GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

70 urte bete ditu gaur Eusebio Unzue kirol zuzendariak

Orkoienen jaiotako Eusebio Unzue kirol zuzendariak 70 urte bete ditu gaur. Movistar Team txirrindulari taldeko manager nagusia da gaur egun. Banesto taldearen momentu gorenean bera zuzendaria zen, Indurainek Frantziako Tourra bost aldiz irabazi zuenean.

Eusebio Unzue, 2017an. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Eusebio Unzue kirol zuzendariaren urtebetetzea da gaur. 1955eko otsailaren 26an Orkoienen jaiotakoak 70 urte bete ditu. Gaur egun Movistar Team txirrindulari taldeko manager nagusia da, 1970ko hamarkadaren hasieratik txirrindularitzan aritu ostean. Bere anaia Juan Carlos Unzue entrenatzaile eta futbol jokalari ohia da eta Piensos Unzue izeneko enpresagatik ezaguna da bere familia.

Irurtzungo Nuevo Legarra taldean hasi zen txirrindularitzan, jubenil mailan, 1970-72 denboraldietan. Hortik, Reynolds amateurreko kirol zuzendaria izatera pasa zen 1973an, eta bertan 1984ra arte iraun zuen, Nafarroako talde profesionalera jauzi egin zuen arte.

Gaur egun, bere taldeak, Movistar Team-ek, lehengo Banesto txirrindularitza taldearen egitura bera mantentzen du, denboran zehar hainbat izen aldaketa izan baditu ere, babesleen arabera (iBanesto.com, Illes Balears, Caisse d’Epargne). Lehen, Banesto taldea aipatutako Reynolds zen.

Banesto taldearen urrezko garaian zuzendaria Unzue izan zen, Miguel Indurainek jarraian irabazitako Frantziako bost Tourrekin. Unzue zuzendari zela izan zuten ere beraien arrakasta Perico Delgadok, Abraham Olanok, Chava Jimenezek, Oscar Pereirok, Alejandro Valverdek, Nairo Quintanak eta Richard Carapazek.