GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Offline


Atea itxi bezain pronto sumatu du arima nolabait urratu zaiola. Hormaz bestaldean utzi du semea, bakarrik. Atetik metro gutxira eskapatu zaio lehen malkoa. Ez dago haur baten eztula baino soinu lazgarriagorik.

Aro berria hasi besterik ez da egin, baina, honezkero, bere gain sentitu du gehiegizkoa dela bizkarrean daraman zamaren pisua. Sei egun dira gaixotu zenetik eta etsipena edo itxaropena dira bi aukera bakarrak.

Mivekek ahul ditu birikak eta kostata egin dezake arnasa. Kezkatuta dabil, badakielako, ama negarrez hasten dela atea itxi bezain laster. Aurki sendatu eta ahalik eta lasterren ohetik altxatzeko promesa egin dio bere buruari.

Xabik ere sei egun daramatza etxean, irten barik. Egun batzuez egon beharko du bertan, baina klaseak online hartuko ditu. Gaur idazlan bat egin behar du. Baina ez daki idatzi ahalko lukeen sekulako istorioa daukala tabletan. Ez daki Miveken historia bera duela esku artean. Ez daki bere adin bereko haur baten bizitza duela eskuetan. Ez du sekula jakinen koltan meategi batean lan egiteagatik gaixotu dela Mivek.

Covid-19ak eragindako normaltasun berrian izugarri handitu da teknologia berrien eskaria eta horrek guztiak Kongoko koltan meategietan dabiltzan haurren normaltasunean eragiten du. Mundua aldatu dela profitatuz, alda dezagun mundua denontzat.