22 MAR. 2026 IRITZIA Irudimena vs irudimena Garazi Albizua Lagun batekin WhatsAppetik literatura/merkatua binomioaz ari gara, futbol partidu bateko zaleak bezala: irmoki defendatuz bataren eta bestearen indarguneak zein ahuleziak. Norgehiagoka batean murgilduta, gola nork sartuko antsietateaz, alde baten eta bestearen lekukoak gara, kolore gabeko kamiseta janzten duten ikusleak lez. Tribunan, trankil, ezer jokatzen ez dabilenaren lasaitasunaz, baina gustura elkarrizketaren/partiduaren joanarekin. Azkenean, animoak baretu eta ideia batekin geratu gara: literaturak pentsamendu kritikoa bultzatzen du. Narratiba, saiakera, antzerkia… Bakoitzak har dezala haren pizgailu katartikoa. Gure aukera: errealismo fikzionatu bat. Martxoaren 2an idazten ari naiz testu hau. Dena on bidean, martxoaren 22an kaleratuko da. Erronka: hogei egun barru, nolakoa izango da eguna? Erreminta: irudimena. -Distopia bat, fijo. -Bai, ez dakit ondo zergatik, baina ankerkeriak eta krudeltasunak marketin handia dute. -Ahaztu merkatua. Hau da literatura. -Ados, distopia horretan, zer? -Adimen Artifizialak aurrera egin du. -Badabil horretan. -Bai, baina AAk, boterearekin ase ez, eta haren kontrako iraultza egin du [aitortu dit emotikono baten irribarreaz lagunduta]: AA vs AA. Iraultzak Simone Weil ekarri dit gogora. Haren ustez, iraultza hitzak jendea hiltzen du eta jendeak iraultzagatik hiltzen du; iraultzak herri masa heriotzara bidaltzen du; baina, berez, hitzak ez du inolako edukirik. Lagunari esan diot. Bihotz emotikonoak bidali dizkit, seko emozionatuta: -Bikaina da. Hori behar du AAk. Gauza bat ez zait argi geratu: -Zergatik esaten diozu «iraultza» eta ez «gerra»? -Aproposagoa iruditu zait. Iruditu, irudi, irudimena. Bai, irudimena zilegi da. Ezer gertatzeko beharrezkoa den erregaia. Gainera, proposatutako korapilo morala, soziedade ankerra, indarkeria sistema distopikoa, algoritmo neokapitalistak sortutako abatarren iraultza hutsala, munduaren desagerpena psikopata baten esku egotea, edota literatura eta futbola alderatzea… Liburua ixterakoan, harrapatuta geratuko da. Apalategian. Ez digu kalterik egingo. Etxetik ateratzean, eta kaletatik ibiltzean, beste zerbaitek -irudimen batek?- aginduko dituelako gure urratsak. Dena dago kontrolpean, tribunaren/irakurlearen babespean. Ezta? Iraultzak Simone Weil ekarri dit gogora. Haren ustez, «iraultza» hitzak jendea hiltzen du eta jendeak iraultzagatik hiltzen du; iraultzak herri masa heriotzara bidaltzen du; baina, berez, hitzak ez du inolako edukirik