GAUR8 - mila leiho zabalik

87 jokalari bilduko ditu Errenteriako Errege Xake Openak larunbat honetan

Errenteriako Errege Open Aktiboa jokatuko dute larunbat honetan Merkatuzarrean. Aurten egun batzuk lehenago jokatuko den probak adin eta jatorri ezberdinetako 87 jokalari bilduko ditu, eta 2.100 euro banatuko ditu sarietan.

Errenteriako Open Aktiboko aurreko edizio bat, irudian. (Beraun Bera)

Merkatuzarrean jokatuko dute larunbat honetan, abenduaren 28an, Errenteriako Errege Xake Opena. Antolatzaileek aurreratutakoaren arabera, 87 jokalari bilduko ditu probak eta sarietan 2.100 euro baino gehiago banatuko ditu.

Zehaztu dutenez, 400 euro eta txapela izango dira irabazlearentzat, «jokalari gogorrenak mobilizatu» eta jokalari tituludun gehiago bilduko dituen hitzorduan.

Gazteen artean xakearekiko zaletasuna bultzatzea eta emakumeen parte hartzea sustatzea dira ekimenaren helburu nagusiak. «Erreferenteak behar ditugu xakearen munduan ere», adierazi dute taldeko kideek.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta nabarmendu dutenez, adin guztietako parte hartzaileak bilduko ditu, xakearekiko zaletasunak adin mugarik ezagutzen ez duela erakutsiz.

Beraun Bera Xake Taldeak antolatzen du hitzordua. Goizeko 9.30ean abiatuko da goiz osoan zehar luzatuko den proba, eta aurten beste berrikuntzetako bat da ‘foodtruck’ bat ere izango dela bertan, «Perurena1974ren laguntzarekin».

Nabarmendu dute antolatzaileek ateak zabalik dituen txapelketa bat dela. «Open bat denez edozein apuntatu daiteke, berdin du nongoa den eta zenbat urte dituen», zehaztu dute. Izan ere, gogoratu dute probak izaten dituen parte hartzaileen artean inguruko jendearekin batera, besteak beste, katalanak, andaluziarrak edota madrildarrak egon ohi direla.

Aurten, aurreratuta

Urtarrilaren 6ko jai egunaren inguruan izaten da Errenteriako xake open hau, baina aurten proba aurreratu behar izan dute arazo logistikoak direla eta.

Duela 30 urte baino gehiago lagun talde batek sortutako taldea da Beraun Bera, ibilbide luzekoa eta hainbat probatan parte hartu duena. Gogoratu dutenez, «ordutik Euskadi eta Gipuzkoako maila guztietan jolastu dugu. Pare bat aldiz Espainiako goreneko mailan ere jokatu genuen orain dela urte batzuk».

Gabonetako Errege Open Aktibo hau da antolatzen duten torneo handiena, baina sustatzen dituzten txapelketen artean ‘Pobreziari Jake’ izenekoa ere badago, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako elikagaiak biltzeko. Taldeak xake eskolak ere eskaintzen ditu.