GAUR8 - mila leiho zabalik

Orri horiak


Opor usaineko egun hauetako batean lankide ohi batekin hondartzan egin dut topo eta bere irakurzaletasuna ezagututa, eskuartean dauzkan liburuez galdetu diot. Aurreikusi bezala, euskal argitaletxe batek kaleratu berri duen euskal idazle bizidun baten euskarazko lanaren berri eman dit. Ez nuen gutxiago espero, eta, gainera, primeran iruditu zait. Ez naiz ni best seller zalea, eta, bizkarra ematen diet, egunen batean besterik ezean horiek agertuko direla jakitun. Eta aitortu behar dut eskertzekoa dela euskal ekoizpen berrienari buruzko lehen eskuko informazioa jasotzea, babestu beharko bagenu ere, hainbeste ahazten duguna.

Horra arte ondo. Azken finean hondartzako toalla eta dutxa arteko elkarrizketa kasual bati ezin zaio zuku handirik eskatu. Eta halako batean nik etxeko apaletan irakurri gabe ditudan liburuetatik berreskuratutako “Elkartasun taupadak” erakutsi diot, Ardi Beltzak 1999an kaleratutakoa. Horra bere erantzuna: «Hori aspaldikoa da!», erdi kopetilun. Elkarrizketa ez da askoz gehiago luzatu, norberaren umeak argudio.

Azkenengoa, berriena, freskoena, pil-pilean dagoena lehenbailehen kontsumitu eta, batez ere, horren berri emateko joera –eta agian premia– daukagu. Eta ni ere tarteka adi egoten naiz irteten denari, baina ez diot inola ere bizkarra ematen iraganean sortu edo kaleratu denari; eta are eta gutxiago liburuei. Uler dezaket diskoen kasuan kantuak zuzenean ikusi eta entzuteko nahiak bultzatzea bat baino gehiago bizi eta aktibo dauden sortzaileei arreta berezia ematera. Baina liburuek oso gutxitan dute iraungitze data. Denbora falta eta aukeraketaren ondorioz utz ditzaket apaletan lasai, baina horrek ez du haienganako interesa txikitzen.

Hala gertatu zait orain dela hamasei urte –argitaratu zenean– eskuratu nuen “Elkartasun taupadak” liburuarekin, irakurri gabe nuena eta eskuotan dudana. Idazkera apala badu ere, hainbat lagunek modu erabat autonomoan bestelako baliabiderik gabe baina ilusio erraldoiarekin egindako lorpenak, moduak eta zergatiak azaltzen ditu. Itoitzen Aldeko Solidarioek eta beste batzuek egin zuten antzera, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko eta Espainiar legedia bete zedin eskatzeko protesta ekintza sinboliko, erabat baketsu eta ikusgarriak egin zituzten; tartean giraldillena Sevillan ospatutako Nazioarteko Atletismo Txapelketaren irekiera ekitaldian, Olentzero espetxeetara igotzen saiatu zenekoa edota Esteban Esteban Nieto ospitalean “bisitatu” zutenekoa. Testigantzok erakusten digute orain dela hogei urte gizarteratuta eta alderdien aldetik konpromiso handiagoa zuen gai batek bere horretan jarraitzen duela, gure bultzada nahikoa ez delako eta alderdiek ez dutelako babestu nahi.

Eta liburu honek balio digu ere, argitaletxeari erreparatuz, gogoratzeko Ardi Beltza izeneko proiektu informatibo bereizgarri bat existitu zela, Espainiako Estatuan parekorik ez zuena eta “Egin” egunkariko Equipo de Investigación-eko hainbat kidek, Pepe Reik tartean, sortu zutena; eta Garzonek itxi ostean, “Kale Gorria”-k ordezkatu zuena. Proiektu hauek jaio ziren epaileek gauzatutako “Egin”-en itxierak bultzatuta, eta ez dago soberan gogoratzea “Egin” egunkarian eta izen bereko irratian ardurak izan zituztenetako batzuek urte ugari egin dituztela espetxean proiektu komunikatiboak bultzatzearren. Gainera, batzuek kartzelan jarraitzen dute oraindik.

Ziur nago gertaera horietatik hogei urte eskas pasa badira ere, azken hype, tendentzia edo erresistentzia mugimendua noiz sortuko den adi daudenetako askok ez dituztela gure historiaren iragan hurbileko pasarte horiek ezagutuko. Aurrera begira bai, beti! Iraganarekin eta nostalgiarekin itsutu ez! Baina izan dezagun presente pixka bat pasatakoa, hortik ere ikasi eta perspektiba zabalagoa izan dezagun.

Zertaz ari ginen? A, bai, lankide ohiaz, literaturaren garrantziaz, eta liburuek guk deskubritzeko esperoan bere baitan gordetzen duten guztiaz. Uda, gainera, garai aproposa da zer garen –gatzez edo izerdiz blaituak–, nondik gatozen –gelditzeko parada hartu nahi izaten ez dugun egunerokotasun erotik– eta nora goazen –freskatzera edo erlaxatzera– jakiteko. Eta, zergatik ez, bada, urtean zehar ziurtasun gehiagorekin zapaltzeko, oinak jartzen ditugun harea edo lurra apurren bat altxatzea? •