GAUR8 - mila leiho zabalik

Erdi Aroko fraide ekologistak


Oinez goaz Senario gailurrera, han dagoen monasteriora, Florentzian. Bidezidorra pago eta gaztainondo artean doa, baina tontorretik gertu oso izei altu eta zabalak azaltzen dira, «eta ez hola edo hala jarrita, beste basoetako zuhaitzak hazten diren moduan, ondo ordenatutako milizia baten soldaduak bezala baizik». Esaldia hemezortzigarren mendeko fraide batek idatzi zuen, Andre Mariaren mirabea, ekologista, diziplina zalea. Senarioko fraideen batzarretan, izeiak botatzea adostu zuten, eraikinak egiteko: eliza, fraideen gelak, bulegoak. Baina ondoren «izei kopuru handia» landatu behar zela erabaki zuten, basoa birsortzeko. Inguruetako biztanleei izeiak moztea eta egurra jasotzea debekatu zieten, «lekuaren edertasuna honda ez zezaten». Zigor bat ere prestatu zuten: «Erretorearen baimenik gabe zuhaitzak botatzen dituenak ur eta ogi barau egin beharko du; botatako zuhaitz bakoitzarengatik, egun bateko baraua».

Monasterioko webguneak dioenez, izeiekiko ardura horrek fraideek naturari beti izan dioten maitasuna eta euren ekologismo aitzindaria frogatzen ditu. «Fraidearen ibilbide espiritualaren sekretua gordetzen dute zuhaitzek; beraz, basoa zaintzea norberaren hazkuntza zaintzea da, Jainkoarekin eta kreazioarekin komunio perfektua lortzeko bidean».

Errezeloa diet ekologista batzuei. Adibidez: pobreek baliabideak gehiegi ustiatzen dituztelako kezkatuta dauden aberatsak; Manhattango basoak bota edo Kantauri itsasoko baleak suntsitu dituzten aberatsak, orain pobreak asko kontsumitzen hasi direlako arduratuta –begira txinatarrak, indiarrak, brasildarrak, jende horiek, ia gure kontsumoaren laurdenera iristen ari direnak–, eta panorama itsusi ikusten hasi direnez, kuotak, debekualdiak, luzamenduak ezarri nahi dituztenak. Behar dituzten izei guztiak bota eta gero, besteei baimenak banatzen dizkieten erretoreak.

Erdi Aroko fraideak izeiak landatzen, kimatzen, zaintzen irudikatzen ditut, edertasunarekin gozatzen, kreazioaren mirariekin liluratuta: lehenengo ekologistak. Mugello eskualde honetako nekazariak ere irudikatzen ditut, izeietan sekulako egurra ikusten zutenak txabolak eraikitzeko, sua pizteko, kuzinatzeko.

Irudikatzen ditut: beraz, bidegabekoa, ezjakina, demagogoa izango naiz ziurrenik.

Ez dakit: erretoreak baimen nahikoak ematen omen zizkien egurra behar zutenei. Tira, bai, emango zizkien. Pentsa dezagun baietz.

Jakin badakit: baimenak erretoreak ematen zituela.

Eta zergatik ematen zituen erretoreak? Mendia berea zelako. Eta zergatik zen berea? Ubaldini familiak, zazpiehun urtez Mugelloko eskualdearen jaun eta jabe feudal izan zenak, Senario mendiko lurren eta basoen heren bat fraideei oparitu zielako. 1241eko ekainaren 12an, Giuliano Ubaldinik «bere arimaren salbaziorako» eman zizkien lursailak Andra Mariaren mirabeei.

Fraideek mendi puska handi hura jaso zuten; Ubaldini jaunaren arima zeruetara igo zedin otoitz sutsuak egin zituzten; izeiak bota zituzten, lehenengo tenplua eta lehenengo gelak eraikitzeko; izei berriak landatu zituzten ondo ordenatutako milizia baten geometriarekin; ordenaren araudietan idatzi zuten Florentziako duke handien, gotzainen eta bankari eskuzabalen salbaziorako ere otoitzak eta mezak egingo zituztela; garai estuagoetan herrietara jaisten ziren limosna eske, «horretarako trebezia handia erakutsiz, baita herritar askok esaten zizkieten hitz gordinak jasateko pazientzia ere»; otoitz egin zuten, barau egin zuten, mortifikatu ziren; harrizko etxeak altxa zituzten, eta eliza handi bat, estuko barrokoekin, marmolezko hilobiekin, pintura eta eskultura bilduma ederrarekin; otoitz egin zuten, barau egin zuten, mortifikatu ziren; izeiak bota, izeiak landatu, izeiak zaindu, kimatu eta mimatu zituzten. Fraideei zor diegu Senarioko izeidi ederraren iraupena, bai. •