20 DéC. 2025 Entrevue SYLVIA TKAC ETA LAUREN CAMPBELL HIZKUNTZA ABORIGENETAKO INTERPRETEAK «Ez dugu zuriekiko aldea txikituko eskolak gure hizkuntzan izan arte» Sylvia Tkac Australiako anindilyakwa herriko indigena da. Interprete aborigenen trebatze eta akreditazioan diharduen Lauren Campbellekin batera etorri da Euskal Herrira Garabide elkartearen eskutik, hizkuntzak biziberritzeko ADITU programan euskararen esperientzia ezagutzera. (Argazkiak: Urtzi URRUTIKOETXEA) Urtzi Urrutikoetxea Anindilyakwa Australiako iparralde tropikaleko bi irletan hitz egiten zen. Beste mintzaira indigena askoren aldean, bizi-bizirik dago 1.500 laguneko komunitatean. Baina etorkizunean ere hala izaten jarrai dezan urratsak egin beharko dituztelakoan, Euskal Herriko esperientzia ikasi nahi izan dute. Australiako Northern Territory edo Ipar Lurraldeko bi uhartetan mintzatzen den anindilyakwa hiztuna zara. Zer gehiago azal dezakezu zure hizkuntzaz eta herriaz? Sylvia TKAC: Anindilyakwa hizkuntza isolatua da, gure tribuak ez dira kontinentekoak, uhartekoak baizik; horregatik dago isolatuta eta ez du zerikusirik beste inorekin. Badira kontinenteko nunggubuyu aborigenekin harremana duten tribu batzuk -haien hizkuntzari wupui ere esaten zaio-, baina bi hizkuntza guztiz desberdin dira. Intzesturik ez egoteko, beti klanetik kanpo ezkontzen gara, baita kontinentekoekin ere, baina erabat aparteko hizkuntzak ditugu. Nola ulertzen duzue elkar? Elebidunak al zarete bi hizkuntza horietan? S.T.: Bai, jende gehiena elebiduna da. Baina badira hizkuntza bakarra ezagutzen dutenak ere. Non hazten zaren araberakoa da. Izan ere, nunggubuyu amarekin berba egiten baduzu, wupui hizkuntza hitz egingo zenuke; nik ere ama wupui hiztuna dut, baina aitona anindilyakwa hiztuna zen, beraz, nire amak bi hizkuntzak hitz egiten ditu. Nik ere wupuia ulertzen dut, baina anindilyakwa hitz egiten dut, hori baita egunero hitz egiten dudana nire komunitatean. Ezkontzen zaren herriaren araberakoa da, eta haurrak nahiko elebidunak izan ohi dira oro har. Beraz, hizkuntza bizirik dago, haurrei transmititzen zaie. S. T.: Egunero hitz egiten dugu. Baliteke lanean ingelesez egitea, baina, etxean gaudenean, anindilyakwaz dihardugu. Dendara sartzen garenean, anindilyakwaz hitz egiten dugu. Kalean elkar ikusi eta amaren edo aitaren hizkuntzan da solasaldia. Zure kasua, baina, desberdina da. S.T.: Darwin hirian bizi nintzen, eta nire hizkuntza hitz egiteari utzi nion, ingelesez bakarrik irakasten zutelako eskolan. Asko ikasi nuen ingelesez eskolan. Gero aitak esan zidan: uhartera itzuli behar duzu, ama-hizkuntza ikasi behar duzu. Oso garrantzitsua da norberaren hizkuntza ikastea. 14 urterekin iritsi eta hasi nintzen. Garunean txertatuta zegoen, amak txikia nintzela hitz egiten zidalako, baina gero erabiltzeari utzi genion etxean. Amak hitz batzuk bakarrik esaten zituen, baina ez genuen elkarrizketa osorik izaten. Lehengusua eta biok hitz egiten saiatzen ginenean, eskolan barre egiten ziguten. Lotsatu egiten ginen eta hitz egiteari utzi genion. Gero, komunitatera itzuli nintzenean, ikasten hasi nintzen. Talka bat izan zen nire kulturarekin, nire amarenarekin, baina, poliki-poliki, hitz egiten hasi nintzen. Orain ondo dakit, eta seme-alabek eta bilobek ere egiten dute. Egun zure hizkuntzaren itzultzailea eta interpretea zara, baina aurretik irakaslea ere izan zinen. S.T.: Kezkatuta nengoen, hizkuntzaren aldeko aktibista bihurtu nintzen, ohartu nintzelako