05 DéC. 2015 Errealitate printzipioa eta Kataluniako prozesua Beñat Zaldua Psikoanalisi klase azkar eta merke baten arabera, bi legek gobernatzen dute gure jokabidea: atsegin printzipioak eta errealitate printzipioak. Ezinezkoa litzateke beti atsegin printzipio hutsaren arabera jokatzea, beti plazera bilatzea. Errealitatearen murruaren kontra joko genuke behin eta berriz, frustrazioa eguneroko bazka bihurtuz. Hori saihesteko sartzen da jokoan errealitate printzipioa, atsegin printzipioa kanpoko munduko baldintzetara moldatzen duena. Ametsak txikitu baino, ametsak moldatzen dituen frustrazioaren kontrako antidotoa da errealitate printzipioa. Dibanetik politikara salto eginda (psikoanalistei barkamena aldez aurretik eskatuz), bi printzipio horiek aktualitatea aztertzeko ere erabil daitezke. Izan ere, egin litekeenaren artea omen da politika. Hainbestetan entzun dugun esaldi hori errealitate printzipioaren erreferentzia zuzena baino ez da. Politikan gutxirako balio du ezinezko gauzak eskatzeak. Baina, kontuz, horrek ez du esan nahi egun batean ezinezkoa dena hurrengoan posible izango ez denik. Hain zuzen ere, gakoa ez da ezinezkoa dena eskatzea, ezinezkoa dirudiena posible bihurtzea baizik, agertokia guztiz aldatuz. Kataluniari buruz hitz egitera gatozenez, handik har dezakegu adibide argiena: egindako lan eskergaren ondorio gisa, eta Estatuaren laguntza ordainezinari esker, independentzia ez da jada casal bateko paretan zintzilik dagoen ezinezko aldarrikapen abstraktua. Ehunka mila lagunek bere egin eta gero posible bihurtu den eskaera da. Errealitate printzipioarekin bat datorren aldarrikapena. Baina lan handia dauka oraindik aurretik errealitate printzipioak Katalunian. Junts pel Sí, CUP eta errealitatea Josep Ramoneda filosofoak (bihar berarekin elkarrizketa publikatuko du GARAk) askotan erabili du errealitate printzipioaren figura irailaren 27ko hauteskundeetatik hona, gehienbat Junts pel Sí koalizioaren emaitzen inguruan egindako irakurketa publikoa dela-eta. Hauteskundeez gain, independentismoak plebiszitua ere irabazi zuela aldarrikatu izan du JxSí-k, bizirauteko ezinbestekoa duen garaipenaren errelatoa salduz. Baina emaitza benetan ona izan arren, independentismoak botoen %48 lortu zituen. Eta hori, Katalunian, Euskal Herrian eta Pekinen, ez da plebiszitu bat irabaztea. Hautestontziek aurrera jarraitzeko agindu argia eman zioten independentismoari, oroigarri batekin: babes soziala handitu behar du. Hori ahaztu eta irailaren 27koa behin betiko mandatu gisa ulertzea errealitate printzipioari uko egitea da Ramonedaren ustez. Frustrazioa ereitea. Zintzoki jokatuta, independentismoak ez daukalako oraindik behin betiko mandatu demokratikorik; are gutxiago independentzia ezartzeko ahalmena. Hurbil daude, baina errealitatea zein den onartu gabe, zaila izango da (gutxienez) falta den %2 hori erakartzea. Hala ulertu zuen CUP berak hasieratik, Aldebakarreko Independentzia Adierazpena alde batera utzi eta helburua independentismoa indartzean finkatu zuenean. Horretarako, ordea, Masek urrats bat atzera egin behar lukeela defendatu du CUPek. Batzuek ukatzen duten arren, arriskua bistakoa da: independentista berriak erakartzearen izenean azken urteetan independentismora etorritakoek atzerapausoa eman dezakete. Hau da, Mas gabe, CDCko militante askok prozesutik alde egin dezakete. Inon ez dago idatzita hala izan behar duenik, baina arriskua ukatzea errealitate printzipioa bertan behera uztea da. Eta berdin, indar korrelazioari buruz. 62 diputatu ditu JxSí-k. 10 CUPek. Bidesari garestia da Mas inbestitzea, dudarik gabe, eta egia da JxSí-k erraz zezakeela dena, baina CUPen erabakia da helmuga zein den gogoratu eta bidesaria ordaintzea, edo autoa bide erdian uztea. 2003an, ERCko buru zen Josep-Lluís Carod-Rovirak horrela azaldu zuen Maragallen aldeko botoa: «Ez dugu Estatutua nahi, independentzia baizik. Baina momentuz 23 diputatu baino ez ditugu». Begira han errealitate printzipioa. Eta begira hemen ordukoaren uzta. • «Ez dugu Estatutua nahi, independentzia baizik. Baina momentuz 23 diputatu ditugu», esan zuen Carod-Rovirak 2003an. Orduko errealismo ariketaren uzta jasotzen du gaur independentismoak