07 NOV. 2015 Politikariek ez dute zertan agindutakoa bete Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan Kazetaria eta ikertzailea Hedabideen eginkizun nagusia aginteari neurria hartzea da. Horretarako, buruzagi politikoen jokabidearen berri ematen digute. Kargu publikodunen jarduera aztertzea demokraziaren oinarria da, herritarroi buruzagiak hautatzea dagokigulako. Politikarien jardun publikoa ikuskatu ezean, agindutakoa bete ez duten buruzagiek edo txarto kudeatu duten kargu publikoek ez dute erantzukizunik izango. Buruzagi politikoen jarduera aztertzea ez da politikariek prentsaurrekoetan esaten dutena bere horretan zabaltzea. Orain hamabi urte, “Anboto” astekarian lanean nengoela, Durangoko orduko alkateak herri barneko autobus bat ipintzeko «asmoa» zuela adierazi zuen prentsaurrekoan. Ez nuen horrekin albisterik osatu, proiektu horretarako aurrekonturik finkatu ez zuelako. Bere prentsa arduradunaren deia jaso nuen, baina hark ere ez zidan aurrekontuaren daturik eman, ez zegoelako. Hamabi urte geroago, oraindik autobus hori ez da inoiz martxan ipini. Diru sailik esleituta ez duten politikarien asmoak ez dira albiste, propaganda baizik: «Bizkaia inicia el proceso para unificar las tarifas del transporte público: (...) Para ello, han acordado mantener próximamente otra reunión en la que se empezarán a concretar procedimientos de trabajo y cuestiones técnicas» (“Deia”, 2015/10/23). Hedabideek politikarien berbak zabaltzen dituztenean, bozgorailu hutsak dira. Ez dute politikarien kontraesanik azaltzen. Oraintsu jakin berri dugu Javier Marotok, Gasteizko aurreko alkateak, ez zuela ganoraz bere kargua bete. Gasteiz nazioartean ezagutzera emateko, Guinness errekorra lortu nahi izan zuten jaietan: «Vitoria entra en el Guinness con una tortilla de patata descomunal» (“El Periódico”, 2014/08/02). Errekorra ematen duen erakundeak baldintzak bete ez zirela ebatzi zuen urrian: «Record-breaking tortilla attempt turns into big embarrassment for Spanish city» (“The Guardian”, 2014/10/03). Gainera, nazioartean ez zuten Gasteiz esaten, «Spanish city» hutsa baino ez zen. Baina Marotok ez zuen akatsa bere gain hartu gura izan eta hura konpondu, are gutxiago: «Maroto rechaza ser responsable del ‘traspiés’ de la tortilla de patata» (“Noticias de Álava”, 2014/10/04). Horrexegatik, Udalak (hau da, gasteiztarrek) Marotoren utzikeriak ordaindu beha izan ditu: «Gasteiz paga 50.000 euros del fallido récord Guinness» (“Deia”, 2015/09/30). Inork ez zituen gogoratu Marotok orduan esandako hitzok: «Es la ocasión para que se hable de Vitoria con uno de los elementos que más nos caracteriza, la gastronomía» (“El Mundo”, 2014/08/02). Oroimenik gabeko hedabideak, halabeharrez, politikarien esanetara geratzen dira. Politikarien jarduna aztertzeari utzi diotenean kargu publikoen okerrak salatzeko gaitasuna galdu dute hedabideek. Politikariek agindutakoa ez betetzea ez omen da lege-haustea. Hedabideek horren berri eman ezean, gainera, politikarien iruzurra babesten dute. Esaterako, Espainiako alderdi sozialistak 2004ko hauteskunde programan «etxebizitzaren burbuilarekin» amaituko zuela hitz eman zuen: «Los objetivos de las propuestas que presentamos se pueden resumir en dos. El primero, favorecer el acceso a la vivienda, a un precio asequible, en particular a los jóvenes y a otros colectivos vulnerables. El segundo, es frenar la burbuja inmobiliaria. Para ello: (…) Favorecer el acceso a la vivienda, nueva o usada, en compra o en alquiler, a un precio razonable, asegurando 180.000 viviendas al año» (128. or.). Zapatero presidenteak ez zuen agindutakoa bete, ez eta PSOEren talde parlamentarioak ere. Baina horrek ez du gaitzespenik, isunik edo zigorrik ekarri. Are gehiago, Espainiako abenduko hauteskundeak irabaz ditzake, oraintsu Zapateroren Industria ministroa hauteskunde programa bete ez izanarekin harro agertu arren: «Miguel Sebastián: ‘Jamás nos planteamos pinchar la burbuja inmobiliaria’» (“El Mundo”, 2015/10/13). Aginteari neurria hartzen ez dioten hedabideak ustelkeria toleratzen ari dira. Kazetaritzak herritarrekiko atxikimendua berretsi behar du, bidean hedabideak sinesgarritasuna galtzen ari direlako. •