adin bateraino bakarrik zutela haurrek eskola gure hizkuntzan; ez geneukan batxilergorik. Horrenbestez, seme-alabak barnetegi-eskoletara bidaltzen genituen, eta hizkuntza egin gabe eta egiteko lotsaz itzultzen ziren. Pentsatu nuen, “hau gure gazteen bizimodua aldatzen ari da, ez dute gure hizkuntza hitz egin nahi”. Horregatik hasi nintzen proiektu txikiak egiten eta nire jendeari esaten oso garrantzitsua dela gure hizkuntza hitz egitea; etxean hitz egin behar dugu, gazteak barnetegitik itzultzean gure hizkuntza hitz egin behar diegu. Hizkuntzarik ez baduzu, zure identitatea galduko duzu. Eta funtzionatu zuen? S. T.: Bai. Haurrak ingelesez hitz egiten itzultzen ziren, baina, geroago, poliki-poliki egoera aldatzen hasten zen. Nire bi bilobak Darwinen egon ziren denbora batez. Ingeles asko egiten zuten, baina, orain, komunitatean, nahiko ondo hitz egiten dute anindilyakwa. Zergatik? Inguruan hitz egiteko jendea dutelako. Gurasoei esan nien bigarren hizkuntza gisa ingelesa ikasten den eskola batean jartzeko, anindilyakwa baita haien lehen hizkuntza. Esan bezala, irakasle izatea erabaki zenuen? S.T.: Bai, haurren irakasle. Orain irakaskuntzara itzuli nahiko nuke. Sei urtez lan egin nuen hizkuntza zentroan, idazteko trebetasunak ikasi nahi nituen, gero gelan irakatsi ahal izateko. Nork irakatsi zizun? S. T.: Amonak irakatsi zidan. anindilyakwaz idazten eta irakurtzen zuen, eta berak irakatsi zidan. Horrela hasi nintzen eskolarako baliabideak sortzen. Eskolara joaten ginen eta hizkuntza-eskolak ematen genituen, hizkuntza-eskolak egiten genituen gela guztietan. Baina hori eten egin zen. Anguruguko eskolan hizkuntza-eskolak ematen zitueneko istorio triste bat kontatu zidan amonak: eskola elebiduna zen. Zuzendari berri bat etorri eta ordura arteko materialak erre zituen; orduan eten zen hezkuntza elebiduna. Uste zuen umeek ingelesez soilik ikasi behar zutela. Lauren Campbell: Oso garai txarrak izan ditugu hizkuntzaren inguruko lidergo politikoari dagokionez. Batzuetan lurraldeko ministro indigenak ere izan ditugu horren parte. Batzuetan desinformaziotik dator guztia, besterik gabe. Adibidez, uste sendoa dago haurrek ingelesa beharko dutela profesional bihurtzeko eta Australian lana lortzeko. Eta, beraz, horixe da hezkuntza sistemak lehentasun nagusi gisa ematen diena; hori bermatzeko politika izugarri oker bat dago, eskolako lehen lau orduak ezinbestean ingelesez izan daitezen. Egun ere politika hori dago? S. T.: Iraganean kanpamentuak egiten genituen, non haurrak herritik kanpora, landagunera eramaten genituen beren herrialdeari, lurrari, historiari buruz ikas zezaten; han egiten zituzten praktikak, hala nola bilketa, ehiza. Oso ona zen eskola osoak irakasle eta laguntzaile guztiekin parte hartzea. Ondo zegoen, baina beharrezkoa da hizkuntza ikasgelan ere izatea. Matematika irakatsi behar dugu anindilyakwaz. Hizkuntza irakatsi behar dugu. Idazten irakatsi behar diegu. Kanta-lerroak irakatsi behar dizkiegu. L. C.: Ez dakit ofizialki politika hori den jada, uste dut bertan behera utzi zutela, baina hori izugarria izan zen elebidun izateko gogor borrokatu ziren eskolentzat; beren egitura zuten eta beren programazio eta baliabideen garapen guztia egin zuten eta ez zitzaien utzi beren eredua gauzatzen. Aditu, hizkuntzalari eta hezitzaile mordoa egon da erabaki okerra izan zela erakusten saiatzen, haurra hasieratik hezkuntzan inplikatzeko modurik onena haurrari bere ama hizkuntzan irakastea