28 JUIN 2014 Ar-emeka Amaia Agirre Ar-emeka aritzen gara han-hemenka. Ikerketak izaten dira egia absolutuaren laguntzaile, dena aztertu eta dena frogatu behar den gizarte honetan. Umetatik ikasten dugu konparazioaren bidez gure lekua non dagoen zehazten. Gauza eta pertsona bakoitzaren balioa besteekiko erkaketak ondorioztatzen du. Munduan gure lekua horren araberakoa izaten da, zoritxarrez. Lorpenak edo nork bere penak. Eta horixe gertatzen da emakumezkoen kirolean ere. “Emakumezko” hitza aurretik daramaten alor guztietan, esango nuke. Ez dira egun asko, futbolean, Kopako finala jokatu zela, baina izan duen oihartzunak ez du gure belarririk zulatu, ezta kilimatu ere. Eta ikerketek dakarte arrazoia, besteak beste. Abiadura, intentsitate eta ibilitako distantziaren arteko aldeak argitzen du sekretua. Goi mailako ehun emakume eta gizon jarraitu, neurtu eta ikertu omen dituzte. Ni emaitzek ez naute harritu, noski. Begi bistakoa da ezberdintasuna eta diferentzia, intentsitatea eta distantzia, baina askotan jakintza eta intentzioan dago alderik nabarmenena. “Goi mailako futbola” deitzen zaie biei, baina biak ez dira goi mailakotzat hartzen. Izendatu bai, baina tratatu ez. Ezta kontatu eta kobratu ere. Hiru Liga eta hiru Kopa irabazi dituen jokalari batek 30 urteren bueltan etxerako bidea hartzea ohikoa da. Eta bizilagunak ere ez du ezagutuko, urte asko pasa baititu kanpoan. Estatutik atera gabe, hor ere distantziak txikiagoak dira gizonetan baino, baina urruntasuna ez da askotan kilometrotan neurtzen. Zarauzko hondartzako futbol txapelketan ere sariak ematen dituztenak beti dira gizonezkoak. Futbolean ikur izan direnak eta baita gaur egun izar direnak ere. Zer nahi duzue esatea? Niri ilusio handiagoa egingo lidake bi muxuak bizarrik gabeko baten ezpainetatik baletoz. Eta ez nabil azafata eske, ez. Alderantziz. Horrelako keinuekin onartzen zaio bakoitzari bere lekua eta balioa. Irakurle askori txikikeria irudituko zaio, baina kostata lortzen denak zapore hobea izaten du askotan. Irauli egin behar dira aurrekariak, eta iraultza txikiei lekua eman. Ikerketak ez daude sobera, baina egunerokotasunean eta zernahi arlotan zer gertatzen den aztertzeko gai izan behar genuke, baloiak besteen teilatura botatzen aritu gabe. •