GAUR8 - mila leiho zabalik
ETIOPIAREKIN ELKARTASUNEZ

Txirrindularitza aurrera egiteko bide, etorkizun beltza duen herrialdean

Etiopiatik etorritako bost txirrindulari gehitu dira azken lasterketatan Euskal Herriko amateur mailako tropelera. Txirrindularitzaz gehiago ikastera etorriak dira Idiazabalera, baina bestelako formakuntza ere ari dira jasotzen, hizkuntzen edo informatikaren ingurukoa, esaterako. Elkartasun ekimen batek ekarri ditu euskal lurretara.


Idiazabalgo izarrak dira Temesgen Buru, Goytom Biru, Hailemelekot Hailu, Kbrom Hailay Giday y Getachew Atsbha txirrindulari etiopiarrak. Bertan daude duela pare bat hilabete ingurutik –pasa den ekainaren 11n iritsi ziren–, eta ezagun egin dira jada herritarren artean. Argi geratu zen hori erreportaje hau posible izan zedin egin genuen argazki-ateratze saioan: udalekuez gozatzen ari ziren umeek ez zuten euren begirada etiopiarren jardunetik kendu eta erosketak egiten zebilen adineko emakume batek ez zuen txirrindulariekin argazkiren bat ateratzeko aukera galdu nahi izan. Saioa amaitu eta etxerako bidea hartu zutenean ere gurutzatzen zuten orok agurtzen zituen gazteak.

Etiopiako Guna txirrindulari elkarteko kideak dira, eta elkartasun kausa batek ekarri ditu Idiazabalera. Proiektuaren nondik norakoen berri izateko Mikel Gurrutxaga tolosarrarekin egin du hitzordua GAUR8k Idiazabalen, bera baita aipatu txirrindulariak bertan egotearen erantzule nagusietako bat.

Istorio honen jatorria Facebook sare sozialean dago, eta txirrindularietako bat Gurrutxaga berarekin harremanetan jartzean hasten da: «Ez dakit nola, baina Facebook bidez ezagutu nuen gazteetako bat. Erlazio bat abiatu zen hortik». Bien arteko harremanak aurrera egin ahala, laguntza eskatu zion Gurrutxagari gazte etiopiarrak: «Beraiek Europa zerbait handia bezala ikusten dute, eta txirrindularitzaren inguruko laguntza eskatu zidan: nola entrenatu, zer material erabili...». Gurrutxagak, orduan, hainbat gomendio eman zizkion, eta kontua hor geratuko zela zirudien.

Baina gazte etiopiarrak zerbait gehiago nahi zuen, eta hara joateko gonbita luzatu zion Gurrutxagari. «Egia esan, ez dakit berak ba ote zekien txirrindularitzaren munduan ibiltzen nintzenik... destinoa izan zen», azaldu du. Destino horrek Etiopiara eraman zuen tolosarra, Facebook bidez eginiko harremanari jarraipena emanez.

Pasa den abenduan izan zen Etiopian Mikel Gurrutxaga, Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakari den Aitor Ayerza eta bere semearekin batera. Aurrez, ordea, egona zen afrikar kontinentean, txirrindularitzarekin zerikusirik ez zuten proiektu solidario batzuk garatzen. «Kooperante bezala egon nintzen Malin, eta eskola bat eta ospitale bat eraikitzeko lan egin genuen. Kirolarekin zerikusirik ez zuten hainbat proiektu solidario garatu genituen, baina beti izan dut buruan txirrindularitzaren inguruan zerbait egitea», adierazi du.

Etiopiara eginiko bidaia abiatu aurretik, eta hango beharren jakitun izanik, hara eramateko material bilketa abiatu zuten. Batez ere arropa bildu zuten, eta, Spiuk eta Bioracer bezalako marken ekarpenarekin, materialez betetako bost maletarekin abiatu ziren afrikar herrialdera; zoritxarrez, gutxitxo suertatu zen, ez baitzuten betebehar nagusiak asetzea lortu. Abiatzerako orduan, ordea, ez zeukan Gurrutxagak ondorengo hilabeteetan etorriko zenaren ideiarik: «Bidaiaren helburua, batik bat, herrialdea ezagutzea zen, baita esku bat zertan bota genezakeen aztertzea ere». Era berean, Angel Olaran hernaniarraren ibilien berri entzuna zuen Gurrutxagak, eta hura gehiago ezagutzeko parada hartu nahi zuen.

