28 JUIN 2014 Arkitektura kriminala Ander Gortazar Balerdi Ez naizenez inondik inora aditu geopolitika kontuetan, Palestina eta Israel arteko gatazkaz hizketan hasiko natzaizue gaurkoan. Lekuz kanpo, ausartegi, pentsa zenezakete. Azken finean, arkitekturari buruzko zutabe batean arkitekturaz aritzea da ohikoena. Eta horrexegatik, arkitekturaz jardun nahi dudalako ekarri dut hona Lur Santua. RIBAk eman dit aitzakia, Arkitekto Britainiarren Errege Institutuak. Aldeko 23 boz, 16 kontrako eta 10 abstentziori esker mozioa onartu zuen RIBAk joan den martxoan Arkitektoen Nazioarteko Batasunetik (UIA) at gera zedin Arkitekto Batuen Elkarte Israeldarra (IAUA). Mozioak honela dio: «Arkitekto Batuen Elkarte Israeldarrak UIAren 13. ebazpenari entzungor egin dionez, RIBAk UIAri dei egiten dio, gure lanbidearen estandar etiko eta profesionalaren nazioarteko zaindari gisa, Arkitekto Batuen Elkarte Israeldarraren bazkidetza bertan behera utz dezan, legez kanpoko proiektu hauek eragotzi eta nazioarteko legedia eta UIAren akordioak aintzakotzat hartzen dituen arte». RIBA, bistan da, Palestinako koloniei buruz ari da, bai eta lanbidearen eta etikaren arteko harreman gatazkatsu hori duintasunez gobernatzeari buruz ere. Deontologia, kontzeptu beharrezkoenek izen ezin itsusiagoak izan ohi dituzte maiz. Eztabaida ez da hutsaren hurrena. Izan ere, Israelen okupazioaren testuinguruan, arkitektura eta lurralde antolakuntza dira sarraskia aurrera eramateko erreminta nagusiak: establezimenduak, errepide bereiziak, eremu industrialak, harresia. Arkitektura kriminala. Arkitektura dela medio urratzen dira kolonietan nazioarteko legedia eta giza eskubideak; arkitektura dela medio egiten zaie entzungor Genevako Konbentzioari, Nazioarteko Justizia Auzitegiari, Nazio Batuei. Komeni da azpimarratzea, beraz, eraikin eta azpiegitura horiek guztiek arkitekto baten sinadura daramatela, bai eta Arkitekto Batuen Elkarte Israeldarraren oniritzia dutela ere. Prismatikoak kendu eta gertu begiratzeko betaurrekoak begietan, adreiluaren krisia datorkit burura. Almeriako Algarrobico hotela, esaterako, parke natural baten erdian eraiki zuten hotela. Bertako logelak marraztu zituen bekaduna imajinatzen dut, sekzioak landu zituen arkitektoa, igerilekua eta kanpo-espazioa diseinatu zituen paisajista. Kate osoa banan-banan, proiektu ekokriminalaren dokumentazioa jaso eta duda-mudarik gabe zigilatu zuen Arkitektoen Elkargoko langilearengana iritsi arte –«Balekoa, onartua!»–. Arkitektura elkargo profesionalen egitekoa, langileak defendatu eta diseinuaren bikaintasuna sustatzeaz gain, arkitekturaren inplikazio etiko eta politikoez arduratzea ere bada, baina akzioz ala omisioz, gutxitan gertatzen da halakorik. Optimista naiz, edonola ere, esperantza guztiak jarriak baititut adreiluaren su-etenak ireki duen aro politiko berrian, bai eta Israel eta Palestinak hasi dituzten bake elkarrizketetan ere. Desioa hirukoitza: utz ditzatela adreiluak –eta hormigoia, bide batez–, aitor dezatela egindako mina eta eska dezatela –hau hautazkoa da, baina eskertuko nuke– barkamena. •