dela frogatzen saiatzen. Egiaz, orain lankidetza berri bat sortu da gobernuaren eta aborigenen erakundeen artean, hizkuntza indartzeko. Baina uste duzu une honetan fokua hizkuntzan dagoela, baita Australiako bulegoetan eta komunitateko buruzagien artean ere? S. T.: Hizkuntza Zentroan lanean ari nintzenean, eskoletako irakasle-laguntzaile indigenei eskatzen genien gugana etortzeko, beren hizkuntzan irakurtzen eta idazten ikasteko. Horrela, eskoletan irakatsi ahal izango zuten. Baina hori eten zuten. Hizkuntza eta Hezkuntza Batzordean dauden hizkuntza-arduradunek elkartu eta esan beharko lukete: zer egingo dugu hizkuntza-eskolekin lotuta? Aspalditik ez dugu izan. Eta, gazteak unibertsitatera joan aurretik, batxilergoa emateko eskola bat ere behar dugu. L. C.: Hizkuntza eta kultura arazo handiagoetarako irtenbide eta sendabide ere badira. Sendatze zentroek lurrarekiko eta kulturarekiko lotura daukate, berdin justizia arloan sortu diren komunitateko auzitegiek ere. S. T.: Uhartean bertan eratu ditugu zentroak, beharrezkoa genuen, ez zezaten inor Darwineko errehabilitazio zentrora bidali. Handik ihes egiten zuten, mozkortu, drogak hartu. Uhartean ere bada alkohola, badaude drogak, baina sendatzeko eremu hobea da. Landa eremura bidaltzen ditugu, ez giltzapera. Alkoholaren, marihuanaren eta etxeko indarkeriaren inguruko programa bikainak egiten ari gara. Irakaskuntzatik itzulpengintza eta interpretaziora igaro zinen. Erabaki horrekin badu loturarik? S. T: Noski, hutsune hori interprete gisa ikusi genuen guztiok. Agintariei esaten genien: «hau ez da funtzionatzen ari, Darwineko errehabilitazio zentrora bidaltzen ari zarete jendea, ihes egin eta gero kartzelara eta errehabilitazio zentrora itzultzen dira». Zikloa etengabe errepikatzen zen. Jakinarazi genien uhartean gure errehabilitazio zentro propioa sortu behar genuela. Komunitateko auzitegietan adinekoak sartu ditugu, hizkuntzan ere eragiten dutenak, eta zigorra komunitatean betetzen dute zigortuek, egindako kaltea erreparatuz. Hasieran ez dizuet galdetu, baina interpreteen lanera iritsi garenez, oraintxe galdera: nondik ezagutzen duzue elkar? S. T.: Harreman profesional hori lanarekin izan dugu. L. C.: Aborigenen Interprete Zerbitzuan hasi nintzenetik ezagutzen dugu elkar. Hamabi urte inguru direla uste dut. Lauren, egon al zara Sylviaren herrian? S. T.: Pare bat aldiz egon da aspaldi honetan. L. C.: Hainbat aldiz joan nintzen bere amonarekin lanera. S. T.: Garai hartan hizkuntza zentroan lanean ari nintzen, amona bezala. Interprete arrunta zen, eta esan zidan: «zure laguntza behar dut». Beraz, berak jarri ninduen interpretatzen, eta laugarren mailako interprete bihurtu naiz, izan daitekeen gorena. L.C.: Aurten elkarrekin egon gara lanean anindilyakwa interprete berriak egiaztatzeko, estu lanean. Eta ikusi nuen Sylvia pertsona ezin hobea zela Euskal Herrira ekartzeko ere, ez bakarrik interprete oso aktiboa delako, baizik eta interprete berrien tutorea delako, itzulpengintzan eta hizkuntzalaritzan eta hizkuntza biziberritzean lan egin baitu. Badakit hizkuntza baten biziberritzean itzulpengintza oso garrantzitsua dela, baina eskolak, hedabideek, badute arnas luzerako ekarpenaren zentzua. Interpretearen lana unean bertan da garrantzitsua, baina hizkuntzaren biziraupenean eta biziberritzean ere bai? L. C.: Bai, noski. Interpreteekin lan egitea zoragarria da, elebidunak eta bikulturalak diren pertsonekin lan egiten duzulako. Egunero