7K - zazpika astekaria
«TXERRIAK ETA LOREAK»
Entrevue
Jon Arretxe

«Kritika soziala alboratu dut eta oso errudun sentitzen naiz»

«19 kamera» eleberrian ezagutu genuen lehen aldiz Toure profesorea, Burkina Fason jaio eta Bilboko zoko ilunenetaraino eraman gintuen pertsonaia. 2024an argitaratutako «Zenbaki gorriak» izan zen detektibearen azken abentura; hamaikagarrena. Beti originaltasun bila, pertsonaia berri bat aurkeztu du Jon Arretxek: Zuriñe Ruiz de Gordoa, Downen sindromea duen judoka ohia. «Txerriak eta loreak» da Arbizun bizi den idazlearen nobela beltz berria. Lan dibertigarri eta berezi hau txistor lapurreta batekin hasten da. Txistorren herria eta herritarrak ezagutu ditu 7K-k egilearen eskutik, hestebeteen mundura gerturatuta, nobelaren tripak deskubritzeko asmoz.

(Aitor Karasatorre | FOKU)

Originaltasuna. Horixe izan da Jon Arretxeren (Basauri, 1963) jomuga “Txerriak eta loreak” (Erein) eleberria idazterakoan. Toure detektibearen sagarekin uzta oparoa jaso du Arretxek: hamaika eleberri idatzi ditu guztira San Frantzisko auzo bilbotarreko Toure detektibe beltzaren abenturekin. “Zenbaki gorriak” (Erein, 2024) eleberriarekin agurtu zuen idazleak hainbeste urtez ondoan izan duen pertsonaia, eta ziur aski saga berri bati ateak zabalduko dizkion pertsonaia berri bat aurkeztu du urtebeteko epean: Zuriñe Ruiz de Gordoa, Down sindromedun judoka ohia. «Gogorra» izan da despedida, aitortu du idazleak. «Menpekotasun pixka bat nuen berekin; aurrez ez dut inoiz sagarik idatzi. Tourerekin hasi nintzen, Toure esperimentu bat izan zen. Pertsonaia originala sortu nahi nuen, ikertzailea, detektibea, beltza, papergabea, ilegala... Originala da. Gero, eleberriak izango dira hobeak edo okerragoak, denetarik egongo da, baina pertsonaia da ardatza. Nik ere estimu berezia hartu nion». “19 kamera”-k izandako harrera paregabea ikusita, idazten jarraitu zuen, hamaika eleberri ontzeraino. «Baina azkena idazten ari nintzela, eszena batzuk kontatzerakoan, sentitu nuen agian gauza batzuk idatziak nituela. Nik kristoren beldurra diot errepikatzeari, nobela bakoitza bestearengandik guztiz desberdina izatea nahi nuen eta hori sagetan lortzea zaila da». Beldur horren ondorioz etorri zen amaiera: «Bat-batean sentitu nuen guztiz desberdina zen zerbait egin behar nuela. Momentua heldua zen». Agortutako originaltasunak berritzeko beharra zekarren berekin, eta hala iritsi da “Txerriak eta loreak”.

Basaurin jaioa da Arretxe, baina urteak daramatza Arbizun bizitzen. Sakandartutako bizkaitarrak, beraz, bere jaioterria, egungo biziterria eta hainbat urtez etxe izan zuen Gasteiz hautatu ditu eleberriaren kokaleku. Arbizun egin du hitzordua 7Krekin, eleberriaren ertz eta ñabardurak bertatik bertara ezagutzeko. Lehen geldialdia herriko plazako Aralar tabernan egin dugu. Hautuaren atzean dagoen lehen arrazoia, teknikoa zeharo: «Arbizu erdi-erdian dago eta, horrez gain, taberna gehienak itxita daude» astearte goizez. Baina ez hori bakarrik, tabernaren goxotasunetik behatu dezakegun plazan gauza asko gertatzen dira eleberrian. Une horretan hotz eta bustia dago kalea, baina herritarrez beteta egoten da plaza normalean. Urte amaiera da, gertu dira gabonak eta haurrek ez dute eskolarik. Nabari da hori ere kalean. San Tomas bezpera da, ordea, eta txistorraren herrian, noski, atsedenik gabe lanean dabiltzanak txistorgileak dira.

