27 JUIN 2015 Usain hori, udaren iragarlea Maider Iantzi Goienetxe Lanetik etxera bidean, errepidean barna, nire arreta erakarri du baserri batetik eta bertzetik ateratzen den keak. Imana bezala atxiki dira begiak suetan. Kristala jaitsi eta usain hori sartu da, istorioz kargatua, udaren iragarlea. Auzoan jolasak, oihuak, hotsak, usain hori, bestarako gonbidapena. Eguzkitan biluztu dugu gure azal zuria; krema kapa bat jarri diogu aurrena, ondotik, hondarrezko eta gatzezko bertze bat... Eta usain hori etorri zaigu, istorioz kargatua, udaren iragarlea. Ostatuan, joan den urteko jaietako gau eder haietako “gure txokoa” berreskuratu dugu; musika topera dago eta oihuka ari gara, elkarrengana hurbilduz eta gure arnasak sentituz... Eta usain hori... “Ligatzea ez da jazartzea, ezetza ezetz da” dioen kartela dugu aurrez aurre. Kanpora nahi baino gehiago hurbiltzen zaizkigun hats desatseginak, eskuluzeak eta begirada zikinak. Ospa negar eragiten diguten “maitasunak”, nahi duguna janzten uzten ez digutenak, eta parranda hondatzen diguten jelosiak. Utikan sarri ikusten ez ditugun arren hesitzen gaituzten kaiolak. Akabo txokoz aldatu beharra, batzuetan tabernaz ere bai, norbaitengandik eskapo. Duela zazpi urteko Sanferminetan hil zuen Nagore Laffage Jose Diego Yllanesek. Erizaintza ikasten ari zen 20 urteko irundarrak uko egin zion 28 urteko psikiatrarekin sexu harremanak izateari, baina hark ez zuen ezezkorik onartu. Heldu den uztailaren 7an, Astelehen Lilak elkartearen ekimenez, Iruñeko udaletxea morez argiztatuko da, Nagore gaztea oroitzeko eta eraso sexisten kontrako jarrera agertzeko. Keinu hori kanpaina zabalago baten parte da, eta ekintza gehiago izanen dira hiriburuan, bertze hainbat herri eta hiritan bezala, kalea, gaua eta jaiak denonak direla aldarrikatzeko. Horiek, eta udara, denonak dira; usainak, ordea, norberarenak, eta bakoitzak aukeratzen ditu nahi dituenak. •