bultzatzen dute beren hizkuntza-karreraren profesionaltasuna, egunero lan desberdin batera joaten dira. Profesional ezberdinekin ari dira lanean eta egunero egokitu behar dute beren hizkuntza kontzeptu berri horietara. Benetako aberastasuna dute, hizkuntza-trebetasun handia. Niretzat, oso garrantzitsua da interpreteei maila honetaraino laguntzea, ziurtatzeko lan hau serio hartzen dutela. Batetik, gizarte-justiziagatik. Australiako indigenen interpreteek ia egunero izaten dituzte berebiziko garrantzia duten solasaldiak, egoera oso larrietan, bizia aldatzen dutenak. Polizia-etxeetan egiten dute lan, ospitaleetan, auzitegietan, espetxeetako funtzionarioekin, gizarte segurantzako funtzionarioekin. Familiei haurrak kendu edo itzultzea erabakitzeko solasaldietan. Bada, egoera horietan guztietan, interpreteak oso garrantzitsuak dira beren hizkuntza-komunitateentzat, oinarrizko zerbitzuetarako abiapuntu baitira. Tentsio, estres eta garrantzi handiko uneei egin behar diete aurre, karga politiko eta botere-desoreka handiko uneei. Indar handia behar da. Komunitatearen aldetik, kulturalki, laguntza behar dute. Bi munduren artean ibili behar dute. Mendebaldeko mundutik, gutxienez, laguntza eskaini behar diegu. Zeuk, Sylvia, bi mundu horien arteko ibilbidea egiten duzu. Etengabeko zubigintza lana da Mendebaldearen eta zure herriaren jatorrizko mundu-ikuskeraren artean. S. T.: Giza eskubide kontua da. Sistema juridikoa, legala edo medikoa ulertzea, ulertzen ez duzun hizkuntza kolonial horren kontzeptuak ulertzea, giza eskubidea da. Benetako zailtasunak dituzte gertatzen ari zaiena ulertzeko ere. Interprete bat izatea legezko eskubidea dute. Abokatu batek legalki ordezkatu behar ditu eta interprete bat izan behar dute esan zaiena zehatz-mehatz interpretatzeko, kontzeptuak ulertzeko. Batzuetan, esanahian oinarritutako interpretazioa egin behar dugu, beren egoeran zer gertatzen den ulertzeko. Oso garrantzitsua da, ezinbestekoa, mezu egokia jasotzea. Aborigen interpreteen zerbitzuak gogor egiten du lan. Bi urte eman ditugu osasun-hiztegia egiten, eta egunero daramagu aldean. Horri begiratzen diogu trabatuta bagaude eta esaten badugu, «ados, zer da? Ebakuntza bat egin behar dutela? Apendizitisa!». Hiztegi juridiko arrunt bat ere badugu eta entzun dut laster eguneratuko dela, beraz, ditugun baliabide txiki hauek gurekin eramaten ditugu, bai, eta hori oso ona da guretzat. Ez nago ziur Australiako beste interprete zerbitzuek gauza bera egiten duten, baina guk baditugu gure baliabideak, zalantzarik gabe. Eta, gero Lauren dugu: «Lauren, herritar bati fidantza edo baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera azaltzen ari naiz. Agertoki edo gidoi bat idatz dezakezu praktikatu ahal izateko?». Batzuetan, badakizu, baldintzapean espetxetik ateratzen uzten dizute, baina egunero edo egun zehatzetan auzitegira itzultzeko esaten dizute, bestela, berriro atxilotzeko agindua emango dute. Interpretazio zerbitzuak beharrezkoak dira horrelako kontuak argi azaltzeko. Zerbitzuak helburu praktiko soila du, ingelesik ez dakitenei itzulpena eskaini, ala hizkuntza-eskubideak ere aintzat hartzen ditu? Hau da, hurrengo belaunaldiak, elebiduna izanik, ez du jada zerbitzu hau beharko? L. C.: Ahalegin asko ari dira egiten uneotan Australiako indigenen eta ez-indigenen arteko arrakala ixteko. Kontu asko dira: osasun neurriak, lege neurriak, espetxeratze kopurua... Hezkuntza ere garrantzitsua da, oso hezkuntza maila