Erdian, Jon Arretxe, txistor lantegian hartutako irudian. Hain zuzen, liburuko azala osatzeko txistor berezia egin zion Goikoetxeak. Urkatzeko soka baten forma hartu duen txistorra da protagonista, atzealde beltzarekin kontrastatzen duena. Aitor Karasatorre | FOKU

DIBERTITZEKO ELEBERRIA

Arbizuko kanpoaldeko industriagunean dagoen txistor lantegi batean hasten da eleberria. Bi lagun fabrikan sartzen dira, ezezagun dituzten arrazoiengatik preziatuak diren txistor ale andana lapurtzeko asmoz. Nobelen hasierari garrantzi handia ematen dio Arretxek. «Hasiera potente batetik abiatuta, askoz errazago garatzen dut gero trama guztia». Lehen txinparta horrekin asmatzea ez zen lan erraza izan, ordea. «Joan den urtearen hasieran, nobela berriari ekiterakoan, ez zitzaidan ezer bururatzen, agobiatzen hasita nengoen. Horixe komentatu nion Carmen Nieto idazle eta lagun kanariarrari, Fuerteventurako Aste Beltzean elkarrekin egon ginenean, eta berak eman zidan ideia. Eta zera pentsatu nuen: joder, mutur aurrean daukat txistorren kontua eta zelan ez zait, bada, neuri lehenago bururatu!».

Formula magikorik ez du eleberri on batek. Baina lehen eszenak bezainbesteko pisua du pertsonaia nagusiarekin asmatzeak. Pertsonaia berria sortu du Arretxek: Zuriñe Ruiz de Gordoa. Beste behin ere, originaltasun bila ibili ostean agertu da Zuriñe. «Pertsonaia guztiz desberdina nahi nuen, orain arte idatzi ez den zerbait. Ia miraria da, dena idatzia baitago, are gehiago genero beltzean». Buruaren iskin guztiak bihurrituta topo egin zuen ideiarekin: Downen sindromea zuen emakume bat izango zen bere bidelagun berria. Familian kasuren bat izan arren eta sindromea duen pertsonaren bat ezagutu arren, ezer gutxi zekien Arretxek pertsona horien errealitateaz eta jokamoldeaz. Paz Velasco kriminologoaren laguntza izan zuen horretarako. Arretxek azaldutakoaren arabera, «gaizkileen psikeari» buruzko ezagutza handia du. Idazleak ezagun zituen Down sindromedunak «oso onberak eta bihotz oneko pertsonak» dira. Posible al zen, beraz, halako pertsona batek jendea gupidarik gabe hiltzea? Velascori luzatu zion galdera eta hala ezagutu zuen Down mosaikoa, sindromearen bariante bat. Ohiko Down sindromedun jendea baino koefiziente intelektual altuagoa dute eta «umetan traumaren bat izan badute, gerta liteke halako jokaerak izatea nagusitan». Segurtasuna eman zion kriminologoaren azalpenak; «orain inork ezin dit esan ez dela sinesgarria». Hortik aurrera Zuriñeren profila osatzen jarraitu zuen idazleak. Zuriñe Gasteizen bizi da eta umetan abandonatua izan zen. Bere kabuz egin du aurrera urteetan zehar. Potato taldearen zale amorratua, judoka ohia da, Europako Txapelketa batean zilarrezko domina lortu zuen Paralinpiar Jokoetan. «Hori ere behar nuen akziozko eszenak sinesgarriak izateko».

