02 MAI 2014 Eskeko koplak Amaia Agirre Askotan esan eta entzun izan da irakasleak ondo bizi direla. Iruzkin edo uste horretan ere murrizketak egiteko moduan gara azkenaldi honetan. Hanka motz eta mingain luze geratzen den esamesa da. Nafarra anai zaharra ere etxetik kanporatu nahi den garaiotan, Araba zazpigarren alaba ere mantenu bila dabil, erreferente bila, gotorleku behar lituzkeen irakaspenen xerka. Geroaren sehaskaren beroa ezin atzeman sumatzen dugu Iparraldea ere. Bide berean urratsez urrats joan nahi duen sendiari gurasoen babesa falta zaio. Uhinez uhin hizkuntzaren eta hezkuntzaren itsasoan miliak egin nahi dituen euskal ontziari lemazainak huts egin dio. Lemazainaren faltan lema on baten zain gabiltza gure herrian. Hezkuntza «ez kutxa» bihurtu da, dena da ez, eta ikastetxe eta unibertsitateetan euskarak eta diru laguntzek hondoa jo dute. Sakon hausnartu beharreko gai honetan sakontasunean ezin arnas hartu geratzeko arriskuan gaude. Gauzak ondo ez egiteak hondoa jotzea dakar hezkuntzan ere, eta ekonomiaren gainbeheraren ondorioak, olatuak altxarazi ditu ikastetxeetako erreka eta unibertsitateko ibaietan. Orriak eta orriak idatz daitezke murrizketak zerrendatzen, eta hala ere murritz geratzeko arriskua legoke. Bertsoak jartzeko moduko egoera da bizi duguna, baina bertsolaritzari ere ateak eta ahoak itxi zaizkio hezkuntza arautuan, eta ezin koplak jarri. Zortziko handitik lauko txikira murriztu dituzte diru laguntzak, eta alferrik da gobernua eta Eusko Jaurlaritza puntukako saioan elkarri mokoka aritzea. Bekak, heziketa bereziko irakasleak, ikerketarako aukerak, irakasleen berritze planak… ezinbestekoak dira gure hezkuntza sisteman. Dena da, ordea, gabezia. Gabeziak, ordea, ezin eragin dezake egungo gaztea hezkuntza duin bat gabe hezia izatea. Gabeziak ezin du «gabe hezia»-ren sinonimo izan. Iritsi da mahaiak eta aulkiak elkartzeko ordua. Arkatzak zorroztu eta akordioak izenpetzeko tenorea heldu da. Txorroskiloak gertu izatea ere komeni da, baina ez eskaera eta behar orori punta ateratzeko, hizkia argiagoa eta gardenagoa izan dadin baizik. Gaizki ulertuetarako tarterik ez dadila izan gure eskaera orrietan. Eta borragoma ere aldean eraman dezagun, baina ez gure eskabideak eta eskubideak ezabatzeko, gaizki egina zuzentzeko baizik. Azter dezagun, eta egin dezagun proba, baina mahaiak elkarren ondoan eta aurpegira begira. •