12 DéC. 2015 Ez da leku bat. Ezlekuak Garazi Goia Goizalde Landabasoren “Babeserako kopia” liburuaren sarrerako Vladimir Holanen aipuak dio «igande euritsuetatik babesteko aterpea» dela poesia. Durangoko Azokan nobedadeetako bat izan den poesia liburu eder horrekin hasten dut gaurko nire kontaketa. Euriz eta hotzez tindatutakoak dira nire oroitzapenak. Ez dakit memoriak zergatik horiek mantendu dituen hor buruan, hilezkortuta bezala. Neguko asteburu luze haietan, egutegian ilusioz apuntatuta egoten ziren egun haiek. Duela hogeita lau urte ingurukoa da lehenengo oroitzapena. 1991. urtea. Euskaraz entziklopedia hura argitaratu zen urtea. Azokan presentzia berezia izan zuen. Edo, hori gogoratzen dut behintzat. Entziklopediak oraindik baliagarriak ziren garaiak ziren. Harrotasunez esaten nuen nik baneukala hura etxean. Eta, handik aurrera, erdaratik euskarara itzulpena egiten ez nuela lanik egin beharko. Bigarren oroitzapena 1996. urtekoa da. Pako Aristirekin hitz egin nueneko arratsalde hura. Euria ari zuen egun hartan ere. Egun iluna zela gogoratzen dut. Idazten jarraitzera animatu nindueneko une hura datorkit akordura, idatzi berri nuen ipuin motz haren ildotik. “Kcappo”, “Irene” eta “Krisalida” trilogia irakurri berria nuen. Ez dakit orduan zehazki nola interpretatuko nituen bertan idatzitakoak. Ziurrenik nerabezaroko inozentziaz. Baina, gogoan dut, istorioan kontatzen ziren harremanak ez-arruntak iruditu zitzaizkidala. Testuinguru arrunt batean kokatutako harreman ez-arruntak. Hilketa odoltsuak. Bortxaketak. Haragikeriak. Eta, idazlea ezagutzea berezia izan zen. Artegatasunez tindatuta dago bigarren oroitzapena. Horiek dira azokaren inguruko nire lehenengo memoriak. Tamalez aurten ez dut joaterik izan, baina gertutik jarraitu ditut egunero albisteak. Harkaitz Canori egindako elkarrizketa batean irakurri dut honokoa: Durango ez dela leku bat, euskal kultura zentrala den unibertso paralelo batera egindako sartu-irten iragankorra baizik. Azokari buruzko albisteak irakurtzen jarraitu dut. Irakurri nahi ditudan liburuen zerrenda bat egiten hasi naizen bitartean. “12etan bermuta”. “Ezpainak arrainak bezala”. “Neguko egunerokoa”. Ez da leku bat. Buruan darabilkit. Goizalde Landabasori egindako beste elkarrizketa batean ezlekuekin bihotza erdibituta zegoela zioen. Existentzia ukatzen diegun tokiez ari zen. Deseroso sentitzeaz. Dagoen lekura ezin egokitu ahal izanaz. Ez da leku bat. Esanahi ezberdinez pentsatzen hasi naiz. Urtean zehar kulturarako sentsibilitaterik gabeko jendeak azaleko militantzia erakutsi nahia akaso. Irakurtzen jarraitu dut. Sexismoa antzemateko saio bat egon dela zioen goiburuak. Gazteentzako filmek eta bestelako programek erakusten dituzten jarrera eta mezu sexistez aritu omen da Katixa Agirre idazlea. Berrogeita hamar urteren ostean oraindik hain aurrerapen gutxi egin dugula ohartzeak tristura eman dit. Hala ere, berrogeita hamar urteotan azoka existitu izan ez balitz, gure kultura zer izango ote litzatekeen ez dakit. Zer esango dute azokaz gure ondorengoek hemendik berrogeita hamar urtera. Ezlekuak egunen batean leku bihurtzen direla pentsatu izan dut. Akaso, ordurako leku bihurtuko da. Londresko igande euritsuan poesia irakurtzen jarraitu dut. • Neguko asteburu luzeetan egutegian ilusioz apuntatuta egoten ziren egun haiek. Duela hogeita lau urtekoa da lehenengo oroitzapena. 1991. urtea. Euskaraz entziklopedia hura argitaratu zen urtea. Azokan presentzia berezia izan zuen