27 NOV. 2025 Entrevue XABAT ILLARREGI MARZOL «Urte luzetako lana da, nondik kantatzea interesatzen zaizun bilaketa horretan egindakoa» 2001ean Leitzan jaioa, laugarren finala jokatuko du Xabat Illarregi Marzolek. Bertso irakasle gisa, garrantzitsua iruditzen zaio afiziotik eta gustutik bertsoarekiko lotura bat sortzea. Esperantza du etorkizuna izanen dela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Maider Iantzi Hiru leitzar apuntatu ziren txapelketara eta hirurak finalera pasatze horrek herrian poza eta harridura sortu du. Leitzatik jende dezente joanen da eta herriarentzat ospakizun bat den bitartean bertsolariak gustura daude. Hala kontatu digu Xabat Illarregi Marzolek. Tafallan ederki moldatu zinen ariketa guztietan. Gogoa neukan jada kantatzeko, ze hilabete pasa zen nire aurreko saiotik. Inongo antsiarik gabe baina gogoz eta gosez joan nintzen eta horrek bertso guztiak borrokatzea eta gustura sentitzea eragin zidan. Saioa aurrera atera nuen sentsazioa izan nuen. Batzuetan lan gutxiagorekin gehiago gozatzen nuen; bestetan, bertsoa bilaketatik ateratzen zen, atzaparrak gehiago sartu behar nituen lurrean zuloa egiteko. Ganbarako zure lana hagitz txalotua izan zen. Irudia etorri zitzaidan. Errebeldia puntu bat eduki zezakeen paperen bat hartu nahi nuen: ume batek irakasle bati euskaraz hitz egiteko esaten dio. Batez ere gustura horrekin gelditu nintzen, zer bide hartu nuen, oso erreala izan daitekeelako eta kezkatzen nauen gai bat delako. Plazan eta txapelketan inoiz bururatu gabeko ideiak etortzen zaizkizula irakurri dizut. Suposatzen dut askori gertatzen zaigula. Txapelketako edo saio bateko kontzentrazioa ez dut uste beste inon lortzen dugunik. Buruak beste bilaketa sakonago bat egiten du eta askotan gertatu izan zait inoiz erabili gabeko errima bat etortzea justu gaiarekin bat datorrena. Ederra da hori. Kontzentrazioa hain da altua askotan espero ez ditugun gauzak etortzen zaizkigula, bai onerako eta bai txarrerako. Nolakoa izaten ari da zuretzat txapelketa hau? Orain hiru urtez txapelketak dauzkagu: Nafarroakoa, gero Euskal Herrikoa eta gero berriz Nafarroakoa. Eta ziklo baten hasiera bezala ikusten nuen, hiru urte hauek lanerako hartzeko eta beste pauso bat emateko. Lehendabiziko helburua argi zen finalera pasatzea zela. Eta horrekin batera Euskal Herriko txartela lortzea. Saioei dagokienez, egoteko moduan asmatu dudala uste dut. Lehenbiziko saioa ez da errazena izaten, batez ere txapelketako molde zurrun horretara ohituta ez gaudenez, urtean beste jardun bat izaten denez gurea, kokatzeko izaten da lehen saio hori eta uste dut nahiko ongi eta azkar kokatu nintzela txapelketako lurrean. Finalaurrekoan beste klik bat egin nahi eta, finaletik hain gertu izanda datatan, burua beste martxa batean eta gustura sentitu naiz hor ere. Laugarren finala izanen duzu. Estreinaldia 17 urterekin egin zenuen. Lehenbiziko finalean hain gazte kantatu izanak dakarrena da gero eta final gehiago, gero eta garapen handiagoa lortzeko aukera daukazula. Agian finalek dakarten esperientziatik errazago aurre egiten diogu edo behintzat beste helburu batzuk jartzen dizkiogu gure buruari. Orduan, bertara pasatzearekin pozik bai, baina konforme ez, eta bertsotan bilatu nahi dugun horretara ailegatzen saiatuko gara, orain arte landutakoa erakusten. Txapelketa bakoitza prestatzen duzu, baina urte luzetako lana da, nondik kantatzea interesatzen zaizun bilaketa horretan egindakoa. Hori islatzea gustatuko litzaidake. Nola zabiltza plaza aldetik? Batez ere azken bizpahiru urteetan nabil. Ez gehiegi eta ez asteburuero, baina orain arte baino gehiago. Gustatzen zait herritarrekin egotea, bertsokideekin kantatzea, eta pozik nago ez delako erraza. Saio bakoitza oso diferentea da; saio bakoitzera egokitzeko lan hori da. Gustatzen zaidan lan bat da eta oso pozik nabil.