09 JAN. 2016 Intuizioa saiatzen Saioa Aginako Psikoterapeuta Urte berri bati eman diogu ongi etorria. Gure kulturan Jesus jaio zen egunetik zenbatzen ditugu urteak egutegian, eta gertakari hartatik 2.016 urte pasa dira jada. Hala ere, gizakiaren aztarna munduan askoz ere lehenagotik ageri da; baita, gizakiarekin batera, inguratzen gaituzten tramankulu, aurkikuntza eta asmakizun ezberdinena ere. Gizarteek garapen eta bilakaera handia izan dute; bizitza ez da sortu zeneko garai hartan bezalakoa. Aldaketa asko pentsamendua garatzearen ondorioz etorri dira, eta horrek garunaren bilakaera bera ere suposatu du. Esperientziak ekarritako ezagutza eta gizakiaren jakiteko grina batuta, pentsamenduaren bilakaera heldu zen. Geroztik, gizakiaren ezaugarria izan da pentsatzeko gaitasuna, animaliengandik ezberdintzen gaituen ezaugarrietako bat, gaur egungo gizarteetan aintzat hartutakoa. XVII. mendean filosofia zientziatik banandu zen eta gaur egungo “zientzia” kontzeptua jaio zen, gertakari objektibo eta behagarrietatik abiatuta sortzen den ezagutza arrazionala, egia bakartzat kontsideratzen dena. Horretarako metodo zientifikoaz baliatuta, arazoa gainditzeko hipotesi bat eraikitzen dugu eta hipotesi hori egiaztatzen saiatzen gara abanikoan agertzen diren aukera guztiak aztertuz. Argi dago bide hori, ezagutza lortzeko eraginkorra izan arren, ez dela erabakiak hartzeko biderik labur eta samurrena, gehienetan urteetako saiakerak behar baititu; gure espezieak, ordea, badu eguneroko bizitzan zenbait aukeraren artean arrakastarekin emaitza egokia topatzeko erabiltzen duen bide inkontzientea ere, intuizioa alegia. Intuizioa erabiltzen dugunean, garunak jatorri ezezagunetik datorren ideia bat oparituko baligu bezala sentitzen dugu. Pentsamenduak lur azpitik egiten duen lana da intuizioa, inkontzienteki prozesatzen dugun informazioa, alegia. Intuizioa emozioekin erlazionatzen dugu; hori dela eta, ideia pentsatu beharrean sentitu dugun sentsazioa daukagu. “Intuizio” hitzak berak ere etimologikoki esanahia barneratuta dakarkigu latinetik: intueri, “barnera begiratu”. Pentsamendu logiko-arrazionalak, ordea, esan bezala, denbora luzeagoa eskatzen du, azterketetarako egiten duguna adibidez, ikastea. Gerd Gigerenzer arrisku eta erabaki hartze prozesuetan psikologo adituak, intuizioari buruzko ikerketak gauzatu ditu azkeneko urteetan emaitza benetan interesgarri eta esanguratsuak emanez. Bere aburuz, intuizioa aukera arrazionala erabiltzen duten eredu eta zenbait programa estatistiko baino hobeagoa izan daiteke. Aurrera eramandako ikerketetan erakutsi dute gizakiok zenbait erabaki hartzeko eskura daukagun informazioaren zati bat alde batera uzten dugula, ez dugula informazio guztia erabiltzen, laborategietan egiten dugun bezala. Bestela, nahasiegia izango litzake erabakia hartzearen erronka. Horrekin ez du esan nahi aintzakotzat hartzen ez dugun informazioa ez dugula ezagutzen, baizik eta ez dugula kontzientziara ekartzen eta horrela erabakia hartzera eramaten gaituen bidea, aipatu lez, laburragoa bihurtzen da. Beraz, intuizioa zentzumenen esperientziak emandako jakituria da, eta hori baztertu ezin dugun faktua da. Pertsonok ez gara metalezko makinak, gure inguruak ematen digun informazioa barneratzen dugu eta bertatik ikasten joaten gara, bizirik mantentzen laguntzen gaituen jakituria barneratuz, gure bizitza aurrera doan heinean; egunez egun, urtez urte. “Intuizioa” izena ematen diogun hori, esperientziek gure gorputzean eta pentsamenduan utzitako aztarnak dira; ezagutza horiek pentsamendu arrazionalari ezberdin zaion bidea hartzen dute eta gehien behar ditugunean ateratzen dira. Pentsamendu logikoa trebatu daitekeen bezala, intuizioarekin ere berdina egin daiteke. Horretarako, ordea, gure inguruan arreta jarri beharko dugu eta bost zentzumenekin mundua behatu, ukitu, dastatu, pentsatu, kontzienteki; gerora, inkontzienteki, uzta jaso dezagun. •