02 JAN. 2016 Hauteskundeak Estatu espainiarrean Olatutzarren aroa 2010etik honako Estatu mailako bi gertaera politiko indartsuenak (Kataluniako prozesua eta Podemos) ez ziren gertatuko, ez behintzat duten izaerarekin, ezker abertzaleak aro berria ireki izan ez balu. Horrek sosegua eman beharko lioke EH Bilduri. Ahal Duguk igaro berri dugun hauteskunde kanpainan BECen egindako ekitaldia. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS) Dernière mise à jour : 04 JAN. 2016 - 11:08h Ramon Sola Espero gabeko emaitza utzi omen dute abenduaren 20ko hauteskundeek, eta are espero gabeagoa izan da Euskal Herrian gertatutakoa. Albiste onak, aurretik: azken bost urtetik hona, olatuak beti ezkerretik, eta erabakitzeko grinak hauspoturik, datoz gurera, bata bestearen atzean eta zein baino zein harroago. Bilduk olatu ederra altxarazi zuen 2011ko maiatzean eta Amaiurrek berdindu ez ezik gainditu egin zuen urte bereko azaroan: 334.000 boto. Ahal Duguk orain ezerezetik sortutako olatua are ikaragarriagoa izan da: 397.000 boto. Astindu bikoitzaren neurgailu paregabea dugu Donostia: glamour-ak, eskuinak eta botere faktikoek sendo dirauten arren, Bildu-Amaiur eta Ahal Dugu indar bozkatuenak izan dira ia jarraian, Gipuzkoako hiriburuak bere “gerriko gorriaren” antza hartuta. Ez dira txikiagoak barrualdeko olatuak. Duela bost urte inork gutxik iragarriko zuen Yolanda Barcinaren tokian Uxue Barkos egongo zela, Iruñeak EH Bilduko alkatea izango zuela eta 2015-2019 zikloan UPNren agintea ahuntzaren gauerdiko eztula izango zela. Bitartean, hainbesteko aparra utzi gabe Araba eta Gasteiz ere zeharo aldatuta ageri zaizkigu, naftalina usainaren ordez kresal freskoarena dariela. Denborak Ez dira olatu berdinak, jakina, bakoitzak bere altuera, norabide eta ezaugarriak ditu. Denboretan ere aldea dago. Bat-batekoa izan zen Bilduren olatutzarra; gogoratu behar da Bilboko Areatzan bildutako jendetzak hauteskunde kanpaina abiatzen zen gauerdian bertan jakin zuela Auzitegi Konstituzionalak koalizioaren zerrendak baimentzen zituela. Bat-batekoa ez, baina jatorrian azkarra eta beroa ere izan zen Amaiurrena; hilabete eskas igaro zen ETAk borroka armatua behin betiko uzten zuela iragarri zuenetik botoa emateko aukera izan zen egunera arte. Mantsoago joan ziren mugitzen urak Nafarroa aldean. Eta geldoago oraindik Ahal Duguren kasuan: itsasikara bost urteko hainbat burrunben ondorio da. Garaipen politikoak gizartean sortutako baldintzen fruitu direla gero eta nabariago da. Hegemonia politikoa lortu aurretik, gizarte mailako hegemonia eratzen dela ondorioztatu dute hainbat adituk. Nafarroan begi bistakoa da sekuentzia hori. Erraz irabazi zituen Erregimenak 2011ko bi hauteskunde haiek, baina 2012tik aurrera kalean gauzak sakonki aldatzen hasi ziren: Barcinaren Gobernuaren murrizketek, ustelkeria kasuek eta oinarrizko eskubideen aurkako erasoek mobilizazio ugari eta jendetsuak eragin zituzten, ordura arte beti elkarri bizkarra emanda jardun ohi zuten eragile aurrerakoiak bilduz. Uste berria eratzen joan zen gizartean, ia ohartu gabe: oso labur esanda, Nafarroa ez zen UPNk, PSNk, CENek eta abarrek aldarrikatzen zuten paradisua, gutxi batzuen poltsikoak betetzeko aukera paregabea baizik. Iritzi hori gizartean nagusi bilakatu ondoren, hautetsontzietako iraulia heldu zen. Ahal Duguren arrakasta ere behetik gora eta astiro joan da mamitzen. Nafarroako aldaketarekin batera garatu dela dirudi, bai daten aldetik bai eta edukien aldetik ere. Krisiak begiak bortizki ireki dizkio herritar askori, beren egoera propioa salatzeko kalera aterarazi ditu, eta, horrek, aldi berean, orain arte engainatuta egon izanaren autokomentzimendua indartu du. M-15eko kanpaldi hura 2011n gertatu zen, eta lau urte pasata gorpuzte politikorik ez zuela izango uste zenean, hor etorri da eztanda, su baxuan egozten joan izan balitz bezala; orain, bada, osagai guztiak nahastuta azaleratu dira bat-batean. “Hau ez da demokrazia” bezalako kontzeptuak gizartean sustraitutako uste bilakatu direnean, nolabaiteko