29 NOV. 2025 3 BEGIRADA: Adreiluz betetako saskia Adreiluak. (GETTY IMAGES) Gorka Etxebarria Dueñas Historialaria Badirudi polea ez zegoela guztiz ondo finkatuta. Adreiluz beteta zihoan goragoko pisura, baina askatu egin zen. Miguel zegoen azpian, hiru hilabete lehenago Zamoratik iritsi berri, 16 urterekin. Begiratu zutenerako, konorterik gabe zegoen, odolezko putzu batean. «Miguel! Miguel!», oihu egin zuten kuadrillako gizonek. Berehala iritsi zen berria Jacintarengana. Rosak eraman zion, bere lehengusinak. Bi emakumeak urte batzuk lehenago iritsi ziren Santurtzira, etorkizunik eta askatasunik gabe sentitzen zuten herritik ihesean. Jacintaren semearentzat etorkizun hura oso goiz bukatu zen, adreiluz beteriko otzara batek burua ireki zionean, kez eta euriz inguratutako pisu trakets haietan. Etxebizitza haiek eraikitzeko dirua denen artean jarri zuten, Zamorako migranteen elkarte kulturalaren bidez. Joseren ideia izan zen. Hura izan baitzen herritik iritsi zen lehena, UGTko afiliatu izatean, kartzelatik atera ostean herrian inon ez baitzuen lanik topatu. Santurtzin finkatu ondoren idatzi zion familiari, aukera bazuten hurbiltzeko, Bizkaian bazela nahi zutenentzat lana. Jacinta eta Rosa izan ziren trena hartuta Bizkairako bidea hartu zutenak, eta, bata mirabe bezala, bestea joskin bezala, bertan ezarri ziren. Ondoren iritsi ziren Jacintaren senarra eta Miguel, seme nagusia. Rosaren etxeko gela batean bizi ziren hirurak eta Miguelek lurrean ezarri zuten koltxoi zahar batean egiten zuen lo. Herriko beste gizon batzuek osatzen zuten kuadrillan hartu zuten. Somara lan egiten zuten, hau da, zenbat eta azkarrago eraiki, orduan eta soldata handiagoa jasotzen zuten. Aitak altzairu lantegi batean egiten zuen lan, baita opor egunetan ere, ordu estren truke pisua ordaindu ahal izateko eta... ordu estrak egiten ez zituena kaleratzeko mehatxupean zutelako. Bere lehen soldata amari utzi zion Miguelek sukaldeko mahaian. Pezeta batzuk Migueli eman zizkion amak, lagunekin zinemara joan zedin. Amak ez zekien, baina Miguel maiteminduta zegoen Joseren semearekin, Ramontxu deitzen zutena, euskaraz edo, Joseren emaztea Santurtziko andre jeltzalea baitzen. Ramontxuk ere ez zuen lagunaren ezinegonaren berri, ezinezkoa baitzen, Miguelek harentzat gorde baitzuen, ahalik eta sakonen, Ramontxurekiko maitasunaren lotsa. Ezinezko maitasun istorio ikusezin hura, izatekotan, adreiluz betetako saskiak desagerrarazi zuen. Hiletaren ostean, Jacintari etxera lagundu zioten emakumeek eta sukaldean eseri ziren. Gonaren barrualdetik aterata, platertxo batean billete zorroa jarri zion Rosak. «Hartu, neska, lasai, beharko din eta. Ahal geniana jarri dinagu. Egon jarrita, nik zerbitzatuko dinat kafea». Ramontxuren ama zuen ondoan, biak lotzen zituen zilbor-hesteaz arrotz. Jacintak ez zekien, baina Ramontxuren anaia nagusia, Jon, politikako gauzetan sarturik zegoen. Taberna kanpoan zeuden gizon tristeen ondotik pasa zen egun hartan eta oktabillak bota zituen autoa martxan zuelarik. Hiru letrarekin sinatuta zeuden, azkenaldian gero eta gehiago entzuten zirenak. Semearen bisaia ezagutzean, Josek harrotasuna eta beldurra sentitu zituen, asmatzen zaila zen proportzioan. Jon aste gutxira atxilotu zuten eta, gorputza ubeldu bihurtuta etxera iritsi zenean, Jacinta joango zen haren amarenera. «Eseri, neska, nik jarriko dinat kafea». •