09 JAN. 2016 Zaharrak berri Antton Izagirre Urte zaharra itxi eta berria abiatzearekin asmo eta desio berriak jarri ditugu egutegian. Nonbait urtero geure buruari eta gizataldeari eginarazten diogu ohiko ariketa. Maila pertsonalean eragindakoak –intimitatean aitortzen ditugunak– alde batera utzita, baditugu urte berriarekin batera euskal gizartea aurrerabidean jartzeko desio eta premia bereziak. Errealitateari aurrez aurre so eginez, belaunaldi berrientzat lanaldi eta bizibide duina izateko eskubidea eskatzea ez da inolaz ere ameskeria, etorkizuneko gizartea era sano, integratu eta parte hartzailean garatzeko ezinbesteko eskaria baizik. Hori ezean gure gizartea mailakatu, zatitu eta etsipenean erortzeko arriskuan legoke. Nola eragin politikan, nola animatu gazteak politikan aktiboki integratzera, etorkizunik gabeko gizarte batean irautera kondenaturik diren, beste aurreikuspenik gabe bizitzera kondenaturik diren ustea gailentzen denean? Belaunaldi berriek eraiki behar duten gizarte berri horretan sinetsi behar dute. Nola bestela parte izan eta partaide sentiarazi? Lanik gabe edo zabor-kontratuek eskainitako etorkizunaren esklabo denak izan al lezake gizarte honetaz apustu egiteko motibo eta desiorik? Urte berriarekin konpondu gabeko arazo politiko zaharrak geratu zaizkigu: Kataluniako alderdi abertzaleen arteko konponezina, Estatu mailako gobernagarritasun eza, Euskal Herriko indar politikoen korrelazio berriak, presoen sakabanaketa eta mendekua, gatazkaren blokeoa... Hala ere, etorkizuneko euskal gizarteak prekarietatea, langabezia, pobrezia, duintasunik gabeko bizibideak gainditzea erronkatzat hartu behar ditu. Gabezi eta ezintasun sozial horiek gainditze bidean jartzen dituen belaunaldi berriak izango du kemena gainerako auzi politikoei eutsi eta aurre egiteko, baina gizatasuna ukatzen zaion gizakia ez da deus; borroka egin eta politikan konfiantza galtzeko arrisku latza du. •