Etiopia ezagutzen

Bidaia luze baten ostean iritsi ziren hiru euskal herritarrak Etiopiara. Aireportuan zituzten zain txirrindulariak, eta hotelera lagundu zieten. Lur hartu bezain pronto ekin zioten herrialdea ezagutzeari: «Iritsi eta hurrengo egunean, adibidez, eurekin entrenatzera atera ginen. Modu horretan, eurak ezagutzen hasi ginen». Hamabost egun egin zituzten Etiopian: «Kuriositate handiz ibili ginen, eta eurak hiru txirrindularitza probatan ikusteko aukera ere izan genuen». Elkartasun ekimen bat abiatzeko osagai guztiak zituela ohartu zen orduan Gurrutxaga: «Afrika gustatzen zait, laguntzea gustatzen zait eta txirrindularitza gustatzen zait. Berotu erraza naiz, gainera».

Herrialde afrikarrean egin zuten denboran bertan txirrindularitzak bizi duen egoeraz jabetzeko parada ere izan zuten. Egun Idiazabalen dauden txirrindulariak Guna izeneko talde bateko kideak dira, eta klubak berak jarritako etxe batean bizi dira. Bertan oso ohikoa da klubek mutikoak hartu eta hauei etxebizitza bat jartzearena, «hala txirrindularitzan nola atletismoan ere». Mekellen, Etiopiako Tigray probintziako hiriburuan, adibidez, lauzpabost txirrindularitza talde daude –Guna tartean– eta guztiak arduratzen dira txirrindulariei etxebizitza bat jartzeaz.

Txirrindulariak, normalean, baliabide gutxiko pertsonak dira, oso baldintza kaskarretan bizi direnak, eta asko gurasorik gabeak. «Esan genezake Etiopiako biztanleriaren %98 pobrezian bizi dela eta gainerako %2a, berriz, nahiko ongi bizi dela. Klubetan dauden txirrindulariok %2 horretan sartzen dira. Nik ezagutzen ditut gurekin dabiltzanetako batzuen anaia-arrebak eta esan dezaket batzuen eta besteen egoerak ez duela zerikusirik. Hauek, txirrindularitzari esker, beste bizimodu bat eramateko aukera daukate; anaia-arrebak, berriz, askoz ere okerrago bizi dira, pobrezian bizi dira», azaldu du Gurrutxagak.

Lasterketei dagokionez, antolakuntza ikuspegitik «nahiko ondo» funtzionatzen dutela adierazi du, baina hutsunea federazio mailan dagoela uste du: «Ez daude mutilei laguntzeko. Ez diete baliabiderik jartzen Afrikako beste zenbait herrialdetan lehiatzeko». Etiopian txirrindularitzarekiko gogoa eta afizioa badagoela ondorioztatu du, ordea, Gurrutxagak –30 txirrindulari inguruko pelotoia lehiatzen da amateur mailan–, baina baliabideak falta zaizkiela ere ikusi du.

Bidaia amaitzen ari zela hasi zen Gurrutxaga buruari bueltak ematen, hura utzi eta etorkizunean egin zezaketenaren inguruan pentsatzen: «Laguntza bat eskaini behar geniela iruditzen zitzaidan, eta txirrindularitza horretarako bitarteko egokia izan zitekeela pentsatu nuen». Era berean, txirrindularietako batzuek Euskal Herrira bidaiatzeko aukerarik zuten galdetu zieten euskal espedizioko kideei. Horra egun hauek Idiazabalen egotearen arrazoia: «Bero-bero etorri nintzen Etiopiatik bueltan, eta itsu-itsuan gazteak hona ekartzeko lanean jarri nintzen».

Bizitzaz ikastera

Euskal Herrira itzuli bezain pronto txirrindulari etiopiarrak hona ekartzeko lanari ekin zion Mikel Gurrutxagak. Hainbat urtez txirrindularitzaren inguruan ibili izanak hainbat kontaktu egitea erraztu dio, eta hori baliatu du proiektuari ekiteko orduan. Spiuk enpresan jo zuen atea lehenik. Malin egin zituen kooperazio proiektuentzako lehenagotik ere laguntza eman zutela-eta, proiektu berrian ere parte hartuko ote zuten galdetu zien Gurrutxagak, eta laguntzeko prest azaldu ziren. «Batez ere finantzaketa izan da beharrizan handiena, txirrindulari hauek Etiopiatik ekartzeak bere kostua dauka-eta», azpimarratu du.

