunetan. Lanordu kargari ez begiratzeak batu gintuen; orduak sartzen genituen lanean, nahi beste», jarraitu du. Buruan iltzatuta geratu zaizkien anekdotak, dozenaka. «Beti etortzen zen Bilbon lanetik irten eta fruta-dendaren baten aurretik pasatu eta gereziak edo mandarinak ikusi zituela edo pasta kaxa bat eskuan hartuta», gogoratu du Gaztelurrutiak. «Gogoratzen dut mandarinak kiloka ekarri zituela Azokara. Kazetari guztiek zekiten mandarinak zeudela Prentsa Bulegoan», amaitu du Deograciasek. «Tokatu den sasoiagatik ez dugu astirik izan egoeraz maila emozionalean jabetzeko. Aurrera egiten ari gara Azoka eder bat prestatu nahian, berak erdi antolatuta utzi zuena. Eta gero, Azokaren ostean, etorriko da etorri behar duena»