GAUR8 - mila leiho zabalik

Hankaz gora jartzea, oinarrizko beharrizan


Zuzen eseri, ondo ibili, garaiz iritsi, jator portatu, kabala izan, langilea izan, seinaleak errespetatu, txanda itxaron, garbia izan, sano jan, ez erre, birziklatu, baimena eskatu, politikoki zuzena izan, pentsatu hitz egin baino lehen...

Halako itolarriarekin bizi gara batzuetan arnasa hartzea bezain beharrezkoa dugula hankaz gora jartzea. Neurririk gabe barre egitea edo isiltzeko asmorik gabe negarrez hastea. Hil ala bizikoa bihurtzen zaigu lurrean arrastaka ibiltzea, ordutegiak aldrebes jartzea, gosaritan bazkaltzea eta bazkaritan gosaltzea. Ezer ez egitearen plazera gozatzea, edonori bizkarretik eustea eta zapatilen zuria erabat tapatu arte ez erretiratzea. Egunerokoa aldrebes jartzea oinarrizko beharrizana da, arnasa hartzea bezala.

Eta onena da guztiz aldrebes jarri ondoren eguneroko hori erabat zuzen ez jartzea bueltan; pixka bat okertuta utzi, jostagarriagoa izan dadin. amagoia.mujika@gaur8.info