GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Eginekin erakutsi

Irudian, Mugak bienalaren eskutik jarritako «Utopia: prohibido el paso» instalazioa.

2019. urtetik hona, Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) arkitektura eta berau inguratzen duten gaiak sustatzen eta gizarteratzen egin du lan. Mugak bienalaren bueltan antolatutako jarduera, erakusketa edota interbentzio artistiko-arkitektonikoak egin izan dituzte gure herri eta hirietan. Horrez gain, Peña Gantxegi sariaren bidez, Euskal Herriko arkitekto gazteen esfortzu eta kalitatea saritu dute, eta, 2024tik hona, European Collective Housing Award berrien eskutik etxebizitza kolektiboen proiektuek gizartean duten garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Uste dut eskertzekoa dela gure herrian arkitekturaren kalitatearen defentsa eta sustapena egiten duen erakunde bat izatea, eta hortaz, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak duela ia hamarkada bat hartutako erabaki hori goraipatzekoa da.

Ekainaren hasiera honetan, Institutuan bertan aurkeztu da aurtengo Mugak bienalaren leloa: “Ederra, Egokia, Eskuragarria”. Bienalaren helburua, ezinezkotzat dugun triada hori arkitekturan lortu beharraren inguruan eztabaidatzea izango da. Beharrezkoa den eztabaida horretaz bienalaren edukia ikusi ostean ariko naiz, agian. Baina gaur, hiru hitzon zentzuaren, Arkitektura Institutuaren jardunaren eta Euskal Herrian egiten den arkitekturaren arteko gogoeta bat etorri zait burura.

«Ederra, Egokia, Eskuragarria». Euskadiko Arkitektura Institutuaren jardunak lelo horrekin bat egiten duela sinesten dut, eta, hortaz, logikoa litzateke erakundea sortu eta finantzatzen duen Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ere bere egitea premisa horiek. Are gehiago, arkitekturaren kalitatea balio kultural bat dela erabaki duen eta hori sustatzeko erakunde bat sortu duen Jaurlaritzak bere sail guztietan aplikatu beharko lituzke bertatik bultzatutako ideiak. Areago oraindik, pentsa liteke halako institutu bat duen gizarte batek, nolabaiteko balioa ematen diola alor honi. Baina hori, normalean, ez da hala izaten.

Euskal Herrian arkitektura ona egiten da, bai. Salbuespen modura. Frank Gheryk Asturiaseko Printzearen Saria jasotzean argi esan zuen: «Gaur egun egiten den arkitekturaren %98 zaborra besterik ez da». Momentuan oso kritikatua izan zen hitz horiengatik, baina denbora aurrera joan ahala eta distantziak distantzia, gero eta egia gehiago ikusten dut esaldi horretan.

Gure paisaia eraiki garaikide gehiena, administrazio, eraikitzaile zein bezeroen arteko eguneroko jardunak sortua, ez da ez ederra, ez egokia, ez eta eskuragarria ere. Burura datozkit zebra koloreko blokez eraikitako auzo berriak, merke izatetik urrun, inoiz “hiri” izatea ere zail dutenak. Burura datozkit eraginkortasun energetikoaren izenean zaharberritutako eraikinak, jatorrizkoen materialen goxotasun eta detaile guztiak galdu ostean, etxea berotu baina kalea hozten dutenak. Burura datozkit ehunka eta ehunka proiektu, helburuz goresgarri, eginez mingarri direnak.

Ez eder, ez egoki, ezta eskuragarri ere.

Ardurak banatzen hastea hutsala da, gizartearen lehentasunen isla baita egoera, baina administrazioek, udaletatik hasi eta erakunde gorenetaraino, eginekin erakutsi beharko lukete bidea. Dibertimendu edo turismorako pizgarri bat izatetik haratago, Euskadiko Arkitektura Institutuaren jardunak irizpide, helburu eta erreferentzien sorburu izan beharko luke gainerako erakundeentzako. Bere jardunean saritu eta erakusten dituzten proiektuak gure arkitektura eta hiria egiteko moduaren oinarri bihur daitezen. Arkitekturaren %98 bikaina izatea bilatu gabe, kritika salbuespena eta egokitasuna norma izango den etorkizun batekin amestu nahi nuke. Ea bienal honek lo goxo baterako arrazoiak ematen dizkigun. •