GAUR8 - mila leiho zabalik

Euspot euskarazko iragarki laburren lehiaketak edizio berrirako gaia bota du: ‘Zer da laguna izatea?’

Euspot Euskarazko Spot Lehiaketak edizio berri bat jarri du abian. ‘Zer da laguna izatea?’ galderari iragarki formatuko erantzunak bilatzen ditu deialdi berriak. Maiatzaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak.

Euspot lehiaketaren 14. edizioaren aurkezpena, irudian. (Euspot)

«Zer da laguna izatea? sugerentziaz beteriko galderari erantzun beharko diete aurtengo proposamenek», iragarri dute Euspot lehiaketako antolatzaileek, edizio berrirako jarritako gaiaren inguruan.

Planteatzen duten erronka 30 segundoko iragarkia sortzea da, eta «gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzea» da lehiaketaren izaeraren ardatzetako bat.

«Adiskidetasuna errespetua, babes eta onarpena izatea da, epairik gabe norbera izateko aukera. Harreman horretan lekua eta elkarren laguntza izateko aukera izatea, eta bidea elkarrekin egitearen sentsazioa. Lagun bat altxor bat da, zaindu beharreko harreman estu, sendo eta orekatua», adierazi dute edizio berriaren gaiaren inguruan inspiratzeko.

Aretxabaletako Udalak, Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateak eta Arizmendi Ikastolak antolatzen dute lehiaketa, Bai Euskarari Elkartea era Music Libraryren laguntzarekin, eta Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin.

Lehiaketak 3.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan. Spotik onenak 1.000 euro jasoko du, 500 euro izango dira Publikoaren saria eskuratzen duen lanak, beste horrenbeste jasoko du Gazteen Saria lortzen duen egileak, eta Musika Sinkronizazio Onena sariaren irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Beste sari gehigarri bi ditu lehiaketak, Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onenarentzat (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onenarentzat (250 euro).

Maiatzaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Gogoratu dutenez, lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez, eta formatua libre da.

900 spot orain arteko ibilbidean

14. edizioa da abian jarri dutena. Orain arte Euskal Herri osotik heldutako 900 spot bildu ditu ekimenak edizio ezberdinetan. Adierazi dutenez, 2021ean abiatu zen Euspot Euskarazko Spot Lehiaketa «erreferente bilakatu da Euskal Herrian».

Gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea bilatzen duen deialdiak «harrobia lantzea, talentua erakartzea eta publizitatea euskaraz sortzea» ditu helburu.

Antolatzaileek azaldu dute euskarazko publizitatearen bilakaeraren inguruan datu askorik ez badago ere, «susmoa da euskaraz sortu baino, jatorriz gaztelaniaz sortzen diren publizitatea piezak euskarara itzultzen direla, eta itzulpen hutsak direla».

«Hortaz ezinbestekoa da euskal publizistek, agentziek eta arloko agenteek euskaraz sormena garatzeko gai izango diren profesionalak sustatzea, talentuan eragitea eta euskarazko sormena bultzatzea», nabarmendu dute.