naturaltasunez sortu da hauteskunde olatua. Horregatik, harrigarria izan badaiteke ere olatuak hartu duen indarra, ez da hain harrigarria azkenean olatua altxatu izana, gertatu dena gertatzea. Inflexioa, 2012an 2011ko Madril aldeko danbada hark merezi baino oihartzun eskasagoa izan zuen Euskal Herrian. Ulergarria da, jakina, orduan hemen irekitzen ari zen agertoki berriak arreta guztia bereganatzen zuelako eta egiazkoa zelako: gertaera politiko historiko egiaztagarria genuen aurrez aurre eta ez zalantzaz beteriko ameskeria. Areatzako suaren ondoren, kea baino ez zirudien Puerta del Sol-eko hark. Urtebete geroago, Ahal Dugu oraindik ez zen usaindu ere egiten eta Pablo Iglesias ‘‘La Tuerka’’-tik “La Sexta”-ra jauzitxoa baino ez zen ematen ari. Baina Euskal Herrian 2011ko bi haiek baino are garrantzitsuagoa zen hauteskunde lehia genuen aurrez aurre: Gasteizko Legebiltzarrekoa. Oso laburtuta, bi aukera zituen EH Bilduk, bidea egiten segitzeko: jada trabatzen hasia zen baina oraindik indartsu zegoen gatazkaren konponbidearen agenda nabarmentzea (bere egutegi propioarekin, alegia) edo krisi ekonomikoaren ondorioz hedatzen ari zen ezkerreko ildoa lehenestea (kalean nagusitzen ari zena, beraz). Lehenaren alde egin zuen, hautagaien aukeraketak berak argi islatu zuenez. Eta emaitza txukunak lortu bazituen ere, ez ziren izan aurreko urtekoaren parekoak: 277.923 hiru herrialdeetan, Estatu mailako hauteskundeetako 285.290 botoen azpitik. Ezkerrean konpetentziarik ez zenez, inor ez zen larritu, baina orduan hasi zen azaleratzen EH Bilduk goia joa zuela, agenda hark ezin zezakeelako jende gehiago erakarri, ez behintzat estatuek bere garapena blokeatzen segitzen bazuten. Ordutik honako hiru urteotako bilakaera inertziaren ondoriozkoa izan da. Hala, ezker abertzalearen estrategia aldaketa ausartagatik izugarrizko gorakada azkarra izan zuen olatuak, gatazkaren konponbidearen itxaropenaren tsunamiak, behin kostalde guztia zipriztindu eta itxuraldatu ondoren, atzera egin du emeki-emeki (bigarren astinaldi baterako iniziatibarik ez da izan). Eta bitartean, abiadura askoz motelagoan abiatzen ari zen «suminduen» gizarte mugimendu sakona itsasikara itxura hartzen zihoan, gorabehera askorekin baina hedatzen eta hedatzen. Esan liteke nonbait bidean gurutzatu egin direla gorantz zetorren Ahal Duguren olatua eta apaltzen ari zen EH Bildurena, eta ur tanta askorentzako erraza izan dela batetik besterako jauzia ematea. Bestalde, iraganeko fideltasun politikoen eredua agortuta, modako indarraren boto-emaile izatea gauza atsegina eta estimatua da; 2011n jada horrela bazen, 2015ean are gehiago. «Zutik Euskal Herria» Ez luke EH Bilduk etsipenean erori beharko, ez eta malenkonian ere, olatutzarren aro honen aitzindari, duda izpirik gabe, bera baita. 2009-2010ean ezker abertzaleak hartutako erabakiek mugitu dute guztien oinpeko lurra eta hortik ari dira ateratzen fenomeno politiko berri ezberdinak. Azken hauteskunde hauetatik aparte-edo geratzen den beste aldagai bat ere txertatu behar da analisian: Kataluniako burujabetza prozesua, hau ere lurrikara sakona, 2010. urte hartan sinestezina zena. Perspektiban jartzea zaila bada ere, atzerako politika-fikzioa erabiliz, erraz asko uler dezakegu ez Kataluniako prozesua ez eta Ahal Duguren egungo posizioa ere ez zirela horren indartsuak izango Euskal Herrian armen bidezko talka oraindik ere albistegietako osagai nagusia izango balitz. Krisiak eragin handia izanda ere, begi bistakoa da erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria Iglesiasen eskuliburutik zeharo alboraturik egongo zela baldin eta Podemosek Estatu osoan alderdi erabakitzaile bilakatu nahi bazuen. Kataluniako aldarrikapen demokratikoak, bitartean, ETArekin lotuko zituzten Madrilgo botere ezberdinek, gizartean gehiengoak lortzea oztopatuz. ‘‘Zutik Euskal Herria’’-ren seme-alabatzat har ditzakegu, hortaz, bata zein bestea: Kataluniako prozesua eta Ahal Dugu. Izango ez dira ba euskal prozesua eta EH Bildu bera, bidean despistean-edo norabidea galtzen ez bada...