GAUR8 - mila leiho zabalik

Egoki aritu herri babesa lortzeko


Boto kontaketa matematikoa ez ezik, politikoa eta, areago, emozionala ere bada, eta hiru ikuspuntuek ez dute, baitezpada, bat etorri behar, are gutxiago aurreiritzietatik abiatuz gero. Joan den igandeko hauteskundeetan, gainera, korapilatsuagoa da irakurketa tokian tokiko errealitateak elkarren artean alderatzen saiatzen bagara, egoera arras ezberdinak baitaude. Ezin, bada, balorazio borobil-borobilik egin, nahiz eta, beharbada, azken urteotan abiarazitako prozesu politikoari zer ekarri dioten edo zer kendu dioten ez den behar beste aztertu, seguruenik arreta gune distiratsu askotxo dagoelako, baita Madril aldetik datozenak ere, urte amaierako hauteskunde orokorren itzalpean.

Euskal Herrian indarrean den egitura juridiko-politikoak inoiz baino babes gutxiago jaso du, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, fase berri bat irekitzeko arrazoi nagusietarikoa. «Erregimenak» ez du herri babesik. Errealitate hori Nafarroara iritsi da eta, beste adibide bat jartzeagatik, Araban ere aldaketa handia egon da urteotan. Hain zuzen, negoziazioaren estrategiaren ahulgune nagusietarikoak hortxe zeuden; mahai gainean jartzen ziren aterabideak, Gobernuaren ezezkoarekin ez ezik, lurralde batzuen herritarren nahiek eragiten zituzten oztopoekin ere topatzen ziren.

Halere, orain lau urte ez bezala, egungo egoerarekin bat ez egiteak ez du berarekin beste egoera batera joateko apustu argirik indartu. EAJren garaipenak horixe azaldu du, eta emaitzok ez aurrera ez atzera aritzeko jelkideen ohiko jokabidea errazten dute. Ez da soilik erritmo arazo bat (mantsoago joan behar izatea), mami arazo bat ere bada (norantz joan beharra dagoen). Kataluniako prozesua moteltzen bada, arazo hori handitu egingo da, EAJko burukideek bete-betean asmatu dutela sentituko dutelako. Gogoratu behar da horko batzuentzat EAJk egin dituen akatsik larrienak Lizarran sartzea eta Ibarretxeren apustua izan direla.

Aurreko hauteskundeetan, Bilduren fenomenoak, proiektu politiko zehatzaz harago, abiatutako garai berria eta prozesuaren nolakotasun eraldatzailea indartu zituen, gatazkaren konponbidearen beharra sendotzeaz gain. Aieteko atarian geunden. Horregatik, oraingo emaitzak ezin positibotzat jo. Horrek ez du esan nahi EH Bilduk ordezkatzen duen aldaketaren apustua oinarri elektoralik gabe geratu denik, ezta gutxiagorik ere. 300.000 bozeko poltsa ez da nolanahikoa. Eta esan beharra dago EH Bilduko bozeramaileak datu horren atzean ezkutatu ez izanak eta arazoak aitortu izanak irakurketa positiboa merezi dutela. Hauteskunde emaitzak prozesuaren erronkaren arabera baloratu behar dira, eta erronka fase honetan egundokoa da.

Horrenbestez, ezkerreko independentismoak egindako berritze estrategikoa –egoera aldatu zuena eta aukera politiko berriak ekarri dituena– amaitu gabe dagoela ondoriozta daiteke, bigarren astinaldi baten zain. Beharbada, denean ez dira hain azkar aritu. Antolakuntza eredua erronka dute oraindik; adibidez, hil ala biziko garrantzia omen duen Fronte Zabala erabat borobildu gabe dutela aitortzeak azaltzen duenez. Eta garai berriaren tamainako kultura politiko berria zehaztu beharra dute estrategia aldaketa bururaino eraman nahi bada.

Gizarteari begira egoki aritu beharra dagoela ere ondorioztatu beharko lukete. Egoki aritzea ez da, nolanahi ere, soilik erritmo –azkar edo motel– kontua. Estrategia aldaketa teorizatu zenean, gako nagusietakoa herri babesa zela nabarmendu zen, baina, beharbada, oraindik zenbaitek, «eskubideak ez dira bozkatzen» ideiari gehiegi tiraka, ez dio edozein eraldaketa proiektuk behar duen herri onarpenari behar beste garrantzirik eman.

Ezin dugu pentsatu, ez delako egia, gipuzkoarrak zaborzale, euskararen etsai, insolidario... kuadrilla bat direnik. Eredu eraldatzaileak gauzatzeko eremu egokia da, oso egokia. Balore franko ondo txertatuak ditu eta aurrera egiteko indarra du, Euskal Herri osoak bezalaxe. Ez, soluzioa ez da herriak dimititzea. •