13 JUIN 2015 Bost gogoeta Iruñeko aldaketari buruz Iñaki Soto Datorrenari buruz bai, baina gaur ez nator mundu zabalaz hitz egitera, baizik eta gure mundu txikiaz, Iruñea berari buruz, hain zuzen ere. Barkatuko didazue lizentzia, baina, dena ondo bidean, hau irakurtzen duzuenean Joseba Asiron Iruñeko alkate berria izango da, eta, uneotan, beste zerbaiti buruz idazteari ez diot zentzu handirik ikusten. Arazoak arazo, akatsak akats eta oztopoak oztopo, Asiron gure hiriburuko alkate izatea ezkerreko soberanisten eta independentisten estrategia aldaketaren, alegia, Euskal Herrian martxan den aldaketa politikoaren arrakastaren ebidentzietako bat iruditzen zaidalako. Uneotan, barne deprimitu eta deprimenteen, arerio zinikoen eta disidente hipokriten kexu eta negarren artean, arrakasta hau errebindikatu behar izatea bitxia eta hein batean are penagarria ere iruditzen zait. Baina, antza, egin behar da. Hemen esango ditudanak ez dira, inondik inora, mandatuak. Ez aginduaren adieran ezta mezuaren adieran ere. Iradokizunak dira, gogoetak, nireak, bost. Horrela irakurri, arren. «Let Asiron be Asiron» Estrategia berriak politikari bikainak azaleratu ditu, lider naturalak, beren betiko lanak baztertu eta momentu historikoa bizitzen ari garela sinetsita proposamen zoro bati baietz esan dioten militanteak. Tamalez, egitura politiko klasikoen jokabideak horietako zenbait erre ditu. Beste zenbaitek eutsi egin diote. Berriak ere sortu dira. Demokrazia apetatsua da, eta, horrelako pertsona bat dagokion arduran kokatzea lortzen denean, bere dohain guztiak baliatu behar dira. Ez dut Joseba Asiron ezagutzen, baina Iruñeko alkate izateko jaio zela esango nuke. “The West Wing” telesailean bezala [https://goo.gl/XHlZfh], Asironi Asiron izaten uztea arrakastaren gakoetako bat izan daiteke. Ondarean aditua da, eta berea bikaina izan daiteke. Aldaketa lau urte baino gehiagorako izango da, edo… Esan bezala, demokrazia apetatsua da. Adibidez, ziur naiz duela lau urte Donostian hauteskundeak igaro eta astebetera bigarren itzuli bat egin izan balitz emaitzek orain atera direnekin orduan jaso zirenekin baino antz handiagoa izango zuketela. Ez genuen hori ondo neurtzen jakin. Nafarroako kasuan, eta batez ere PSNri dagokionez, bere oinarri sozial eta instituzionala orain integratu behar dira aldaketan, nolabait, aldaketa ekiditeko boto nahikorik ez dutenean. Hemendik lau urtera, badaezpada, blokeorako aukera hori baldin badute, erabiltzeko zalantza gehiago izan ditzaten, edo, erabiltzea erabakiz gero, koste politikoa handiagoa izan dadin. Lobby-ek lan handia dute aldaketa honetan. Enfokatu dezatela presio-lana aldaketarik nahi ez dutenengan eta izan daitezela eraikitzaileak aldaketaren ardura dutenekin. Hobe, ez daitezela lobby izan, har dezatela ardura. Gardentasuna ala hil Ez erori klientelismoan. Errepikatu nirekin: «ez erori klientelismoan». Kito. Ez, barkatu: «eta izan profesional, mesedez». Borondate onarekin ez gara urrutira helduko. Izan pirata Barka, ez naiz Donostiako piratez ari, horiei orain balantzea eta aurrera begira zer egin pentsatzea tokatzen zaie. Atzerrian egiten dena pirateatzeaz ari naiz, gurera egokituz, jakina. Caro Ruggeroren gogoeta hau bereziki interesgarria iruditzen zait: “Ciudades inteligentes, ayuntamientos tontos” [http://goo.gl/WgCNz9]. Festa herrikoiak Harrigarria da kanpoko lagun askok Iruñeko aldaketaren eta San Fermin jaien artean egin duten lotura. Edo orain arte Lesakara joan dira edo ez dakit zertaz ari diren. Zer aldatuko da sanferminetan aurten? Funtsean, ezer gutxi. Edo ez. Ez diegu besteei haiek guri egin zigutena egingo. Guztiok izango gara herritar, festan. Ba al dago hori baino gauza herrikoiagorik? Ospa dezagun, gaurtik hasita! Estrategia berriak politikari bikainak azaleratu ditu, lider naturalak, beren betiko lanak baztertu eta momentu historikoa bizitzen ari garela sinetsita proposamen zoro bati baietz esan dioten militanteak