12 SEPT. 2015 «Refugees welcome» Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan kazetaria eta ikerlea Iheslariak Europara heltzean hedabideetako lehen albiste bihurtu ei dira. Hildako etorkinen albisteetara, ordea, ohituta geunden. Hortaz, iheslari/etorkin izen aldaketa hori Siriari eraso egingo dioten Europako gobernuak babesteko estrategia izan daiteke. Herritarrek iheslariei eskaini dieten laguntza ikusgarri bihurtu denetik, gobernuak behartuta sentitu dira. Atzera egin behar izan dute: «España acogerá a 1.300 refugiados, lejos de los 4.288 que pedía Europa» (El Mundo, 21/07/2015), lehen; «Rajoy evita asumir un cupo de refugiados sin negociarlo con Bruselas» (El Mundo, 2015/09/08), orain. Are gehiago, aterpea eskaintzen ari direla iragarri berri dute: «Uxue Barkos: ‘300 bat errefuxiatu hartzeko moduan dago Nafarroa›’» (Eitb.com, 2015/09/07). Aurretik Mediterraneoan zenbait lagun hil zen, umeak barne («200 etorkin hil dira Lampedusan, Siziliako kostan», ETB 2013/10/04). Aldaketa unea, beraz, ez litzateke hildako ume baten argazkia, hildako azken umearena baizik. Aurretik ikusita izan ditugun argazkiek elkartasun mugimendurik ekarri ez dutela uste dute («Jugando al golf frente a inmigrantes encaramados en la valla de Melilla», Eldiario.es 2014/10/22). Argazkiek asaldatzen gaituztela adieraztera ematen duen horrek informazioak gugan ezelango eraginik ez duela baieztatzen du: «Las imágenes de los refugiados sirios sacuden Europa» (Deia, 2015/09/07). Ez da egia. Herria iheslariei laguntzeko prest agertu da, Europan azken urteotan garatu den mugimenduarekin batera: “Refugees Welcome” lelopean. Orain bi urte Atenasen milioi bat etorkin zeuden. Greziarrek etxe okupatuetan jatekoa prestatu eta grezierazko doako klaseak ematen zizkieten. Horrek gobernua behartu zuen eta Syrizak otsailean gaiari heldu behar izan zion: «Grecia empieza a liberar a los inmigrantes retenidos» (El País, 2015/02/25). Italiako logistikaren sektorean, adibidez, bertakoek baino egoera prekarioagoan lan egin behar izaten zuten etorkinek: agindutako soldatarik ez jasotzea, gaixotasun baimenik ez izatea, sexu-jazarpena pairatzea. Piacenzako Ikea-k 33 garraiolari kaleratzean hasitako mugimenduak langileak berriro kontratatzea ez ezik, lan-baldintzak hobetzea lortu du (Repubblica, 2014/06/28). Alemanian zeuden iheslariek Berlinera martxa bat antolatu zuten iaz. Ohlauer Strasseko eskola izandako eraikina okupatu zuten. Udalak Berlingo kanpoaldeko egoitza batera joateko gonbita egin zien, Berlinen (baina ez Alemanian) geratzeko paperen truke. Udalaren eskaintza onartu zutenek ez dute oraindik agindutako paperik jaso: «Von Lampedusa in die Ohlauer» (Neues Deutschland 2014/06/27). Deportazioen aurkako mobilizazioek legea aldatzeko aldarrikatzen zuten: gizakiak munduan libre ibiltzeko eskubidea. Alemania uda hasieratik iheslarien gaia Europara zabaltzen ahalegindu zen: «El Gobierno prevé que Alemania reciba 800.000 refugiados este año» (Europa Press, 2015/08/01). Etorkinei errefuxiatu esatearekin batera, gerran parte hartzeko aukera ikusi dute gobernuek: «Europa eta AEBak, Siriako gerran eraso militar berria egiteko prest» (Eitb.com, 2015/09/08). Badira diktaduretatik alde egiten duten iheslariak (Marokotik, besteak beste). Eta badira diktaduraren aitzakiapean NATOk hasitako gerrak eta utzitako errefuxiatuak (Libia, Irak, Afganistan, etab.). Sirian, ordea, AEBek eta Europak Al-Assaden diktadura babestuko dute. Herritarren erantzuna eraso berria bideratzeko erabiltzen ari dira Europako agintariak. Herritarren laguntzak ezin dezake luzaroan iraun. Orduan, gure herriaren beste aldea ikusgarriago agertuko da. Alemanian astean behin iheslarientzako etxeak erretzen dituzte: «Feuer in Flüchtlingsheimen Fünf Verletze in Baden-Württemberg und Thüringen» (Frankfurter Allgemeine Zeitung, 2015/09/07). Gurean, faxismoa gaitzetsi ez den herrian, honelako albisteak jasotzen ditugu: «El detenido en Bilbao por enaltecer el yihadismo cobra la RGI desde 2008» (El Correo, 2015/07/28). Gero eta prekariagoak garen langileak etorkinen aurka oldarrarazi gura gaituzte, arrazismoa sustatuz. Faxismoaren aurkako guda gure etxean irabazi behar dugu. •