21 NOV. 2015 Sotanapeko gurutzea Dernière mise à jour : 21 NOV. 2015 - 00:25h Gaizka Amondarain Irakaslea Kontu korapilatsua da memoriarena. Nire memoria eta nire etsaiaren memoria ez direlako berdinak. Ezta nire lagunena eta nirea ere. Diferenteak dira, halabeharrez. Mundua, bestela, laua zatekeen, eta ez borobila. Bakea gailenduko litzateke hego zein ipar, eta ez gatazka. «Denok gara berdinak, baina batzuk besteak baino berdinagoak», esaten zuen Orwellek. Eusko Jaurlaritzako biktimen eta giza eskubideen zuzendariak, Monica Hernandok, antzeko adierazpen publikoak egin zituen duela gutxi “Berria” egunkarian: «Denok egin behar dugu autokritika, baina, batzuek besteek baino gehiago», zioen titularrak. Biolentzia guztiak ez ezik, sufrimendu guztiak ere ezin omen direlako maila berean jarri. Iraganari dagokionez, herri honetan alde baten erantzukizuna handiagoa delako, eta, ondorioz, hausnarketa sakonagoa egin beharko baitute. Ulertzen da, horrela, Arnaldo Otegiren erantzukizuna Ramon Jauregi edo Juan Mari Atutxa edo Jaime Mayor Orejarena baino handiagoa dela. Edo ETAk eragindako hildakoak GALek edo Ertzaintzak edo Guardia Zibilak eragindakoak baino larriagoak direla; krudelagoak, gaitzesgarriagoak... Beraz, Jose Migel Bustinzaren senideen sufrimendua eta Gregorio Ordeñezen ahaideena ez dira gauza bera, bigarrenek lehenengoek baino gehiago sufritu dutelako azken batean. Biolentzia bakoitzaren kasuan, balorazio zuzen bat egin nahi bada, “testuingurua” da Jaurlaritzakoek diotenez kontuan hartu beharrekoa beti. Eta testuingurua, noski, eztabaidaezina da hemen: batzuk onak dira eta besteak txarrak, eta punto. Euskal erdiko telebista publikoan “Barrura begiratzeko leihoak” filma emititzeak sortu duen zalaparta dela-eta, Urkullu lehendakariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak bat egin dute kritikei erantzuterakoan: filmari testuingurua falta zitzaion. Testuinguruak, kasu honetan, biolentzia batzuk justifikatzeko balio du, baina beste batzuk justifikatzeko ez. Eta akabo kontuak eusko haurtzaindegi politikoan. Nirea memoria apurtua da, zartatua, antzaldatuz doana. Onartzen dut. Ez du Jonan Fernandezen memoriarekin zerikusirik. Nirea buztinezkoa den moduan, harena totemikoagoa da, ez da hainbeste mugitzen. Mugarri izateko jarri zuten hor, eta horregatik da, azken batean, harrizkoagoa. Batzuen lurrak besteenetik bereizteko jartzen diren zedarrien pareko zerbait. Onaren eta txarraren gainetik kokatzen den begirada neutrala. Partidaren amaieran txistua jo eta ikusleoi emaitza emango digun arbitroaren ahots anplifikatua. Nirea, gehienez ere, leihoak zabalik daudenean entzun daitekeen purrustadatxoa. Esaten da ere memoria ariketa sozial eta politikoa dela. Kultura baten parte bihurtzearekin batera, testuinguru bat ematen dizu bizitzan. Gurea bezalako herri batean bizi den norbaitentzat, ondorioz, memoria aukeratzeak kultura bat –testuinguru bat– edo bestea aukeratzea dakar, hemendik edo handik begiratzea iraganari. Nork bere memoria eraikitzen du, norberaren testuingurutik... Gogoratzea afruntu handiarekin aldarrikatu bai, baina, azkar ahaztu nahi duen leku batean bizi gara. Den-dena gogoratzea ere, ez zaiolako inori komeni. Horregatik da harritzekoa autokritikarekin hainbeste tematzea –aurretik “damua”-rekin edo “kondena”-rekin bezala–, gurea fede kontua bailitzan. Iragana berrikustea, hain zuzen ere, ez baita fede kontua, eztabaida politikoa bera baino. Horretarako dago politika eta horretarako ordaintzen diegu soldata gure politikoei. Bestea doktrina da, sakoneko gatazka politikoa saihesteko, dena bere horretan mantendu nahi dutenek darabilten aitzakia. Biolentziari buruz predikatu egiten da hemen, ez arrazoitu. Arrazoietan sartzea, arazoetan sartzea delako. Eta hobe da amnesia partziala, bakearen hobe beharrez. Biolentzia bat, eta ez bestea, on edo txar bihur dezakeen bakarra fedea baita. Eta fedea, moralarekin batera, Estatuak eta haren eskutik jaten dutenek ezartzen dute. Ondo dakite hori Jonan Fernandez edo Aintzane Ezenarro bezalako misiolariek. Politikaren eta etikaren arteko ariketak ez dauka soluzio errazik. Santu aurpegia jar dezakezu, telebista meza bihurtu, baina horrek ez zaitu santu egiten. •