“Txerri eta loreak” liburuarekin ez da eleberri beltzetik aldendu Arretxe, baina kontakizun dibertigarri eta arina osatu du. «Kritika soziala alboratu dut eta oso errudun sentitzen naiz». Toureren sagan oinarrizko elementua zen hori; «nobelak oso kritikoak ziren gizarteko miseriekin. Gainera, geroz eta kontzienteagoa nintzen beharrezkoa zela. Eta gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da kritika soziala egitea eta jende zaurgarri hori erakustea, batez ere ultraeskuina mundu osoan zehar hartzen ari den boterearekin. Europako mendebaldean izugarria da». Mezu xenofobo eta arrazistak normalizatzen ari direla dio idazleak. «Toureren nobelak horren kontra egiteko erabiltzen nituen». Zerbait guztiz desberdina egitea erabaki zuenean, orduan, desagertu ziren etorkinak, kaleko prostituta gaixoak eta etxegabeak. «2025. urtean horrelako nobela arina eta dibertitzekoa egin daiteke? Nik uste hamaika nobelaren ostean permititu diezaiokezula halakorik zeure buruari». Hori bai, ez du baztertu hurrengo eleberrian kritika soziala berreskuratzea.

Ainara Goikoetxea, Arbizu Hestebeteak enpresako Patxi Goikoetxearen alaba, Jon Arretxerekin solasean. Aitor Karasatorre | FOKU

IDAZLE BAT HERRI TXIKI BATEAN

Joan den azaroan argitaratu zuen “Txerriak eta loreak” lan berria. Durangoko Azokan jo eta su ibili da irakurleei lan berria aurkezten. Baina horren aurretik, Arbizun bertan aurkeztu zuen liburua. Herrian bertan izan behar zuen lehenak, noski. Zeresan handia izan zuen horretan Ernesto Leitzak, Kale Nagusian kokatuta dagoen Lonbren elikagai dendako jabeak. «Aurrez pare bat aurkezpen eginda nituen Arbizuko udaletxean, baina lau katu etortzen ziren. Gehiago ez egitea erabaki nuen. Inork ez bazuen interesik, zertarako egin?».

Herri txikia da Arbizu eta Ernestoren ohiko bezeroa da Arretxe. Egun batean denda ondoan dagoen Aralar tabernara joan zen Ernesto, eta bertan ikusi zuen idazlea Arbizu Txistorrak enpresako nagusi Patxi Goikoetxearekin. «Nahiko saltseroa naiz eta horiek biak batera baziren zerbaitetan zebiltzalako izango zela pentsatu nuen». Idazlea Arbizun kokatutako eleberri berri bat idazteko txistorgintzaren inguruko informazioa biltzen zebilela jakin zuenean, liburuaren aurkezpena bere dendan egitea otu zitzaion. Arretxeri proposatu zion eta hark ez zuen gehiegi pentsatu: «Ez didate inoiz horrelako ezer proposatu, baina zergatik ez? Nobela bera nahiko eroa eta ganberroa da, nahiko umoretsua. Proba egin behar genuela pentsatu nuen». Eta txistorra protagonistetako bat izaki, nola ez, liburuarekin batera txistorra oparitzea otu zitzaion Leitzari. «Oso eskuzabala da Patxi. Ideia bota nionean segituan animatu zen eta txistorrak ekarriko zituela esan zuen». Txistorrarekin batera, ordea, zintzurra freskatzeko edaria falta zen. Herriko zilarrezko «barkillo» edo katiluak eskatu zizkioten Udalari eta auzatea antolatu zuten. Gauzak horrela, ekitaldiaren arrakasta bermatua zegoen. «Pasada bat izan zen. Denda txikia da eta bete egin zen», gogoratu du idazleak. Dendaren sakonean, bi pasillo txikien amaieran dagoen harategian kokatu ziren Patxi, Ernesto eta Jon bera, txistorgileak ekarritako harakin uniforme zuriak jantzita, txistorra eta urdaiazpikoen artean. «Egin dudan aurkezpen bereziena izan da, onena».

