GAUR8 - mila leiho zabalik

Fondoa eta forma politikagintzan


Eremu labainkorra den arren, mintza gaitezen edukiaz eta formaz politikagintzan, mamiaz eta azalaz, mezuaren eta moduaren arteko harremanaz. Gaiari heltzeko aitzakia, Gasteizen talde feministen eta blusen eta nesken artean sortu zen ika-mika da. Gaia sintetizatzeak duen arriskua neureganatuta, honela laburbil daiteke afera: sei gaztek ahoz eraso zioten emakume bati jaietan, emakumeak kexa azaldu zion Blusen eta Nesken Batzordeari eta erasotzaileak desenkusatu egin ziren, baina Batzordeak ez zuen aplikatu aurretik Bilgune Feministarekin sinatuta zuen protokoloa, non esaten den erasotzaile oro kanporatu behar dela txosna gunetik, bai eta kuadrillatik ere blusa izanez gero.

Bilgune Feministak aldez aurretik iragarri zuen eten egingo zuela kuadrillen jaitsiera Jatorrak taldekoak igarotakoan, neskarik ez duen kuadrilla bakarra delako eta, kasualitatea ala ez, erasotzaileak kuadrilla horretakoak zirelako. Jaitsieraren egunean feministek, buruak txanoz estalita, pasealdia eten zuten eta istiluak sortu ziren feministen eta kuadrillakoen artean. Hortik etorri da eztabaida interesgarria sare sozialetan: forma azal hutsa da ala mezuaren parte da? Mezuaren parte bada, ez da arrazoi nahikoa forma ere gogorra izateko? Formak gorde behar dira zapaltzailea den arauaren parte izanda? Eta, bestetik, irauli nahi duen orok eskandaluzko izan behar du eta deseroso? Bentzitu ala konbentzitu egin behar du iraultzaileak?

Argi dut irauli nahi duenak ezinegona sorrarazi behar duela sisteman, zutoinak arrakalatu eta egitura osoan pitzadurak sortu justiziak bidea egin dezan. Sistemak mehatxaturik ikusi behar du bere burua indar berriaren aurrean. Kontua da nola lortu efektibitate handiena egiatan eraginkorra izan dadin interpelazioa, sistema burgesa abila baita desaktibatzen erasogarria suerta dakiokeen mehatxu oro: fagozitatu egiten du, indargabetu eta gerora komertzializatu ere egiten du bere balioak kolokan jartzen dituena (hippy eta punk mugimenduak adibide); desprestigiatu egiten du kexaren eragilea, mugimendu sindikalarekin eta feministarekin egin ohi duen bezala.

Sindikalismoak eta feminismoak beren borroka-tresnak etengabe berrasmatzeko beharrizana dute, sistemak ahalmen handia duelako aldarrikapen justuak indargabe uzteko: greba orokorrak indarra galtzen du errepikapen hutsa bihurtzen denean, eta feministen ekintzak erraz estigmatizatzen dira gizartean erroturik dauden aurreiritzi matxistak erabilita. Iraultzek alternatibak bilatu behar dituzte etengabe, eta mezu bera emateko forma berriak asmatu behar dituzte, bi helbururekin: batetik, baliagarria den mezua ez zaharkitzeko eta gaurkoturik mantentzeko, eta, bestetik, mugimendutik kanpo dauden herritarrak balio berrietara erakartzeko. Eta posible da asmatzea, herri harresiek halaxe frogatu baitute gazte mugimenduaren borrokan, edo Pussy Riot taldeak borroka feministan. Biek ala biek agerian utzi dute jende askoren babesa beregana dezaketela beste forma bat ematen diotenean betiko mezu politikoari.

Fagozitatzeaz eta desprestigiatzeaz gain, sistemak badu beste mekanismo bat ezkerraren aldarrikapenak desaktibatzeko: sinplifikazioa. Ez du axola zein den gaia: printzipio etikoak, abortua, immigrazioa ala Estatuaren funtzioa arlo finantzarioan. Sistema beti saiatuko da dimentsio ezberdinak bakar batean gutxitzen, eskuinak munduaren kosmogonia integral eta koherentea eman nahi duelako, non ezberdintasun sozialak sistemikoak eta naturalak diren eta, ondorioz, ordena naturalean ezer aldatzerik ez dagoela frogatu nahi duen.

Horren aurrean, edukia bezainbeste forma ere erreibindikatzen dut, mezua eraginkorragoa bihur dadin: batzuetan talka, eta beste batzuetan topo; interpelatu eta pedagogia egin; deseroso sentiarazi eta konplizitateak bilatu. Zailena da, baina, jakitea noiz jokatu batera eta noiz bestera. •