13 DéC. 2014 Super Ibrahim Koldo Sagasti Urteak dira Ibrahim tabernaz taberna lanean ikusten dudala. Gazte adeitsua da. Irribarre bat oparitzen dio abegikortasunez agurtzen duen orori. Jada zortzi urte dira Senegaletik etorri eta kale salmentan dabilela, baina gaur arte ez gara konplimenduzko hitzetatik pasatu. Gaur eman dut harekin luze eta zabal solas egiteko urratsa, eta bere historiak hunkitu egin nau. Familiaren tailerra utzi eta, etorkizun duinagoa merezi zuela sinetsita, hil ala biziko bidaia batera ontziratu zen egun batean. Berak bezala, igerian ere ez zekiten beste 126 lagunekin konpartitu behar izan zuen Kanarietako kostalderaino eraman zuen patera; zazpi egunez eta zazpi gauez; itsaso sakonean nora ezean. Eta zorionekotzat du bere burua labanaren ahoaren gaineko paseo horretatik onik atera zelako. Gasteizera iritsi eta salmenta ibiltarian lanean sartu zen lehenik, era klandestinoan, ezer baino lehen langilea delako, eta berak dioen bezala, «ez dut bizitza arriskuan jarri honaino etorri eta eskean ibiltzeko». Baina gurean ez du giro samurrik topatu Ibrahimek. Berak aitortzen ez badu ere, etsai-testuinguru batera iritsi da. Kanpotarrei gero eta mesfidantza handiagoz begiratzen dien hiri batera, aurreiritzi xenofoboak elikatzen dituzten agintari batzuek gobernatutako hirira. Beldur da egunen batean bere jardun ilegal bezain zilegizkoan harrapatu eta kanporatuko ote duten. Baina ez du maleziarik, ez du hitz txar bakar bat ere errezeloz tratatzen duten horientzat. Aitaren etxea utzi eta abentura ikaragarri horri ekin zionetik egunez egun gertatzen zaion guztia egutegi batean apuntatzen duela kontatu dit; berak bizitakoa ahantz ez dadin, noizbait norbaitek bere historia idatz dezan. Ez da zutabe bat izango, ezta beldurrezko eleberri bat ere, superheroien istorio bat izango da. Eta amaiera pozgarriduna, arrazismorik gabeko Gasteiz batean. •