19 AVR. 2026 ARKITEKTURA Arkitekturarekin jolasean Jolasa ez da haurrentzako jarduera bat soilik; hainbat arlotan aplika daiteke, arkitekturan barne. Giancarlo Mazzanti arkitekto eta irakasle kolonbiarrak arkitektura kolektibo, parte hartzaile eta eraldatzaile baten alde egiten du, gizarte berdintasuna abiapuntutzat hartuta, eta hori bere lanean erakusten da. Mazzantiren lanetan, jolasa zurruntasun hori gainditzeko, eta espazioetan modu berritzailean bizitzeko tresna gisa azaltzen da; hau da, agertoki ezberdinak irudikatzeko baliabide moduan. (Maider Quintanilla Lago) Maider Quintanilla Lago Luzaroan uste izan da haurren kontua dela jolasaldia, eta ez da harritzekoa; izan ere, haurtzaroan bizitzen ditugu aisialdiarekin lotutako lehen esperientziak. Hala ere, jolasa ez da adin jakin batekin lotutako jarduera soila, sormena piztu eta ikuspegi berriak zabaltzen dituen ekintza baizik. Giancarlo Mazzanti arkitektoaren iritziz, jolastea sortzea da. Gainera, bere ustez, arkitektura jolas eragile gisa ulertu behar da, behintzat, erabiltzailearen beharretara egokitutako espazioak eta bizimodu berritzaileak sustatu nahi badira. Arkitektura, oro har, kontrolaren logikatik eraiki izan da. Programa zehatzak, erabilera argiak eta aurreikusitako jokabideak izan dira diseinuaren oinarri nagusiak. Mazzantiren lanetan, aldiz, jolasa zurruntasun hori gainditzeko, eta espazioetan modu berritzailean bizitzeko tresna gisa azaltzen da; hau da, agertoki ezberdinak irudikatzeko baliabide moduan. Imajinazioa eta sormena ardatz dituzten esperimentazio jardunek elementu berari hainbat erabilera eman diezaiokete. Imajinazioa askatzen denean, eserlekuak mahai bihur daitezke, eta mahaiak eszenatoki. Nabarmentzekoa da anbiguotasun horrek ez duela diseinua ahultzen; kontrara, indartu egiten du. Espazioa egitura irekia bada, eta askotariko jarduerak ahalbidetzen badira, erabiltzaile bakoitzari bere esperientzia eraikitzeko aukera ematen zaio. Askatasun horretan dago, hain zuzen, jolasaren giltzarria. Dena den, ukaezina da jolastea lan nekeza izaten dela askotan; finean, ikasitakoa alde batera uztea, aurreiritziak apurtzea eta ziurgabetasunari lekua egitea eskatzen baitu. Imajinazioa eta sormena landu behar ditugun honetan, jolasa aktibatzeko espazioek izan beharreko hurrengo ezaugarriak identifikatu ditu Mazzantik: Irekia. Espazioak ez du funtzio bakarra inposatu behar; are gehiago, hainbat erabilera gertatzeko prest egon behar du. Horrela, erabiltzaileak izango dira bere beharren arabera gunearen identitatea definituko dutenak. Bizia. Espazioa ez da amaitutako gune gisa ulertu behar, baizik eta transformazioa eta eboluzioa ahalbidetzen dituen tresna moduan. Arkitektura organismo biziduna da, eta erabiltzaileak dira euren eguneroko erabilerarekin bizitasun hori mantentzen dutenak. Aldakorra. Elementuak eta espazioak egoera eta erabilera desberdinetara egokitzeko diseinatu behar dira. Malgutasunak guneen dinamismoa bermatzen du erabiltzaileen parte hartzea sustatzen duelako. Elementu berak askotariko egoeretara egokitzeko gaitasuna badu, espazioaren erabilera aberastu egiten da, zalantzarik gabe. Ustekabekoa. Gune baten ohiko logika espaziala hausteak erabiltzaileengan sortzen duen sorpresak euren jakin-mina aktibatzen du. Beste hitz batzuekin, sorpresa faktoreak erabiltzailea ingurunea esploratzera gonbidatzen du, eta interakzio hori sormenaren pizgarri da. Desberdina. Arkitektura tradizionalaren antolaketa alde batera uzten denean, esperientzia berriak bideratzen dira. Guneen arteko hierarkiak apurtzeak bigarren mailako elementuak lehenets ditzake, eta funtzio aldaketa horrek espazioa birpentsatzera bultzatzen du. Esanak esan, arestian aipatutakoak ez dira diseinu errezetaren osagai itxiak; espazioa esperimentaziorako eremu bilakatzeko keinu sotilak baizik. Horrenbestez, argi dago, erabiltzailearen sormena aktibatzeko, ekintza, interpretazio eta berrasmatze aukera etengabeak eskaini behar dituela espazioak. Era berean, azpimarratzekoa da jolaserako aukerak dauden guneetan giza harremanak ehuntzeko aukerak sortzen direla. Espazio horietan, elkarrizketak, aurrez aurreko dinamikak eta interakzio espontaneoak sortzen dira, eta horiek guztiak elkarren arteko erlazioak sendotzeko lagungarriak dira. Horrela, jolasa ez da bakarkako sormen ekintza hutsa; komunitatearen eraikuntza sustatzen duen prozesua ere bada. «Ez ahaztu jolasten» zioen Alvar Aalto arkitektoak, eta orain ulertzen dugu zergatik. Jolasa ikaskuntza gailua da; esperientzia berriak bideratzen dituen tresna. Izaera garatzeko modua. Jolasean, mugak desagertzen dira, aurkikuntzak etengabe sortzen dira, eta gure barne mundua kanpokoarekin elkartzen da. Bizitzearen oinarrizko esentzia loratzen da. Jolasa ikaskuntza gailua da; esperientzia berriak bideratzen dituen tresna. Izaera garatzeko modua. Jolasean, mugak desagertzen dira, aurkikuntzak etengabe sortzen dira, eta gure barne mundua kanpokoarekin elkartzen da