Juridikoki, berriz, Etiopia Utopia fundazioaren babesa izan dute. Aipatu fundazioak, batez ere, Etiopiako Tigray probintzian egiten du lan eta txirrindularien bisa lortzen lagundu du: «Hiru hilabete egin ditugu horretan, paperak gora eta paperak behera». Baina laguntza garrantzitsuena Koldo Saratxagaren Ner Group taldeak eskaini duena dela onartzen du Gurrutxagak. Bertan egiten du lan berak, eta garatzen ari diren proiektua aurrera atera zedin enpresako lanetatik aske utzi eta %100ean proiektura eskaintzeko aukera eman diote. «Gizarte konpromisora begira lan egiten duen alor bat dauka Ner Group taldeak, eta hauei proiektua aurkeztu eta aurrera egin zuten. Nire liberazioaz gain, diru laguntzekin ere asko lagundu dute», azaldu du.

Azkenean, egindako lanaren fruituak jaso eta bost txirrindulari eta Nuguse Abreha euren entrenatzailea Euskal Herrira ekartzea lortu dute. Idiazabalen hartu dute ostatu, bertako Udalak doan utzi dien etxebizitza batean, eta bertan dira pasa den ekainaren 11tik. Ia hiru hilabete egingo dituzte bertan –irailaren 7an itzuliko dira Etiopiara–, eta txirrindularitzaren inguruan gehiago formatzeaz gain, bizitzako beste hainbat arloren inguruan ere heztea da Mikel Gurrutxagaren helburua: «Azken finean, gurea eskola bat dela esan dezakegu. Guk nahi duguna da hauek ikas dezatela, baino ez soilik txirrindularitzaz; informatika eta hizkuntza berriak ere ikas ditzatela nahi dugu». Hori horrela izan dadin boluntario batzuk daude –Ner Group taldeak baldintza bezala jartzen du proiektu bat garatzeko orduan boluntarioak egotea–, eta horiek dira ingelesa, erdara edota informatika txirrindulariei irakasten dietenak.

Gauzak behar bezala joan daitezen diziplina bat jarraitu behar dute txirrindulariek. Goiz hasten dute eguna, entrenamendu batekin. Itzultzean, luzaketak egin eta dutxa hartuta, bazkaldu egiten dute. Ondoren, siestarako astia hartzen dute eta arratsaldean (17.30-18.00ak aldera hasita) klaseak izaten dituzte: astearte eta ostegunetan hizkuntza eta asteazkenetan informatika. Astelehena eta ostirala bizikletak garbitzeko, asteburuan erabilitako materiala txukuntzeko eta bestelako lanak egiteko erabiltzen dituzte. Asteburuetan, berriz, amateur mailako lasterketetan lehiatzen dute Euskal Herriko errepideetan.

Lasterketa hauetan ongi moldatzen direla dio Gurrutxagak, nahiz eta aitortzen duen egokitzea kosta egin zaiela: «Beste kultura batetik datoz, lasterketak lehiatzeko beste modu batekin. Iritsi zirenetik gaur arte izan duten garapena, ordea, handia izaten ari dela esan genezake». Batez ere tropelaren bolumenak harritu ditu etiopiarrak –30 txirrindulariko tropel batetik 150eko batera igaro dira–, eta janaren kontua ere arraroa egin zaie –Etiopian, lasterketa lehiatzen ari ziren bitartean, ez zuten ez jan ezta edaten ere–. Beraz, formakuntza osoago bat jasota egingo dute Etiopiarako itzulera txirrindulariok.

Etorkizunera begira jarrita, hasitako bideari jarraipena emateko asmo irmoa du Gurrutxagak: «Esperientzia errepikatu behar da, bai, baina han bertan ere gauzak egin behar dira. Niri gustatuko litzaidakeena zera da: hemendik urte batzuetara, adibidez, 12 eta 16 urte bitarteko txirrindularientzat eskola bat martxan jartzea, edo bertako haurrek eskolara joateko bizikleta bilketa bat egitea eta hara eramatea». Aitortzen du, ordea, kostu handiko kontua dela garatzen ari den proiektua, eta ez diru aldetik soilik: «Familia bat daukazu eta ordu asko kentzen dizkiozu. Pentsa, ia 24 ordu honi eskaini beharrean naiz».

Hiru hilabetez Euskal Herrian egingo duten estantzia horretatik Etiopiara eramango dituzten oroipenen artean, nagusietako bat Frantziako Tourrean egin zituzten egunetakoa izango da. Sekulako esperientzia bizi izan zuten, «euren bizitzako oparia», Gurrutxagaren arabera. «Bizi guztian zehar telebistatik ikusi dituzten idoloak bertatik bertara ikusi zituzten. Gainera, Hegoafrikako MTN-Qhubeka taldearen hotelean egoteko aukera izan zuten, baita San Martingo Harrian amaitu zen mendiko etaparen amaierako instalazioetan egotekoa ere. Zer gutxiago hauei laguntza ematea baino», nabarmendu du amaitzeko.