GAUR8 - mila leiho zabalik

Ertzaintza


Komikia indarrean dago gurean. Ikastolen Elkarteak ateratzen duen “Xabiroi”-ren fenomenoaz gainera, urtean dozena bat lan kaleratzen dira euskaraz. Horren lekuko da “Bertsolari” aldizkariak Durangora daraman Gaztelumendi anaien “Azken afaria” izeneko zenbakia ere. Baina badaude komikia izan gabe ere, testuaren eta ilustrazioaren arteko orekan mugitzen diren lanak. Horietako bat da, aldizkari berera joaz, Antxoka Agirre eta Patxi Gallegoren artean egin zuten “Frankismo garaiko glaziazioa eta su berritua” zenbaki bikaina.

Antzeko formula batekin egina dago orain hilabete batzuk gazteleraz, frantsesetik itzulita, argitaratu zuten Fabien Jobart eta Florent Calvezen “Policia global. La cuestión de la policia en el mundo y en la historia” izeneko lana. Florent Jobart ez da edozein, Centre National de Recherches Scientifiques, CNRS delakoan ikerketa buruetako bat baita eta bizitza erdia baitarama Alemanian eta Estatu frantziarrean poliziak nola funtzionatzen duen ikertzen. Ikerketa horren ondorio batzuk bildu ditu lan horretan. Komikia izateko didaktikoegia iruditu zait, poliziak munduan zehar izan duen sorrera eta garapena ere aztertzen baitu eta polizia ereduei buruzko eztabaidan sartzen baita bete-betean, gurean pil-pilean dagoen kontu batean alegia, bidenabar esanda.

Ez dago poliziak adina debozio eta aldi berean hainbeste gorroto eragiten duen beste erakunde bat gizarte garaikideetan, eskuin muturreko indar politikoek kaosaren kontra erremedio bakar gisa ikusten duten bitartean ezker muturrekoak, anarkoak esaterako, beren elastikoetan ACAB akronimoa (Azpeitian gazte hark idatzi zuena baino hizki handiagoz noski) idatzirik daramatela ateratzen baitira kalera. Mutur horien artean dauden indar politikoak eztabaida oso interesgarriak egiten ari dira han eta hemen, salbu eta gurean, non gure autonomiaren ikur nagusi bilakatu baitute Ertzaintza eta ondorioz ukiezin.

Gaia potolo samarra da, baina ez zen batere gaizki egongo Fabien Jobart eta Florent Calvezena imitatuz eta Ertzaintzaren historia gaitzat hartuz, norbaitek datorren urteko Durangorako komiki eder bat egingo balu. Irakurriko genuke.•