11 AVR. 2015 Orri zuri bat eman dizute Garazi Goia Nahi duzuna egin dezakezu. Askatasun guztia daukazu nahi duzun hori idazteko. Mugarik gabe. Barru-barrutik ateratzen zaizun hori kanporatzeko lizentzia ematen dizu norbaitek. Maitasun debekatuari buruzko poesia. Inoiz esatera ausartu ez zaren hori. Iritzi bat. Ikuspegi bat. Begirada bat. Agur bat. Zuretzat. Beste norbaitentzat. Hitzak dira. Bizitzak aurrera jarraitzen du. Bere erritmoan. Pausarik gabe. Zuk idazten jarraitzen duzu. Liburu bat argitaratzen da. Eguneroko bat ezkutatzen duzu lastairaren azpian. Sutara botatzen duzu idatzitakoa. Gaur lau eskutitz eman dizkidate. Aldi baterako agur bat gordetzen zuten. Horrek eman dit hau idazteko inspirazioa. Mila esker. Orri zuri bat eman dizute. Hamabost urte dituzu. Paradisuaren deskribapena egin dizute. Gezurrezko heroi batzuen ahotik datozen hitzak dira. Betebehar batzuk dituzula sinestarazi dizute. Hori da egin behar duzuna, hori da bizitza honetan gizateriarentzat egin dezakezun hoberena. Eskertuko dizu. Jainkoak. Jainkosak. Gorengoa den horrek. Norbaitek. Hitz potoloak. Alienatzaileak. Pentsaera inozenteei burla eginez. Eskutitz bat utzi diezu. Zure gurasoei mezu bat utzi diezu orri zuri horretan. Bazoazela esanez. Zure betebeharra dela esanez. Mundu honetako injustizien aurka borrokatzera zoazela. Ez daukazula damurik. Besteengatik egiten duzula. Beraientzat. Erresuma Batuan ezaguna egin da azken hilabeteetan, Siriara joan diren hiru nerabeen istorioa. Egun batetik bestera desagertu ziren. Aireportuko kameretan ikusi ziren lehenengo irudiak. Londrestik abiatu ziren. Istanbulera iritsi eta han hemeretzi orduz zain egon ostean, auto bat iritsi zen autobus geltoki hartara. Estatu Islamikoaren entrenamendu herrietako batera eraman zituzten handik. Gerrarako prestatzera. Ezkondu eta beste jendea erailtzeko prestatzen zebiltzan nerabeekin bizitzera. Ideia politiko eta erlijioso batzuek bultzatuta. Salbatzaileak dira. Ideia erromantiko inkoherente horren atzetik doazen roboten gisara. Ezer zalantzan jarri gabe. Zerbait zalantzan jartzeko gaitasunik gabe. Mezu bat utzi zuten, orri zuri hartan. Orri zuri bat eman dizute. Gehiengoak ez dauka mezurik. Aurrera jarraitzen du. Eskutitzik idatzi gabe. Mezurik utzi gabe. Orri zuri bat eman dizute. Egun batean zure izena ezaguna egingo dela idatzi duzu. Orri zuri horretan. Gorroto duzun jende guztia bildu duzu hegazkinean. Damian Szifronen “Relatos Salvajes” filmean bezala. Mendeku nahiak bultzatzen zaitu. Kontrola zure eskuetan dago. Alpeetako hegazkin istripua jazo eta handik bi egunera estreinatu dute filma Londresen. Polemika sortu du. Andreas Lubitz pilotuaren etxean eskutitz bat aurkitu dutela irudikatu dut. Bere plana aipu guztiekin kontatzen zuen eskutitz bat. Berdin da gaixo zegoen. Zein tratamendu jarraitzen zuen. Edo bere historial psikiatrikoa zein zen. Edo egun horretan mundua inoiz baino beltzago ikusten zuen. Edo, inoiz baino positiboago. Eskutitzek, hitzek, orri zuriek, segurtasun prozedurek, diskurtso etikoek, irrazionaltasuna moztu nahiak, ez dute ezertarako balio norbait bere buruaz beste egiteko prest dagoenean. Norbaitek bere bizitzari amaiera eman nahi dionean. Ez dago kontrolik. Ez dago norbait hori geldituko duenik. Alferrikakoa da. Orri zuri bat eman dizute. Fikzioa idazteko. Beste guztia ezabatzeko. Gertatukoa gezurtatzeko. Orri zuri bat eman dizute. • Eskutitzek, hitzek, orri zuriek, segurtasun prozedurek, diskurtso etikoek, irrazionaltasuna moztu nahiak, ez dute ezertarako balio norbait bere buruaz beste egiteko prest dagoenean. Norbaitek bere bizitzari amaiera eman nahi dionean