14 FéV. 2026 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Maitasun aitortza bat Iraitz Mateo Eibarren irudikatzen zaituztet batzuk, Intxaurrondotik entzun zintuztedan asko. Tripak uzkurtuta izan arren besarkatuta ikustea gustatuko litzaidake. Galderak egitea eta hitzak jostea tokatu zait, ordea, azken asteetan, diafragma korapilatzea eta begiak bustitzea. Loreek arintzen naute ni horrelakoetan, eta Intxaurrondon loreak egoteak poztu ninduen, tokiak berresanahitu behar baitira. Torturatuak izan zinetenean zer sentitu zenuten eta duzuen galdetzearen atrebentzia hartu dugu, interesez, eta aldi berean ofizioaren halabeharrez. Zalantza askorekin, berriro bizi izan zenutena kontatzetik pasarazteak sortzen baitigu ezinegona guri ere. Hor ere badago zer pentsatua, nola kontarazi sufriarazi gabe? Emagini ikasi diot geruza ezberdinetan eragin behar dela, baita hirugarren pertsonan bizi izan ditugunengan ere «erreparazio sozial horretan eragile aktibo bilakatzeko bultzada izateko». Sarritan lehen pertsonan, bigarrengoan edo hirugarrengoan bizi izanak, belaunaldiartekotasunak banatzen gaitu, baina hain zuzen ere horrek elkartzeko egingo dugu indar. Ahalegindu ziren gezurretan ari zinetela saltzen, baina guk badakigu ezetz, guk sinesten zaituztegu, guzti-guztiei. Ezin dugu imajinatu zer min duzuen, «tortura ezin da erreparatu. Beti izango dugu zauri hori barnean, betiko eramango dugu» esan zenuten, ez dizuegu esango minik ez sentitzeko, ez eta gainditzen dela edota nola tratatuko genukeen ere. Min intimo bezain politiko horiek, konplizitatezko pozek eta bidean topatutako tresnak partekatu nahi izanez gero, eskuzabalik izango gaituzue. Guk entzungo zaituztegu, eta entzuteko ez dugu zertan hitz egin. Nekane Txapartegiren hitzak dira: «Torturatu gintuzten, ninduten. Erori nintzen, gara. Altxa gara, hemen gaude eta borrokan jarraitzen dugu». Alboan izango gaituzue bide horretan, borroka horretan. Zuek ere ekarri duzuelako gure herria honaino, borrokalariak zaretelako, zuei esker gaudelako gu hemen. Zuek ere bazarete gure borrokaren iruditegia, asmatuko ditugu kantu berriak. Ahotsa urraturik, gorputzetik gorputzera transmititzen omen dira askotan orbanak. Gorputza publiko egitea erabakitzeak dakarren guztiarekin. Eta bakoitza bere erritmora, baina horretan ere ari zarete: elkarrizketak ematen, gune intimoetan aztarrika, karpeta urdinak betetzen, terapia ordaindu ahal izateko laguntzen, isiluneak errespetatzen, herriz herri gertatutakoa aitortzen, astearte arratsaldeak badaezpada zain igarotzen, autobusak betetzen, burokraziarekin eta oroitzapenekin borrokatzen, elkarri denbora ematen… Hori elkartasuna da, eta maitasuna. Komunitate, herri eta proiektu politiko batekiko maitasuna. «Herri honetako instituzio nagusiek sistematikoki torturatu dela aitortzeak arrazoia ematen digu, demokrazia eza onartzen duelako», esanez ospatu izan dugu maiz, baina Aiora Epeldek garbi esan zuen: «Aitortza kolektiboa guk lortu dugu, eta horma gehiago jaurti beharko ditugu agertoki berrietara heltzeko». Jaurtiko ditugu hormak batera. Hitzematen dizuegu ez dugula ahaztuko. Begietara begiratuko zaituztegu, isiltasuna errespetatu. Baina ez dugu ahaztuko. Ez dakit nola idatziko dugun, ez dakit nola eramango dugun pantailetara, eta hurrengo belaunaldietara, baina zuengatik egingo dugu. Besarkada eta lore bana gaur Eibar bete duzuenoi, eta baita motibo bat edo beste medio joan ez zaretenoi ere. • «Hori elkartasuna da, eta maitasuna. Komunitate, herri eta proiektu politiko batekiko maitasuna»