11 JUIL. 2015 Hitzordua, Subilla Gasteizen Koldo Sagasti Uztailaren 13tik 19ra bitartean fracking edo haustura hidraulikoaren aurkako Franckanpada nazioarteko kanpaldia antolatu dute Gasteiz inguruko Subilla herrian. Zama sinboliko handiko kokalekua aukeratu dute gasa ateratzeko teknika kutsakorraren aurkako protestarako, izan ere, kanpaldia egingo duten orubean bertan ziren eraikitzekoak Euskal Herrian lur azpiko hidrokarburoak ustiatu behar zituzten lehenengo putzuak. Eraikitzekoak zirela diot, iragan ekainaren 30ean EAEko Legebiltzarraren gehiengoak onartutako herri ekimen legegileak kolokan jarri duelako egitasmoa. Beraz, badute zer ospatu Fracking Ez plataformako kideek, kanpaina luze bateko lan eskergaren emaitza baita proiektu txikitzaileari oztopoa jarriko dion lege ekimena. Hala ere, jakin badakite mehatxua ez dela guztiz uxatuko abian dauden proiektuak behin betiko gelditzen dituzten arte. Horregatik dira inoiz baino beharrezkoagoak Frackanpada bezalako ekimenak. Baina tokian tokiko garaipen txiki horretatik harago, antolatzaileek ederki asmatu dute hidrokarburoen ustiaketaren inguruko gogoeta testuinguru zabalago eta nazioartekoago batera ekartzen. Horren adierazle dira jardunaldietako egitarau oparoa osatuko duten mundu osoko esperientziak eta gonbidatuak. Frantzian, Britainia Handian, Kantabrian, Katalunian, Aljerian, Errumanian, Kurdistanen edota Turkian fracking-aren kontra garatutako borroken testigantzak izango dira presente topaketetan; baina baita desarrollismoaren aurkako bestelako gogoetak ere, hala nola, Chiapaseko zapatisten lurraren aldeko borroka, TTIParen aurkako mugimendua, eskubide politiko eta zibilen murrizketak, edota eredu energetikoa. Izan ere, fracking-aren aurkakoa ez da tokiko proiektu zehatz baten aurkako borroka, kontsumismo mugagabean oinarritutako gizarte eredu jasangaitza kolokan jartzen duen mugimendua baizik, korda luzea ekarriko duena. Eta hurrengo hitzordua Subillan dauka. •