29 NOV. 2025 1930eko Euskal Olerti Eguna Errenterian (PASCUAL MARIN. MARIN FUNTSA. KUTXATEKA.) Juantxo EGAÑA 1930eko ekainaren 1ean, Errenteria euskal poesiaren epizentro bihurtu zen lehen Euskal Olerti Egunaren ospakizunarekin, euskal literaturan aro berri baten hasiera markatu zuen eguna. Euskaltzaleak kultur taldeak bultzatutako ekimenak idazleak eta poetak bildu zituen jai eta aldarrikapen giroan. Ekitaldi aipagarrienetako bat Jose Ariztimuño Aitzol elizgizonaren hitzaldia izan zen, euskal poesia nortasunaren eta modernitatearen adierazpen gisa indartzeko beharra azpimarratuz. Eta egin zen poesia lehiaketan 22 urteko gazte bizkaitar bat izan zen garailea, Esteban Urkiaga Lauaxeta mungiarra, “Maitale kutuna” olerkiarekin. Garaipen hura ibilbide literario bikain baten aurrekaria izango zen. Tokiko prentsak gogo biziz hartu zuen eguna, eta bertan izan ziren, besteak beste, Miguel Urreta, Euskaltzaleak elkarteko lehendakaria eta argazkilari afizionatu handia, Jose Mari Agirre Lizardi eta Nikolas Ormaetxea Orixe, biak Euskaltzaleak elkarteko kideak eta artikulua ilustratzen duen egun horretako irudian agertzen direnak. Egun hartako protagonistetako bi, Aitzol eta Lauaxeta, 1936ko Gerran fusilatu zituzten frankistek.