Modurik ez dago aurkezpenera hurbildu ziren herritarrak liburuarekiko jakin-minez ala txistor bila gerturatu ote ziren jakiteko. Baina norbere herrian kokatutako eleberri batek piztu dezakeen jakingura arrazoi indartsuagoa izan daiteke, zalantzarik gabe. «Herri txikia da, baina egia da pertsonaia batzuk baditugula Arbizun», esan du dendariak barrez. Lasaia dela baina aldi berean bizia duen herria dela diote; «jende gaztea herrian geratzen saiatzen da eta euskara bizirik dago», esan du Ernestok. «Ume asko daude eta ez da lo egiteko herri horietako bat», gehitu dio Arretxek.

Noski, herrian bertan topatu ditu estimuluak, baina «inor ez mintzeko, tentuz» ibili da idazlea. Horregatik, erreferentzia edo parekatze errazak saihestu ditu. Pertsonaia asko agertzen dira liburuan Zuriñerekin batera; Mateo sarjentua eta German eta Laura Altsasuko udaltzainak, esaterako. «Ezagutzen ditut bertan udaltzain diren batzuk. Horietako bat jada erretiratua dago. Aipatu nion udaltzain batzuk agertuko zirela; nire nobela guztiak irakurri ditu eta lasai egoteko esan zidan, bera edo bere antzeko norbait jartzeko esan zidan, hala nahi banuen». Baina bada kasu bereziago bat oraindik ere: Manurena.

Manu Arbizuko aguazila da, «almintea» Sakanako hizkeran. Aguazilaren pertsonaia behar zuen Arretxek eta baimena eskatu zion Manuri. Haren izena jartzea edo beste bat asmatzea nahi ote zuen galdetu zion, «Arbizuko aguazila jarriz gero jendeak badakielako nor den». Izen propioz deitzeko esan zion eta halaxe egin zuen. «Nire hasierako asmoa cameo bat egitea zen, eta kito. Eszena batean agertzea tronpeta jotzen eta auzolanera deituz, apaingarri moduan. Baina gero protagonismo handiagoa ematea pentsatu nuen. Berriro abisatu nion eta ohartarazi nion gauza asko egingo zituela eta agian ez zituela gustuko izango, baina mantentzeko esan zidan». Aurkezpenean herritarrek liburua jaso eta etxera eraman zuten. Baina Ernestok azaldu duenez, orain jendea irakurtzen dabil eta, beraz, loturak egiten. «Manuel almintearekin harritzen ari da jendea», esan du jostalari.

Enpresan bertan hartutako hainbat irudi. Aitor Karasatorre | FOKU

HESTEBETEAK ETA GAIZKILEAK

Gabriel Abrisketa Basauriko “negoziolari” ilunak ere zerikusi gutxi du izen bera zuen Arretxeren birraitonarekin. Baina badira parekotasunak ere. Basauriko mendi aldean, Finaga auzoko baserri batekoak dira fikziozko pertsonaia zein senidea. Familiari omenaldi txikia egin nahi izan dio idazleak. Horrez gain, istorioa Gasteiz, Basauri eta Arbizu artean kokatu duenez, euskalkiak ere erabili ditu egileak. Euskara batuan idatzia dago, baina euskalki bakoitzaren keinuak, esamoldeak eta abizenak gehituz, liburuaren paisaia linguistikoa hornitu du. Orain artean ezin izan du halakorik egin, eta «esperimentatu» egin nahi izan du: «Toureren nobeletan agertzen diren pertsonaiak oso desberdinak dira euren artean, eta eduki beharko lukete desberdintasuna hitz egiterakoan, baina zelan bereizten duzu hori euskaraz? Zelan bereizi, burkinafasoar baten, Karibeko emakume baten eta Marokoko tipo baten berba euskaraz? Ezinezkoa da, mundu hori ez da euskalduna. Euskara batuan idazten nituen eta kito». Gaztelaniazko itzulpenean, ordea, Cristina Fernandezek joko hori egiteko aukera zuen. Kontrako bidea egin beharko du “Txerriak eta loreak” liburuak, gaztelerazko itzulpena martxo aldera kaleratzea espero baitu.

