GAUR8 - mila leiho zabalik

Edo zein erok ez?


Nik, nire izenean hitz egiteko eskatzen badidazue, zera nahiko nuke horrelako egunen batean: etxetik irten eta poliziak kale bueltan geratzea, eta haiek emandako agindu bakoitzari aurpegirik aldatu gabe ezetz esatea. Gustatuko litzaidake ikustea nola jartzen diren uniformedun agenteak gero eta urduriago, nola egiten didaten mehatxu zer egin ez dakitela. Azken batean, eta sakon-sakonean, armak kendu eta bertan garbituko nituzke, gustura. Eta are ederragoa litzateke jende askok ikusiko balu, eta inor beldurtuko ez balitz, txalo artean esango balidate: «ederto egin duk mutil, aspalditik merezi zuten. Eta orain mugi ipurdia eta hoa hemendik». Eta nik, abagunea aprobetxatuz, lasterka egiteari ekingo nioke. Hiritik atera aurretik, hala ere, banketxe batean sartuko nintzateke, diru guztia lapurtzeko, eta bankuko baten bat ni geldiarazten saiatuko balitz, hura ere akabatu egingo nuke. Bezeroei entzuteko esaten gero: «ondo egina gazte, geuk egin behar genian lehenago, benga, hoa denborarik galdu gabe». Eta ni poltsa diruz gainezka dudala teilatuz teilatu saltoka, baina, kasu!, aurrez Senatuan edo Kongresuan edo Parlamentu madarikatuan sartu beharra daukat, berdin dit non egia esan, baina hori bai, tiroka sartuko nintzateke, Jainkoa madarikatuz, gaizto aurpegia ipinita. Eta behin barruan nagoela, mugitzen den politiko bakoitzari, pum! pum! eta pum!, eta jendeak ole! ole! eta ole!, besoetan eramango nindukete plazara, eta ama guztiak han beraien haurrekin argazki bat ateratzeko erregutzen. Eta hara!, ze kasualitatea, Justizia Jauregia bertan, banoa epaile pare bat garbitzera, zergatik ez? Hauek, ordea, ez ditut tiroka hilko, ezta pentsatu ere, hauek ostiaka akabatuko ditut, justizia jainkotiarraren izenean. Jendea, ordurako, pozez zoratzen: «hor doa gure justiziagilea» aldarrika, «aurrera, segi korrika». Eta zer dakit nik, bide batez, sobera ere ezagutzen ditudan pare bat multinazionalen bulegoetan sartu, eta espekulatu gabe, noski, to! to! eta to!, handik ez litzateke inor bizirik aterako. Eta banku handi hauetako bateko presidentea bahitu metro batzuk harago, eta sufriarazi, eta torturatu, eta gero, eskopeta atera eta buru parean jarrita, pum!, azkenik libre, eta biluzik. Eta mundu guztia inguruan, esanaz bezala: «gizagaixoa… erotuta dago, baina zein maitagarria den».

Albert Pla kantari eta aktore katalanak «Murieron por encima de sus posibilidades» filmeko eszena honetan esandakoek gogorarazten digute gaurkoa bezalako hausnarketa egun batean, ez dagoela eroarena edo haurrarena adinako koherentziarik munduan. Deitu zintzotasuna nahi baduzue. Nire izenean horrelako zerbait pentsatzea posible delako berez, baina, egunkari batean idaztea beste kontu bat litzateke. Kasu horretan, pentsatzen dugunaren gainetik esan ahal duguna dago, beste koherentzia mota bat, norbaitek nonbaitetik ezarri eta betazalik itxi gabe geure egiten duguna. Horregatik kokatzen dira eroak gizartetik kanpo eta horregatik dira gero eta aspergarriagoak diskurtso politiko gehienak –zeresanik ez hauteskunde sasoian–, iritzi batzuk ez direlako onargarriak normaltasuna ezartzen duen kode etikoarentzat. Baina horrek ez du esan nahi, iritzi horiek existitzen ez direnik, edo norbaitek pentsatzen ez dituenik. Eroek ere, inbutua gero eta estuagoa den honetan, beraien koherentzia mantentzen dutelako. Problema dator, psikiatra baten aurrean Albert Plaren antzeko burutazioak konbentzimendu osoz aitortzen dituzunean, seigarren alditik aurrera batez ere, zoroetxe batean denboralditxo bat pasatzeko aukerak ugaritu egiten direlako biziki. Parlamentuan gauza bera eginez gero, honezkero ez dago esan beharrik non bukatuko duzuen, ezta? Eta hor, tamalez, ez dago libratuko zaituen koherentziarik. Horregatik ere jarraitu behar dugu botoa ematen, zoroetxeetako biztanleen alde, ahal dugun guztietan, ezer gutxi aldatuko dela jakinda ere. Hiltzen garen egunean, bederen, inork ez dezan esan gure ero(so)tasunean koherente izan ez ginenik. •