GAUR8 - mila leiho zabalik
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Nafarroako bertsogintzaren argazki eguneratua Nafarroa Arenako finalean

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalak lehen aldia izango du Nafarroa Arenan. Zortzi bertsolari, horietatik bi finalista berriak, Ekhiñe Zapiain eta Eki Mateorena. Lehen aldiz hiru emakume finalean eta lehen aldiz elkarte bat txapela janzteko zereginean: Iruñeko Zaldiko Maldiko. Lehen aldien xarmak lilura dezala plaza.

Zortzi finalistak, duela egun batzuk finalaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gaur iritsiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa azken geltokira. Geltoki elegantea izango da gainera, Nafarroa Arenan jokatuko baita finala lehenengoz. Orain arteko bidea askotarikoa izan da; urtaroak, koloreak eta bazter desberdinak jantzi ditu txapelketak fasez fase. Finala Nafarroa Arenan izatea «salto kuantitatiboa eta kualitatiboa» izan dela esan dute Nafarroako Bertsozale Elkartetik.

Eta elkartearen apustuaren parekoa gertatu da finaleko zortzikotea ere. Hiru emakume lehen aldiz, bi finalista berri eta Nafarroako bertsogintzaren argazki eguneratua. Batzuen eskarmentuak eta besteen irrikak finala orekatuko dute. Txapelerako kinielak ere ireki samarrak, Nafarroako bertsolaritzaren maila osasuntsu dagoelako eta txapelerako hautagaiak ez direlako bat edo bi. Bertsolarientzat estu samarra izan badaiteke ere, bertsozalearentzat ederra izateko osagai guztiak ditu.

Eta lehen aldien Nafarroa Arenan, Zaldiko Maldiko elkarteak jantziko dio txapela txapeldunari. Elkartearen ordezkari Sergio Barandiaran lehendakaria igoko da oholtzara. Eta hori gertatzen den lehen aldia ere izango da; elkarteek sariak eman izan dituzte finaletan, ohiko samarra da, baina lehen aldia da txapela janztearen zeregina elkarte batek hartuko duena. Horrela aitortu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñean kokatuta dagoen elkarte euskaltzalearen ibilbidea. Ez alferrik 1981. urtetik martxan dago euskarari aterpe ematen dion txoko bizia.

Finalak bi parte izango ditu. Lehen partean, zortzi bertsolariak arituko dira. Hamabosna bertso josi beharko dituzte. Binaka, gaiarekin, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaiarekin, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaiarekin, hiruna ale hamarreko txikian; eta ganbarako lana, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian gaiari erantzunez.

Lehen parte horretan bi puntuazio onenak lortzen dituzten bertsolariak buruz burukora pasatuko dira eta hor jokatuko da finalaren bigarren partea. Buruz buruko horretan, bederatzina bertso josi beharko dituzte. Lehendabizi, binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan arituko dira, bien artean zortzi bertso osatu arte. Ondoren, binaka, gaiarekin, hiru bertso seiko motzean. Eta azkenik, ganbara, hiruna bertso nahi duten neurri eta doinuan gai-emaileak jarritako gaiari.

Arratsalde guztiko puntuazioak batuta erabakiko da zein den 2025eko Nafarroako bertsolari txapelduna.