txikiarekin amaitzen baitute eskola indigenek. Beraz, oraindik bide luzea dugu egiteko horretan. Sylviak dioen bezala, jendeak normalean familiaz, futbolaz eta arrantzaz hitz egiten du. Poliziarekin elkarrizketa bat baduzu, gai horietatik haratago joan behar duzu, kontzeptu konplexuagoetan sartu behar duzu, eta askotan horretan du arazoa jendeak. Beraz, denbora luzez beharko ditugu interpreteak. Agian ez hizkuntza-talde guztietan, baina zalantzarik gabe anindilyakwek denbora luzez beharko dituzte interpreteak. S. T.: Ohartu naiz eskola amaitu ez zutenek edo eskolara askotan joaten ez zirenek, batez ere gazteek, beti beharko dituztela interpreteak, ez baitute ulertzen poliziari ezer ez esateko legezko eskubidea duten kontzeptu hori; ez dute ulertzen eta dena esaten dute. Horregatik behar da interprete bat hezkuntza gutxiago duten pertsonentzat. Ondo hezitako pertsona batzuek esango lukete: «ez, ez dut zurekin hitz egin nahi. Nahiago dut nire abokatuarekin hitz egin». Oso ondo trebatutako profesionala da Sylvia. Zenbat Sylvia beharko lituzkete anindilyakwak eta beste hizkuntzek? L. C.: Hizkuntza asko galdu dira, eta orain biziberritzen ari dira. Lo dauden hizkuntzak esnatzeaz hitz egiten dute hegoaldeko eta ekialdeko kostaldean, eta hirietan. Beraz, ez dira interpreteak dituzten hizkuntzak, baina hizkuntza-lan asko egiten ari dira, biziberritze-lan asko, helduen hezkuntzarekin lotuta asko. Torres itsasartean, Torres itsasarteko kreoleraz edo yumplatok hizkuntzaz hitz egiten dute. Hizkuntza tradizionalak ere hitz egiten dituzte, baina gutxiago. Zalantzarik gabe, gainbehera bat dago, kezka bat dago eta ahalegin asko egiten ari dira eusteko. Interpretazio-eskaerek gora egitea espero dugu. Zalantzarik gabe, bultzada bat dago itzulpengintzarekin edo audio itzulpengintzarekin lotuta, eta Sylviak ere lan asko egiten du horretan: komunitateari begirako itzulpenak, mezularitza, egokitzapenak... Garrantzitsuena audientziarekin lortu nahi den emaitza da. S. T.: Itzuli beharreko mezua uhartea jotzear dagoen zikloi bati buruzkoa izan daiteke. Edo beste edozein larrialdiri buruzkoa. Batzuetan nik egin dezaket, edo mezu errazagoak beheragoko mailako interpreteek egin ditzakete. Komunitatearentzako mezuak dira, beren lehen hizkuntzan entzun ditzaten. Bestetik, arrakala nola itxi aipatu dugu. Eskolak gure hizkuntzetan izango bagenitu, gure unibertsitateak izango bagenitu, horrek arrakala itxiko luke. Gure medikuak, gure irakasleak eta gure abokatuak izango genituzke. Edozer izango genuke. Baina uneotan, hori guztia falta zaigu. Horregatik ez gara inora iristen. Ez dugu aldea txikituko gure unibertsitateak gure ama hizkuntzan izan arte, ez dugu zuriekiko aldea txikituko eskolak gure hizkuntzan izan arte. Jendeak dena ulertuko du bere hizkuntzan ikastean. Oso zaila da matematika ingelesa irakasten saiatzea haur aborigen bati. Galdu egiten da. Zeintzuk dira zailtasunak irakaskuntza, esaterako, zuen hizkuntzan lortzeko? L. C.: Prozesua hastea da zaila. Istorio gogor asko daude komunitatean: oinarrizko beharren faltan diren pertsonak, jende gehiegi bizi den etxeak, garestiegia delako dendan janaria erosterik ez duten familiak, belaunaldien arteko traumak.. Horren guztiaren ondorio pila bat daude. Gero, jakina, eskola elebidun bat izateko, irakasle elebidunak behar dituzu. S. T.: Hori da. Eta gure irakasleek behar bezala prestatuta egon behar dute irakasle onenak izateko. Eta hori oso garestia da uneotan.