Pertsona zeharo desberdinak dira, halaber, eleberriko Fermin Bakaikoa, Bikain Hestebeteak enpresako jabe eta «nobelako pertsonaiarik kabroiena», eta Patxi Goikoetxea, Arbizu Hestebeteak-eko burua. Pertsonaia guztiz desberdina egin nahi zuen: «Asmatu nuen tipo bat, 140 kilokoa, ilegorria, eskubaloian jokatu zuena...». Baina zaila da halakoetan loturak ekiditea. Bi txistor fabrika daude Arbizun eta «erraza zen norbaitek identifikatzea pertsonaia haietako batekin. Tentuz ibili naiz eta biekin hitz egin nuen. Pertsonaia gaiztoaren itxura fisikoa eta izaera, dena, haiengandik oso desberdin ipini nuen». Izan ere, Arbizun bizitzen jarraitu nahi du Arretxek -aitortu du barrez-. «Mila biztanleko herri batean ez da oso komenigarria jendea zurekin haserretzea, bakean bizi nahi baduzu. Asmo onez eta umore klabean egin dudan arren, jende guztiak ez du umorearen zentzu bera. Kontuz ibili behar da beti».

Goikoetxeari eskatu zion txistorren mundurako ateak zabal ziezazkion. Lantegia goitik behera erakutsi zion eta txistor on baten atzean dagoen prozesuaren inguruko detaile guztiak eman zizkion. «Gauzak entzun ahala, txin, txin, txin! Argitxoak pizten zitzaizkidan buruan eta ideiak hartzen joan nintzen eleberrirako». Eta ez hori bakarrik, liburuaren azalerako ere ezinbesteko laguntza eskaini zion txistorgileak. Urkatzeko soka baten forma hartu duen txistorra da protagonista, atzealde beltz batekin kontrastean. «Ez da adimen artifiziala», Cristina Fernandezen lana da hau ere. «Txistor luze eta fresko bat behar nuela esan nion Patxiri, metro eta erdi edo bi metrokoa. Hurrengo egunean bila joateko esan zidan eta bertaratu nintzenean Ainara alabak eman zidan 5 metroko txistorra bandeja batean». Arbizu Hestebeteak enpresako lantegira egin dugun bisitan azaldu digu Ainara Goikoetxeak halako txistorrak ez direla batere ohikoak: «Aitak eta amak esanda, aspaldi Eibarko sanandresetarako metro askoko bat egin omen zuten, baina nik halakorik ez dut ikusi».

TXISTORREN HERRIA

Arbizuko bizilaguna da eta txistorra maiz jandakoa da Jon Arretxe, baina txistorgintzaren barrenak ezagutu gabea. Patxi Goikoetxearekin egin zuen lehenik bisita idazleak, eta alabaren eskutik ezagutu ditu txistorraren sekretuak 7K-k. Hasiera-hasieratik izandako prestasuna eskertu du Arretxek. Bikain Txistorrak-en inspirazio iturri da Arbizu familia-negozioa. Herriko industriagunean kokatua, 1960ko hamarkadan txistorra eta pateak ekoizten hasi ziren eta egun, eskaintza zabalduta, erreferentziazko marka dira hestebeteen eta bereziki txistorraren munduan. Beti ateak zabalik, bitan pentsatu gabe makina artera eraman zuen Patxik Arretxe. «Guretzat ohorea da pentsatzea gugan inspiratu dela», esan du Ainarak. Txistorren salmentak gora edo behera egingo duen ikusteko dagoela gehitu du idazleak, eta barre artean erantzun dio txistorgileak garai ona hautatu duela liburua aurkezteko, San Tomas bertan baita.

