16 MAI 2014 Bizimodua Josu Imanol Unanue Goiz esnatu eta lanera heltzeko abiadan trena hartzea da nire erronka nagusia. Badakit nire lagunentzat arraroa dela nik autorik ez izatea eta, ahal dudan guztietan, garraio publikoa erabiltzea. Hala esaten didate behintzat. Badirudi gure herrian normalena kalean milaka auto izatea dela. Badakit, baita ere, aparkaleku gutxi daudelako edo daudenak ez direlako nahiko gero eta kexa gehiago daudela, baina, inor konturatu al da zenbat espazio kentzen diguten autoek herritarroi? Bakoitzak, gutxienez, 6 metro koadro. Beraz, gure herrian 9.000 auto badaude, 54.000 metro koadro daude haientzat, metro koadro “mugikorrak” gainera. Orain gutxi, antzinako argazki bati erreparatu eta kalean zenbat jende egon ohi zen ohartu nintzen, haur pila bat jolasean eta jendea pasioan. Argazkiko kale hartatik pasa naizenean ikusi dut egun ez dagoela horretarako lekurik. Dena autoz beterik dago! Herriak ez dira oinezkoetan pentsatuta diseinatzen, baizik eta autoetan pentsatuta: kale zabalagoak, aparkalekuak, zebra-bide gutxi batzuk oinezkoentzat... Autoek agintzen dute.Badakit garraio publikoaren alde egiten dugunok gero eta arraroagoak garela, baina horrela egin ezean jai dugu! Autoa ez da autoa bakarrik, baita kutsadura, trafikoa, zarata, txatarra... ere, guztiok pairatzen dugun arazo orokorra. Autoaren alde egitean askoren aurkako jarrera hartzen dugu, agintariek ez baitute garraio publikoa bultzatzea beharrezkotzat jotzen. Bitartean, gutxiengoari garesti ateratzen zaigu garraio publikoa erabiltzea, kaleetan autoaren diktadura modernoa indarrean dago eta herriak ez dira pertsonentzako, baizik eta autoentzako. Eskerrak ez dauden etxeetan sartzeko edota eskailerak igotzeko diseinatuta. Hau da hau bizimodua! •