Txistorra «modan dago», esan du Goikoetxeak, eta Arbizuko familia honek faltan zuen gauza bakarra haiengan inspiratutako eleberri bat zen. Esan eta egin. Baina nola azaldu idazle bati txistorgintzaren muina? «Aitarekin ibili zen horretan. Pentsatzen dut fabrika ikusten zuten bitartean anekdota asko izango zirela tartean. Egia esan, txistorra fabrika ikustea oso kuriosoa da. Gu agian ohituak gaude, baina kanpotik ikustea oso kuriosoa da. Gogoz erakusten duzu, zer esanik ez liburu bat inspiratzeko bada». Ez da ohikoa txistorra bat krimen batean tartean egotea; ez du ezagutu Ainarak halakorik; «baina bizitzan ilusio gehien egin didana liburu baten eskertzetan agertzea da». Liburu bat irakurtzean beti jotzen du lehenik eskertzen orrialdera. Oraingoan aita eta biak dira zerrendako lehenak: «Patxi Goikoetxea eta Ainara Goikoetxea, txistorgintzaren sekretuak erakusteagatik». «Saltsero bizia» da Patxi; bigarren aurkezpen bat antolatu nahi du lantegian bertan, «gonbidapenak banatu eta autobusak antolatu nahi ditu», alabak esandakoaren arabera. «Kristoren pertsonaia da zure aita», erantzun dio Arretxek pozaren pozez.

Eta zergatik ez? Lapurrak Bikain hestebete lantegiaren tripetan sartu ziren modu berean, gu ere barruraino sartzeko prest gaude. Protokoloak agindutakoa betez, bururako txanoa, oinetakoentzako babesgarriak eta plastikozko bata zuri bat jantzi eta, langileen hamaiketakorako tartea probestuta, bulegotik atera eta makineria artera joan gara txistor baten prozesua hasieratik bukaerara ezagutzeko. Hotz egiten du barruan eta usaina, txarra ez, baina sarkorra da. «Gu ohituak gaude, baina fuertea da».

Lehortegi batean sartu gaitu lehenik. Zintzilikailuetan pilatuta daude txistorrak, gorri ilun kolorekoak, noiz ontziratu zain. Astearte, asteazken eta ostegunetan txistorra egiten dute eta ostegun eta ostiralean, ontziratu. «Baina orain santomasak datozenez, asteko egun guztietan ari gara txistorra egiten». Lehortegi bakoitzean 11.000 unitate inguru sartzen dira. 10 eta 6 gradu arteko tenperatura dago bertan eta haizeak laguntzen du idortze lanetan. Astean 20.000 kilo ekoizten dute; ostalaritzarako, talogileentzat eta supermerkatuetan banatzeko, besteak beste. «Txistorra, a tope». Mapan jarri du txistorrak Arbizu herria; eta goikoetxeatarrak ezagun egin dira. «Lagun baten alabak hala esaten omen du, Arbizun lau pertsona famatu daudela: Pello Zetak, Joseba Ezkurdia, Eneko Senar eta Ainara Pepa. Ni naiz Pepa Arbizun, aitona Pepe zelako».

Esperientzia luzea dute goikoetxeatarrek. Sekretua du Arbizu txistorren zaporeak. Baina gakoa «hezetasuna» omen da. Haragia txikitu, oratu eta txistorrak betetzen diren gela ikusi dugu; piperrautsa, haragia eta hesteak daude bertan; dena dago prest. «Ez dugu spoilerrik egingo, baina makina hau protagonista da nobelan». Txistorrak lehortu eta enbasatu ostean kaxetan pilatzen diren biltegia ere ezagutu dugu. Hozte sistemari esker 0 eta 5 gradu artean mantentzen da tenperatura. «Lapurrak ere hemendik ibiltzen dira». Atea zabalik mantendu dugu badaezpada, ez baitugu Zuriñe Ruiz de Gordoaren abentura berri baten protagonistak izan nahi.